Islamofobiari ere ez!

2015/11/18
SeguridadGoierri.jpg
Parisko atentatu sorta deitoragarria bezain kezkagarria da horrek sortutako erreakzio katea. Gerra deklarazioez gain, asteburuan Moros fuera pintada egin dute Ordizian eta gaia hizpide izan den solasaldi orotan hamaika izan dira gisako adierazpenak. Islamofobia, definizioz, islamarekiko eta bidenabar, musulmanekiko beldurra adierazten duen sentimendua da. Horrek hedabideek eta enparauek hauspotutako bestearen eraikuntza interesatua du oinarri. Historikoki hainbat kolektibok bete izan dute bestearen hutsune hori. Judu, homosexual edota beltzek, kasu.

Mikel Urdangarin, Goierriko Hitzan argitaratua (Santiago Alba Ricoren Islamofobia liburuan oinarritua)

Egun, arabiar eta musulmanek, besteak beste. Honatx besteareneraikuntzarako hainbat gako:

Lehenik eta behin, bestea batasun homogeneo gisa agertzen da. Islamaz (moroez, pintadaren egilearen kasuan) hitz egiterakoan 1.400.000.000 pertsonez ari garela ahazten dugu. Hauek, erlijio musulmana nagusi den lau kontinentetako 54 herrialde guztiz ezberdinetan nahiz beste hainbat herrialdeetan barreiatuta bizi dira. Gainera, musulmanen artean ere makina bat korronte daude. Hasteko, suniak eta xiiak bereizi beharko genituzke. Breivik, Ratzinger, Messi, zu eta ni berdintzat jotzea bezain zentzugabea da musulman oro parekatzea. Are absurdoagoa, gutxiengo batek egindako sarraskiaren erantzuletzat komunitate osoa jotzea. Dena ez da EI. Aitzitik, EIk europarrak baino musulman gehiago erailtzen ditu.

Charlie Hebdoren aurkako erasoaren ostean, #JeSuisCharlie-ren atzetik sare sozialetako joera nagusia Musulman oro erail izatea argigarria da zentzu horretan

Bestea batasun homogeneo gisa agertzeaz gain, batasun negatibotzat jotzen da. Historikoki ere hala egin izan da, islama zientziarekiko eta kulturarekiko kontrajarria balitz bezala azalduz, adibidez. Era berean, islama biolentziarekin lotu ohi da, islama eta terrorismoa txanpon beraren bi aldeak bailiran. Nazio Batuetako datuei so eginez gero baina, zur eta lur geratuko ginateke. Herrialde arabiarretan eta musulmanetan Europan baino delitu komun eta biolentzia sozial gutxiago dago. Horrek herrialdeok paradisu bilakatzen ez baditu ere, gure ikuskera manikeo eta sinplista biluzten du.

Azkenik, Bestea aldaezina bailitzan azaltzen da. Ondorioz, ez dago elkarrizketarako aukerarik. Demokraziarekiko bateraezinak dira. Irtenbidea argia da: kanpo esku hartze inperialisten bidez edota menpeko tirano bat ezarriz, gu beraien “tutore— bilakatzea.

Bestea batasun negatibo aldaezin gisa agertzeak ondorio arriskutsuak ditu, oso. Charlie Hebdoren aurkako erasoaren ostean, #JeSuisCharlie-ren atzetik sare sozialetako joera nagusia Musulman oro erail izatea argigarria da zentzu horretan. Alta, 12 kazetari zuriren erailketaren aurrean arrazoi osoz eskandalizatzen bagara ere, milaka musulmanen erailketa naturaltasun osoz bizi dugu, orain 70 urte juduekin gertatzen zen legez. Iraganeko amesgaiztoak errepikatu ez daitezen gogoratzea komeni da.

Herritarron izua beraien interesen mesedetan hauspotu eta erabili nahi duten zenbait agintarik zein EIko kideek nahiko luketenaren kontra, ez gaitezen islamofobiaren tranpan jausi. EIk adierazpen askatasunaren edo demokraziaren kontra jotzen badu, adierazpen askatasuna eta demokrazia defendatu beharko ditugu. Ez berauek murriztu, zoritxarrez gure agintariek egiten duten eran. Bide batez, islamismo yihadistaren arazoari erroetatik heldu eta soluziobidea eman beharko zaio, arazoa elikatzen duten formula militarrak bazter utziz.