Irakasleak, haurreskoletako, heziketa bereziko, sukalde eta garbiketako langileak… martxoak 14 eta 15ean grebara!!!
Miren Zubizarreta, ELA irakaskuntza arduraduna (artikulu hau Zuzeun argitaratu da)
Hau horrela hiru sindikatuon artean adostutako aldarrikapenek ondorengo elementuak dituzte oinarritzat:
- Hezkuntzan inbertsio publikoa gehitzeko beharra
- Lan baldintzetan aplikatutako murrizketak atzera botatzeko beharra
- Hezkuntza publikoko sektore bakoitzean dauden prekarietate egoerei erantzun bat emateko beharra.
Jaurlaritzaren proposamenek hezkuntza publikoko sektore desberdinen egoera larriari buelta emateko neurri eraginkorrik ez dute suposatzen
2017ko Abenduan eta inoiz ezagutu gabeko jarraipena izan duten 5 greba egun ondoren, mahaiak desblokeatu eta ondorengo mahaietan aldaketa nabarmenik izan ez duten eduki partzial batzuk jarri zituen mahai gainean Jaurlaritzak lehenengo aldiz.
Proposamen haien inguruko balorazioa egin eta hiru sindikatuok argi ikusi genuen grebetera eraman gaituzten aldarrikapenetako batzuk bakarrik eta modu partzialean gainera erantzun zirela. Ondorioz, mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez genuela eta 8 greba eguneko egutegi bat adostu eta egin genuen publiko. Ondoren, Otsailak 12an Martxoak 14 eta 15erako greba deialdia erregistratu genuen sektore guztiak grebara deituz (irakasleak, haurreskolak, heziketa berezia eta sukalde eta garbiketa).
Jaurlaritzaren proposamenek hezkuntza publikoko sektore desberdinen egoera larriari buelta emateko neurri eraginkorrik ez dute suposatzen:
Irakasleei dagokienez
Egoera hau izanik, edukietan aldaketarik egon gabe zaila litzateke Jaurlaritzaren estrategian erori eta mobilizazioak bertan behera uzteko erabakia ulertzea
Matrikulazio hazkunde, ratio igoera eta heziketa premia bereziei aurre egiteko beharrezko liratekeenak baino 1.800 irakasle gutxiagorekin ari dira lanean, %38ko behin behinekotasuna dago eta ordezkapenik ez da egiten edo astebetera egiten dira. Honen aurrean Jaurlaritzak plantila gehikuntzarik gabeko, behin behinekotasuna %31ean uzteko eta ordezkapenak lehen egunetik soilik Haur eta Lehen hezkutzan egiteko proposamena jarri du mahai gainean.
Sukalde eta garbiketa:
Sektorearen %90a pribatizatuta dago, eta gainerako %10a pribatizatzeko arrisku larrian, %64ko behin behinekotasuna eta 55 urtetik gorako batazbesteko adina duen plantilarekin. Geroz eta lan karga handiago eta konplexuagoak dituzte, eta sektore publikoko soldata baxuenak (hezkuntzako batazbesteko soldatak baino %35 txikiagoak). 70 langile inguruk lan iruzurreko kontratuak dituzte. Egoera honen aurrean Jaurlaritzak ez du behin behinekotasuna jaisteko neurri zehatzik plazaratu, ez lan kargak nabarmen arintzeko neurri eraginkorrik edota sektore honetako emakumeek jasaten duten soldata arrakalari aurre egiteko proposamenik gauzatu ere.
Heziketa Berezia
ELAk, Sektore prekarizatuenetako eta feminizatuenetako aldarrikapenei gainerako sektorearen adinako balioa ematen die, garbi dauka, azken hamar urteetan Jaurlaritzak berak argi utzi digulako, honen negoziaziorako borondatea aurrean duen mobilizazio mailaren araberakoa dela
%58ko behin behinekotasun maila dago, plantilaren %90 osatzen duten hezkuntza laguntzaile espezialistek, hezkuntza lana egin arren, hezkuntzako batazbesteko soldatak baino %22 gutxiago kobratzen dute, ordezkoek ia urte osoa lan egin arren ez dute uda kobratzeko eskubiderik, heziketa premia bereziak dituzten ikasleak ezartzeko irizpideak asko gogortu dira, lan kargak eta lanaren konplexutasuna nabarmen hazi eta emakume hauetako askok 35 ordutik erabat aldentzen diren lanaldiak dituzte, 37,5 ordu edo gehiagokoak, batzutan 40,42 eta 45ekoak ere eta %20k lanaldi partziala dute. Arazo hauei buelta emateko behar adinako neurririk ez du planteatzen jaurlaritzak, behin behinekotasuna %34an utzi eta asteko gehienezko lanaldia 37,5 ordura mugatuz soilik. Langile hauek egiten duten hezkuntza lanaren aitorpen formaletik haratago lan honen benetako aitortza albo batera uzten du.
Haurreskolei dagokienez
Partzuergoaren beraren etorkizuna dago jokoan hileko kuota altuen ondorioz (210 € hilean) eta azken urteetako matrikulazio beherakadaren eraginez. Ehunka emakumek galdu dute lanpostua edo tokiz aldatuak izan dira, %41ek behin behineko kontratua dute, gehiagizko haur ratioak dituzte geletan, lan kargak nabarmen handitu dira eta hezkuntzako batazbestekoa baino %12 gutxiago kobratzen dute. Egoera hauei aurre egiteko neurririk ere ez dago mahai gainean.
Proposatutako neurriek apenas suposatuko duten inbertsio gehikuntzarik eta sektore guztietan 2010etik eta alde bakarrez Jaurlaritzak aplikatu dituen murrizketak atzera botatzeko ere ez dago inolako proposamenik, hala nola gaixotasun bajak zigortzeari uzteko, langile guzti hauek azken urteetan jasan duten %8 eta %15 bitarteko (gutxienez 17.200 € eta 41.100 € bitarteko eros ahalmen galera metatua 2010 geroztik) eros ahalmenaren galera berreskuratzeko edota erretiroa errazteko.
Grebara deitutako lau sektoreetatik hiru, bereziki feminizatutako sektoreak dira. Haurreskoletan, Heziketa Berezian eta sukalde eta garbiketan langileen %90etik gora emakumeak dira eta “kasualidadez” hezkuntza publikoko lan baldintza eta soldata prekarioenak dituzte aurrez azaldu bezala.
Egoera hau izanik, edukietan aldaketarik egon gabe zaila litzateke Jaurlaritzaren estrategian erori eta mobilizazioak bertan behera uzteko erabakia ulertzea. Are ulergaitzagoa oraindik, eta erabat larria berriz, sektore feminizatu prekarioenetan soilik deskonbokatzea, sektore hauetako aldarrikapenek eta edukiek gutxiago balio balute bezala.
ELAk, Sektore prekarizatuenetako eta feminizatuenetako aldarrikapenei gainerako sektorearen adinako balioa ematen die, garbi dauka, azken hamar urteetan Jaurlaritzak berak argi utzi digulako, honen negoziaziorako borondatea aurrean duen mobilizazio mailaren araberakoa dela, eta ziur gaude, eszenatoki konplikatuago baten baldin bagaude ere, sektore guztietan mobilizazioei jarraipena emateko gaitasuna erakusten badugu Jaurlaritzak mahai gainean jarritako proposamenak hobetzeko aukerak izango ditugula.
Horregatik, ez bakarrik irakasleak, baizik eta Heziketa Bereziko, Haurreskoletako eta Sukalde eta Garbiketako langileak Martxoak 14 eta 15eko grebetan eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditugu.