Joe Bidenek amaiera eman behar dio betiko moduan jokatzeko asmoari. Badauka nondik hasi

2021/01/29
biden.jpeg
Inoiz ikusi gabeko krisialdi honi Kongresuak eta Biden gobernuak inoiz ikusi gabeko ekintza batekin erantzun behar diote. Demokratek ausardia izan behar dute Estatu Batuetako gizarteari erakusteko gobernuak eraginkortasunez eta azkar erantzun diezaiekeela haren oinaze eta antsietateari.

Bernie Sanders, The Guardian egunkarian argitaratua.

AEBn Covid-19ak egunero hiltzen dituen 4.000 lagunek markak hausten dituzte; gobernu federala haztamuka dabil txertoen ekoizpenari eta banaketari, testak egiteari eta arakatzeari ekin nahian. Azken 100 urteetako pandemia okerrenaren erdian, 90 milioi amerikarrek baino gehiagok ez dute asegururik edo gaizki estalita daude, eta ezin dute medikurik ordaindu gaixorik daudenean. Pandemiak eragindako isolamenduaren eta antsietatearen ondorioz, buruko gaixotasunak izugarri handitu dira.

Estatu Batuetako langileen erdiak baino gehiagok nominatik nominara bizirauten du, eguneroko bizitza arriskuan jartzen duten funtsezko milioika langileek barne. 24 milioi amerikar baino gehiago langabe edo azpienplegatuta daude, edo lan bila joateari utzi diote, eta gosea, berriz, azken hamarkadetako mailarik altuenean dago.

Diru-sarrerarik ez dutenez, 40 milioi pertsona ere etxetik botatzeko mehatxupean daude, eta horietako askok milaka dolar zor dituzte alokairuetan. Hori, dagoeneko etxerik ez duten 500.000 lagunez gain.

Bitartean, herrialde honetan gehien dutenak askoz gehiago aberasten ari dira, eta errenta- eta aberastasun-desberdintasunak gero eta handiagoak dira. Sinestezina dirudien arren, mila milioi dolarretik gora duten 650 pertsonen aberastasuna bilioi bat dolar baino gehiago handitu da pandemian.

Pandemiaren ondorioz, herrialde horretako hezkuntza, haurtzaindegietatik unibertsitateetara, kaos hutsa da. Herrialde horretako gazte gehienen hezkuntzak etena izan du, eta baliteke ehunka unibertsitate laster desagertzea.

Klima-aldaketa planeta suntsitzen ari da; inoiz ikusi gabeko baso-sute eta muturreko fenomeno meteorologikoak ari dira gertatzen. Zientzialariek esaten digute oso urte gutxi geratzen zaizkigula gure herrialdeak eta gure munduak kalte konponezinak izan ditzaten ekiditeko.

Egoera horretan, AEBetako demokraziaren oinarriek aurrekaririk gabeko erasoa jasaten dute. Gure presidentea gogor ari da lanean AEBetako demokraziari erasateko eta gobernuaren beraren eta defendatu zuen konstituzioaren aurkako indarkeria xaxatzeko. Ebidentzia guztien kontra, dozenaka milioi pertsonak benetan sinesten dute Trumpen gezur handia: hauteskundeak aise irabazi zituela eta garaipena ebatsi dietela, berari eta bere boto-emaileei. Milizia armatu ultraeskuindar trumpistak mobilizatzen ari dira herrialde osoan.

Krisialdi honetan, Kongresuak eta Biden gobernuak bestelako ekintza batekin erantzun behar dute. Ezin da orain arte bezala jarraitu. Ezin dugu gauza bera egiten jarraitu.

Hemendik aurrera demokratek Etxe Zuria, Senatua eta Ordezkarien Ganbera kontrolatuko dituzte, eta gobernuak herritarrei erakutsi behar die beren oinazeari eta antsietateari azkar eta eraginkortasunez erantzun diezaiekeela. Senatuko Aurrekontu Batzordeko hurrengo lehendakaria naizenez, horixe egin nahi dut.

Zer esan nahi du horrek guztiak amerikar ertainarentzat?

Batetik, pandemiari modu oldarkorrean aurre egingo diogula eta aukera emango diogula jendeari bere enplegura eta eskoletara itzul dadin. Horretarako, beharrezkoa da gidaritza federaleko larrialdi-programa bat egitea, behar dugun txerto-kopurua sortzeko eta jendeari lehenbailehen injektatzeko.

