Ipurdi-garbitzaile
Idurre Eskisabel, Berria 2017/09/16
Total, zer egiten duzue zuek ba? Lau ipurdi garbitu besterik ez! [esaten digute ugazabek]. Ipurdi-garbitzaile deitzen digute!».
Ez, esaldi hori ez da Charles Dickensen nobela bateko pertsonaia batek ebakia. Ez da ez beste mende batean ez gure garapen antipodetan irudikatzen dugun herrialde batean esana. Gaur eta hemen zu eta ni bezalako andre batek, pertsona batek, emandako lekukotza da. Berari esan diote: «total, zer egiten duzue ba? Lau ipurdi garbitu besterik ez!». Berari hala deitzen diote: «ipurdi-garbitzaile».
Ez dakit noiz hasi ginen nor garen eta zer garen bereizten; edo, zehatzago, zer garen hori nor izatearen ezaugarri muinekotzat lehenesten, nor izatea zer izatearen arabera gorpuzten. Baina susmoa dut joera horren orokortzeak lotura estua duela kapitalismoaren barne logika trinkoenarekin: hots, jendeon jarduera, beraz, bizitza, merkantilizatzearekin, eta balio sistema erabat arbitrarioan sailkatzearekin. Egin ariketa: zer naiz? Irakaslea, suhiltzailea, supermerkatu bateko apalategien hornitzailea, medikua, harakina, soldatzailea, administraria, bankuko langilea, zerbitzaria, diseinatzailea, erizaina, mekanikaria, garbitzailea, kazetaria, etxekoandrea, musikaria... Atera ondorioa: nor naiz? (Ariketa osoagoa izateko, gurutzatu osagarriok: enplegatzailea, autoenplegatua, enplegatua, enplegatu prekarioa, enplegurik gabea, epe luzeko enplegurik gabea, inoiz enplegurik izan gabea, beltzeko enplegatua, enplegu sareetara irispiderik gabea, emakumea, gizona... eta ikusi zein gurutzaketa gertatzen diren gehien, eta gurutzaketek nola eragiten duten nor izatearen azken emaitzan). Funtsean, nor izana zer izatearen menera makurtzea da efektua, subjektua objektu egitea. Prezioa jar diezaiokegun gauza.
Hain zuzen ere, gaur eta hemen zu eta ni bezalako andre bati, pertsona bati, ipurdi-garbitzaile deitzen diote ugazabek. Hala deitzen diote zaharrak zaintzea duelako bizibide; edo beste era batera esanda, gure jendarte antolaketaren ondorioz sortutako punta-puntako premia sozial bati erantzutea. Ipurdi-garbitzaile esaten diote zu eta ni noizbait izango garen bezalako adinekoen ongizateaz arduratzen delako: jaikitzen laguntzen dielako, janzten, orrazten, garbitzen, atontzen, botikak hartzen, jaten. Hitz egiten dielako, irribarre, laztan... Eta bai, pardela aldatu eta ipurdia garbitzen dielako: lehentasunezko egiteko bat, trebeziaz, jakituriaz eta arretaz bete beharrekoa, pertsona horien osasuna, duintasuna eta ongizatea bermatuko bada.
«Total, zer egiten dute ba? Lau ipurdi garbitu besterik ez! Ipurdi-garbitzaileak dira». Eta zu eta ni bezalako andre horrek, pertsona horrek, ugazabarengandik entzundako hori, uste hori, erabat pentsamendu zabaldua bada? Zeren eta nola liteke, bestela, zu eta ni bezalako andre horrek, pertsona horrek, eta Bizkaiko zahar etxeetan berarekin batera lan egiten duten beste ehunka andrazkok 300 egunetik gora greban bete, eta zuk eta nik zirkinik txikiena ere ez sentitzea barruan? Nola liteke dioskutenean «ipurdi-garbitzaile» deitzen dietela horren muinari darion deshumanizazio kiratsarekin nardatuta sumindura olde bat ez zabaltzea herritarron artean? Nola liteke enpresa horiei ordaintzen dieten administrazioetako agintariek, herritar denon ordezkariek, neurririk ez hartzea? Azaltzen digutenean 3 minutu besterik ez dutela pardel bakoitza aldatzeko, gehienez ere egunean hirutan egiteko baimena, eta hori, jakina, ez dela duintasuna ez eurentzat ez zaharrentzat, nola liteke larridura ikaragarri batek ez hartzea? Edota agertzen digutenean lan horiek denak beteta 1.100 eurokoa dutela asko jota soldata? Nola liteke hori dena aintzat harturik langile hauen greba ia urtebeteren buruan jendarte bulkadaz lehen lerroko albiste eta politikari guztiak dantzan dauzkan gertakari bihurtu ez izana?
Ez ote den zu eta ni bezalako andre horien, pertsona horien, lana , zer izatea, baliogabetuz baliogabetzen dugula haien nor izatea, hartara, geuk, eroso eta lasai, baliatu ahal izateko haiengandik —zuzenean edo zeharka, orain edo etorkizuneko proiekzioan— ateratzen dugun probetxua.
Kontua da, euskaraz ipurdi-garbitzaileak adiera literaletik haragoko esanahi indartsua duela. Eta gai honetan, makina bat ez ote garen ipurdi-garbitzaileak.