Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

2024/09/23
democracia_digital_las_redes_son_nuestras.png
Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista diren Simona Levik eta Marta G. Francok, beren azken liburuetan, Digitalización democrática eta Las redes son nuestras, herritarren, teknologiaren eta demokraziaren arteko harremana berriro planteatzen dute, alternatiba bideragarri eta justuagoak eraikitzeko aukera zabaltzen dutelarik eremu digitalean.

Gorka Julio, Talaios kooperatiba (artikulu hau etzi.pm webgunetik hartu dugu cc-by-sa lizentzia erabilita)

Gaur egungo distopia digitala

Simona Levik, Digitalización democrática liburuan, kritika zorrotza egiten dio Internetek izan duen bilakaerari. Haren hitzetan, askatasunaren utopia izan zen hasieran, baina egun, gutxi batzuen esku dagoen espazio kontrolatu bihurtu da. Enpresari handiek gure eguneroko tresna digitalak kontrolatzen dituzte, hala nola posta elektronikoa edo datu biltegiratzea, eta milioika pertsonaren datuak haien esku daude. Levi-k argi dio: “lau edo bostek hartua dute hasiera batean libre izan behar zuen lurraldea”.

Bestalde, Marta G. Francok, Las redes son nuestras liburuan, kritika bera egiten du, Silicon Valley izan dela tresna digitalak eta horiekin lotutako narratibak kontrolatzen eta monopolizatzen aritu dena. Francok gogorarazten du Internet asmakuntza kolektibo bat izan zela, hacker mugimenduaren eta finantzaketa publikoaren eskutik, baina jatorri hori gero eta gehiago ikusezin bihurtu dela, enpresa handi gutxi batzuren monopolioaren mesedetan.

Kontrola berreskuratzea: digitalizazio demokratiko baterantz

Bi egileek azpimarratzen dute, nahiz eta gaur egungo egoera teknologia handien kontrolpean egon, Internet demokratiko bat berreskuratzea posible dela. Levik kode irekia erabiltzea proposatzen du oinarrizko zerbitzuetan, horrela, enpresa handiek duten kontrola hausteko. Horrela, sistema digital justuagoa eta herritarren ongizatean oinarritua bermatuko litzateke, interes komertzialen gainetik; horretan arlo publikoaren ardura ere nabarmentzen du Levik.

Bestalde, Francok ere ekintzarako deia egiten du, jadanik martxan dauden ekimen bideragarriak proposatuz. Horren erakusgarri da munduko zerbitzari eta superordenagailu gehienak software librearekin funtzionatzen dutela; beraz, Internet justuagoa eraikitzeko beharrezkoa den teknologia badago, baina Silicon Valleyren negozio eredua nagusitu da, eta software libre hori baztertu du.

Burujabetza digitala eta alternatiba berriak

Egile biek azpimarratzen dute burujabetza digitala lortzea funtsezkoa dela, bereziki Europan. Levi-k Europan izan dezakegun aukera azpimarratzen du eskubide digitalen defentsa sustatzeko. Gainera, teknologiaren arloan, publikoaren papera indartu, enpresa txikiei laguntzeko eta ekosistema kooperatibo bat sortzeko beharra ere aipatzen du, teknologiaren esparruan benetako alternatibak sor daitezen.

Francok gogorarazten du burujabetza teknologikoa ez dela soilik tresna teknologikoetara mugatzen, baizik eta ezagutza digitalaren kudeaketara ere hedatzen dela. Erreakzio kontserbadorearen eta matxismoaren aurrean, feminismoaren eta kolonialismoaren aurkako diskurtsoak teknologia justuagoak proposatzeko gai diren marko ideologikoak direla azaltzen du, non gizartearen ongizatea, ingurumenaren zaintza eta aberastasunaren birbanaketa bidezkoagoa jartzen diren erdigunean.

Ekintza kolektiborako deia

Biek herritarrak inplikatzera gonbidatzen dituzte, Internet demokratikoago bat berreskuratzeko. Levi eta Franco bat datoz aldaketak ez direla soilik araudi berrietatik edo ekimen indibidualetatik etorriko, baizik eta gobernuak, garatzaileak, erakundeak eta erabiltzaileak inplikatzen dituen ahalegin kolektibo batetik baizik. Francoren hitzetan, ez dugu tresna perfekturik behar, baizik eta zein esparru eta tresna diren egokiak pentsatu eta pragmatismoz espazio digital propio, autogestionatu eta justuagoak eraiki eta zaindu.

Teknologia burujabetza eta demokrazia lehenesten dituzten alternatibak proposatuz, egile biek mezu argia zabaltzen dute: Internet berreskuratzea posible da, baina horretarako modu kolektiboan jokatu behar da, espazio digitala ongizate komunaren mesedetan jarri behar baita, ez gutxi batzuen interesetan.

Agendan gorde

Dena ondo bidean bi egile hauek eta Marta behin baino gehiagotan izango ditugu hurrengo hilabeteotan Euskal Herrian.
* Urriak 2 arratsaldea: Marta G. Franco (Kaxilda – Donostia)
* Azaroak 15 arratsaldea: Simona Levi (Torrekua – Orereta/Errenteria)

Informazio eta testuingurua hurrengo asteetan.