Esan nahi du ere jasaten ari garen atzeraldi ekonomiko indartsuan bermatu behar ditugula amerikar guztiek duintasunez bizitzeko behar dituzten finantza-baliabideak. Lan egiteko adinean dagoen pertsona heldu bakoitzak eta haur bakoitzari 600 dolarren laguntza onartu berriaren ordez 2.000 dolar eman behar zaio, gutxieneko soldata orduko 15 dolarrera igo behar da, langabezia-sorospenak zabaldu behar dira eta etxegabetzeak, kale gorrian bizi beharra eta gosea saihestu.

Esan nahi du, bestalde, pandemia larri horretan jende guztiarentzako osasun-laguntza bermatu behar dugula. Nazioartean barregarri izateari utzi behar diogu, AEB baita munduko herrialde garrantzitsu bakarra ez diona baja medikorik eta amatasun-bajarik ematen lan egiten duen jendeari.

Esan nahi du 0-3 zikloa eta haurtzaindegiak unibertsalizatu egin behar direla eta familia guztien eskura izan behar dutela.

Besterik entzun baduzu ere, ezerk ez du galarazten hori guztia egitea. Aurrekontu-kontziliazio bidez -Senatuan gehiengo sinplearen botoa besterik eskatzen ez duen prozesua-, berehala jardun dezakegu eta larrialdietarako legeria hori onartu.

Baina hori ez da nahikoa. Aurten, gainera, bigarren kontziliazio-lege bat gauzatu behar dugu, gure herrialdeak premiaz behar dituen egitura-aldaketa handiak bilduko dituena. Errenta- eta aberastasun-desberdintasunaren maila izugarriari aurre egin behar diogu, eta jende guztiarentzat, ez gutxiengoarentzat bakarrik, lan egingo duen herrialde bat sortu. Amerikarrei ez litzaieke ukatu behar ia gainerako herrialde handi guztietan onartutako oinarrizko eskubide ekonomikoak.

Horrek bigarren kontziliazio-lege bat eskatzen du, ondo ordaindutako milioika lanpostu sortzeko, gure azpiegitura kaskarra berreraikitzeko eta etxebizitza eskuragarriak eraikitzeko, gure eskolak modernizatzeko, klima-aldaketari aurre egiteko eta eraginkortasun energetikoan eta energia berriztagarrietan masiboki inbertitzeko.

Esan nahi du unibertsitate publikoetan, lanbide heziketako ikastetxeetan eta historikoki beltzak diren ikastetxe eta unibertsitateetan tasak kentzea eta familia langileetako ikasleek jasaten duten zor eskandalagarriari irmo heltzea.

Era berean, amerikar aberatsenak eta gehien irabazten duten enpresak zerga-kuota ordaintzera behartzea esan nahi du. Ezin dugu onartu dirutza irabazten duten korporazioek, esaterako Amazonek, milaka milioi dolar metatzea eta zerga federaletan ezer ez ordaintzea. Eta ezin da onartu da aberatsek langile-klaseko estatubatuarrek baino tasa txikiagoa ordaintzea. Benetako erreforma fiskala behar dugu.

Joe Bidenek bi legeok proposatu behar ditu, Kongresu berriaren agintaldiko lehen 100 egunetan adierazitako helburu gehienak beteko baitituzte. Ezin dugu onartu Mitch McConnellek eta alderdi errepublikarraren zuzendaritzak milioika langile amerikarren bizimodua hobetuko luketen eta oso ezagunak diren lege batzuk saboteatzea.

Ezin dugu ahaztu errepublikanoek Senatua kontrolatzen zutenean kontziliazio-prozesua erabili zutela bilioi dolarreko zerga-onurak onartzeko, batez ere %1 aberatsenarentzat eta korporazio multinazionalentzat. Are gehiago, gehiengo soilez hiru magistratu eskuindar izendatu ahal izan zituzten Auzitegi Gorenerako, oso epe laburrean.

Errepublikanoek kontziliazio prozesura jo ahal izan bazuten jende aberatsa eta boteretsua babesteko, guk gauza bera egin dezakegu familia langileei, gaixoei, adinekoei, minusbaliatuei eta pobreei laguntza emateko.