Kapitalismo modernoak nola sortu zuen osasun mentalaren krisia
James Davies, Antropologia Soziala eta Psicoterapia irakaslea Roehampton-eko Unibertsitatean (Sedados. 2022, Ed. Capitán Swing; 265-270 orr.)
Prozesu garrantzitsu horiek ulertzeko, utzidazue 2013 urtera labur-labur jauzi egiten, David Owen Erresuma Batuko Kanpo Arazoetako ministroak Margaret Thatcherrekin lehen topaketa pertsonala izan zuen hartara, zeinetan, bera benetan ezagutzeko aukera izan zuen. [...]
Aurreko eszenak, ziurrenik, alderdi desberdinak nabarmenduko ditu hainbat pertsonarentzat. Nire ikuspuntutik, hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean Thatcher kapitalismo berriaren postulatuekiko zein fidela zen islatzen du; une hartan adierazi zituen iritziek koherentzia perfektua dute kapitalismo berriaren defendatzaileek sinetsi behar zuten zerbaitekin: lehen Estatuak konpondu beharreko arazotzat hartzen ziren zailtasun asko, norbanakoen ahaleginaren eta erantzukizunaren bidez hobeto landu zitezkeela. Beraz, Estatura jo beharrean, jendeak batez ere pentsatu behar zuen norberak zer egin zezakeen bere arazo korapilatsuak konpontzeko. [...]
Ideia hori gizarte-zerbitzuen murrizketa justifikatzeko erabili zen, baina Estatu murriztu bati lotutako indibidualismo hori xehetasun zehatzetan ere islatu zen, Thatcherrek David Oweni emandako erantzuna barne: mutil horren arazoak bere akatsen baten ondorio ziren, jatorri soziokultural edo ekonomikoko arazoren batengatik baino gehiago.
Laurogeiko hamarkadatik aurrera indibidualismoak izan zuen gorakadaren emaitza bat izan zen, beraz, jendea pixkanaka animatzen hasi zela bere baitan bere zailtasunen kausak eta irtenbide posibleak bilatzera. Barneko niaren birmoldaketa, ahalegin pertsonalaren, norberaren borondatearen, autolaguntzaren, kontsumoaren edo beste esku-hartze emozional batzuen bidez, inperatibo morala bihurtu zen. Ez da harritzekoa, barneko nia erreforma-gai nagusi bihurtzen zen heinean (dena bere buruaren, kontsumitzen duenaren eta bere zoria aldatzeko egiten duenaren mende dago), berekoikeria nazional berri bat loratzen hastea. Horrek Margaret Thatcherri, bere bizitzaren azken etapan, ezinegon eta nahasmen handia eragin zion. 2000ko hamarkadaren amaieran galdetu ziotenean bera lehen ministro den garaiaz zer deitoratzen zuen, benetan aberatsak behar adina zergapetu ez izana zela erantzun zuen: «Zergak jaitsi nituen, gizarte eskuzabal bat lortuko genuela pentsatuz, eta ez da horrela izan». Nahiz eta Thatcherrek berekoikeria gero eta handiago hori bere politika fiskalari egotzi, bazen beste arrazoi garrantzitsuago bat, zalantzarik gabe: askatasuna eta Estatuaren murrizketa maite zuen bere ekonomiak etengabe inposatzen zuen indibidualismo arranditsua; hori zen, benetan,bera hautemateko gai ez zen motorra.
Indibidualismoak espirituari eta konpromiso komunitarioari kalte egin ziela sarritan entzun izan dugu; ez gara hainbeste jabetzen, ordea, ondoez emozionalaren eta mentalaren gure interpretazioan eta horren aurrean ditugun erantzunetan izan duen eraginaz; nola gutxietsi zuen gure sufrimenduaren eragile sozialak eta egoerazkoak esploratzearen, ulertzearen eta erreformatzearen garrantzia. Ildo horretan, Thatcherrek David Oweni esandakoek agerian uzten dute, nire ustez, zein neurritaraino diren Estatu murriztuaren ekonomiak eskatzen duenaren ondorio logikoa: krisi pertsonalei erantzutea ez dago politika sozialen menpe, norbanakoen eraldaketaren, ekimenaren eta erantzukizunaren menpe baizik. Pertsona batek edozein gizarte-sistematan arrakasta edo porrota izatea eragiten duten arrazoien interpretazio ia darwiniarra eskatzen du horrek. Gure askatasunaren defentsaren izenean Estatua murriztean — hori da arrazoiketa —, jendea libre uzten ari gara ahal duen hobekien atera dadin aurrera, eta berdintasunezko jokaleku bat sortzen, non arrakastak edo porrotak gure erabaki, anbizio, ekintza eta gaitasun pertsonalek bakarrik baldintzatzen duten. Mundu naturaleko beste esparru batzuetan bezala, indartsuenen biziraupena da arrakasta, kapitalismo berriak antzera interpretatzen ditu gure zailtasunak eta nahigabeak. Gure gizarte-arrakasta gaitasun pertsonal handiaren adierazgarritzat jotzen da (sozialki pribilegiatua edo abantailatsua den egoera baten adierazgarritzat baino gehiago), eta gure gizarte-porrota gaitasun pertsonalik ezaren zantzua da (pobrezia-, diskriminazio- edo desberdintasun-egoera baten zantzua baino gehiago). Porrot sozialetik eratorritako sufrimendua — abaildura (distimia), beldurra (antsietatea) eta desmoralizazioa (depresioa) — urritasun pertsonal baten ondorio da (mutikoa ez da behar bezain handinahia), edo teknologiak egunen batean desagerrarazteko aukera emango duen gaitz mediko baten ondorio.
