Kapitalismoa bere erroetara itzuli da
Aiala Elorrieta Agirre, Manu Robles-Arangiz fundazioa, Berria 2014/12/21
Thomas Pikettyren Kapitala XXI. mendean liburuak desberdintasunen areagotzearen gaia mahai gainean jarri digu azken urtean. Era berean, desberdintasunen hazkundea egiaztatzera datozen bizpahiru txosten ere argitaratu dira azken hilabeteotan. Horien artean ditugu Eusko Jaurlaritzako Pobreziaren eta Gizarte-Desberdintasunen inkesta (PGDI), FOESSA fundazioak Espainiar estatuan egin duen gizarte bazterkeriaren inguruko txostena eta nazioarte mailan, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak kaleratu duena. Dokumentuok bat datoz desberdintasunen hazkundea zifratan demostratzeko orduan eta ildo bertsutik doazen neurriak proposatzen dituzte; fiskalitate eta gastu aurrerakoia alde batetik, eta politika publikoak diru-sarrera gutxien dituzten haiengana bideratzea, bestetik.
Ekonomia liburu batek hautsak harrotu izana, horixe bera da dudarik gabe, ekarpen handienetakoa: desberdintasunen gaia alde bateko eta besteko adituen ahotan jarri izana. Juan Torresen arabera, kapitalismoak ez du beste biderik uzten; gizarte kapitalistaren historia desberdintasunen historia izan da. Pikettyren ustetan ere, desberdintasunak areagotzeko joera kapitalismoaren baitako fenomenoa da eta desberdintasunen sortze horretan, jabegoak, ondareak, eta oinordetzak jokatzen duen funtsezko papera nabarmentzen du: oinordetzaren bidezko aberastasunaren transferentziak desberdintasunak gehitzeko duen gaitasuna, alegia. Ondare eta oinordetzari ematen dion leku hau, bere lanaren beste ekarpenetako bat dugu.
Pikettyren kalkuluen arabera, I. Mundu Gerra aurreko desberdintasun eredura iristen ari gara. Sasoi hartan, kapitalaren jabeek beren inbertsioetatik %4-5 inguruko irabaziak jasotzea espero zuten bitartean, ekonomiaren hazkundea %1aren bueltan mugitzen zen. Edota, Krugmanen hitzetan: «XIX. mendeko desberdintasun mailara itzultzeaz gain, kapitalismo patrimonialaren bidean ere bagaude. Ekonomiaren pisu izugarria familia dinastiek kontrolatzen dute, eta ez talentua duten pertsonek».
Ideia horri ñabardura moral bat gehitzen dio FOESSAk, aberatsen «sezesio moral» pairatzen ari garela dioenean. Aberatsenek ez diote gizarteari ezer zor eta nolabait esatearren gizartetik banandu dira. Gainera, gure gizarte-kontratua sinbolikoki merkataritza-kontratu bat bilakatzen ari da.
XX. mendean zehar zerga-sistema progresiboek aberastasunaren kontzentrazioa murrizten lagundu dute. Pikettyren iritziz, kaosaren emaitza iragankorra izan da hori, eta ez, berriz, demokraziak desberdintasunari aurre egiteko duen bide naturalaren emaitza. Bi mundu gerrak, hondamena, eta ondorengo oparoaldi garaia izan ez bagenitu, ez genukeen zerga-sistema progresiboaren onurarik lortzeko gaitasunik izango. XX. mendeko progresibitatearen arrakasta akzidentala izan den arren, liburua ixteko, zerga-sistema progresiboen eta aberastasunaren gaineko zergen gaineko aldarria egiten du.
OCDEren txostena Thomas Pikettyren ondorio berdinetara iristen da. Ebidentzia berriak erakutsi du desberdintasunek hazkundea oztopatzen dutela. Hortaz, desberdintasunak murriztera bideratuta dauden politikek, gizartea justuagoa egiteaz gain, aberastu ere egiten dute. Nazioarteko erakunde horren arabera, politika publikoek biztanleriaren %40 pobreenengan zentratu beharra dute. Pobreziaren aurkako programez harago doazen politikak behar ditugu eta ezinbestekoak dira zerbitzu publikoak, osasuna, goi mailako hezkuntza eta formaziorako sarbidea hedatzera doazen neurriak. Harrigarria da benetan errezeta horiek herrialde aberatsenen-klubetik etorri izana!
Desberdintasun handienak soldatapekoen artean ematen direla gezurtatu du Vicenç Navarrok. Aitzitik, desberdintasun handienak, kapital errentak jasotzen eta soldatapekoak diren pertsonen artean daude. Eta hauek ez datoz arrazoi ekonomikoek determinatuta, arrazoi politikoek zehaztuta baizik. Kapitalismoa bere bide naturala berreskuratzen ari da, bere erroetara itzultzen. Erradikalizatzen. Egoerari buelta emateko, sistema errotik aldatuko duten bideak behar ditugu.
Ekonomia sozialean dabiltzan mugimenduei dei egiten die FOESSA txostenak. Antonio Cuestak Elkartasuna eta autogestioa Grezian liburuan, krisiari aurre egiteko Grezian martxan jarri diren ekimenak bildu ditu. Arrakastatsuenak zeintzuk izan diren galdetzen zaionean, «ekonomia sozialarekin zerikusia dutenak izan dira», dio. Hori izan daiteke bideetako bat, oraindik ere sistemaren barruan dauden alternatibak, baina indartzen diren heinean, sistema bera iraultzeko gai izan litezkeenak. Polanyik ekonomia gizartetik banatu zela idatzi zuen. Ekonomia kapitalismotik deslotzeko garaia dugu orain..