Duela ez asko, mintegi bat eman nion Londresko Imperial Collegeko medikuntzako ikasle talde bati, eta aurreko gogoetak azaldu nizkien eta ikasle batek galdera bota zidan: «Hau guztia oso interesgarria da, Davies doktorea, baina zer garrantzi du gure lan klinikorako ?». Erantzun nion orain gure zerbitzuetan nagusi den sufrimenduari buruzko ideologia koherentea dela kapitalismoak dituen lehentasun berriekin kausak norbanakoarengan kokatzen baititu. Gaineratu nuen hiperindibidualismo horrek eragina duela gure ulermenean, kudeaketan eta egunero aurkitzen dugun sufrimenduari emandako erantzunean. Barneratua dugun ideologiak garrantzia du, azken batean, gure lan guztia osatzen baitu.
Hori argitzeko, honako datu hau interpretatzeko eskatu nion taldeari: nola azaltzen da Erresuma Batuan psikofarmakoen preskripzio-tasa handienak gizarte- eta ekonomia-egoera ahuleko eremuetan erregistratzea, pobrezia- eta langabezia-maila handienak dituzten eremuetan? Kointzidentzia hutsa al da? Edo korrelazio hori kausalitateren bati dagokio? Jakina, erantzun zuten ez zela kointzidentzia, egoera sozial horiek (gabezia handiak, pobrezia, etab.) eragiten baitituzte, hain zuzen ere, gaixotasun mentalen tasa handiagoak.
Ondoren, esan berri zutenari arreta jartzeko eskatu nien, bereziki «gaixotasun mental» esamoldea erabiltzeari. Eta gaineratu nuen, gabeziak pairatzen dituzten pertsonek, ziur aski, egoera lasaiagoa dutenek baino askoz gehiago sufrituko dutela egia bada ere, zertan oinarritzen gara sufrimendu hori hizkuntza medikoarekin deskribatzeko? Erabiltzen irakatsi digutelako edo froga objektiboak ditugulako erabiltzen al dugu? Sufrimendu hori medikalizatzea hobea al da, sufrimendu hori, gizarte-zientzialari askok egingo luketen moduan, giza ondorio, ez medikalizatu, ez patologizatu, baina ulergarritzat jotzea baino? Agian — jarraitu nuen esaten — desberdintasuna, pobrezia, desabantaila sozialak (eta, izatez, baita pandemia ere) antidepresiboen merkatuarentzat hain albiste ona izatea, gizarteak eragindako sufrimenduari ematen diogun erantzun hain medikalizatu eta botiken aldekoak azaltzen du; guztiz koherentea da hori kapitalismo berriaren hiperindibidualismoarekin.
Urteetan zehar pertsona asko ezagutu ditut — profesionalki eta pertsonalki —, Emmak bezala, PHQ-9 eta GAD-7 bezalako galdetegiak bete zituztenak [mediku arrunt batek, bost minutuan, pertsona batek depresioa edo antsietatea zuen jakiteko Pfizer Pharmaceuticalsek sortutako galdetegiak]. Hala ere, nik dakidala, pertsona horietako inork ez zuen bere burua interes ekonomiko zabalago baten menpeko biktimatzat hartzen. Pertsona hauek diagnostiko horiek ez zituzten ikusten beren sufrimendua statu quo neoliberalaren mesederako birformulatzeko eta pribatizatzeko tresna gisa. Ez zituzten ikusten ere farmazeutika harraparien interesei hertsiki loturiko gain-medikalizazioari eta handinahiari lotuta. Ez ziren jabetzen tresna horiek, zoritxarra porrot pertsonal gisa adieraztean, beren sufrimendua etekinak sortzeko merkantzia bihurtzen zutela, eta, aldi berean, gobernuek sufrimendu emozionalaren egitura-determinazio sakonenak bere horretan uztea ahalbidetzen zutela.