Karitatea Osakidetzan justiziari gailentzen zaionean

2017/05/03
osakidetza.jpg
Amancio Ortegak 14 milioi euro eman behar omen dizkio Osakidetzari minbiziaren aurkako borrokan “tratamendurako azken teknologia eskuratzeko” (5 azeleragailu lineal erradioterapiarako eta mamografo bat) eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta Amancio Ortegaren Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute. Berri ona da dudarik gabe, bereziki gaixotasun gupidagabe honi aurre egin beharko dieten herritarrentzat, baina politika publikoen egoera kezkagarriaren isla da.

Pello IgeregiPello Igeregi, Osakidetzako arduraduna ELA sindikatuan

Osakidetzarentzat teknologia berri horiek egokiak eta beharrezkoak dira minbiziaren aurka behar bezala borrokatzeko? Orduan zergatik egon behar dugu Amancio Ortegaren karitatearen zain hauek eskuratzeko?

Eusko Jaurlaritzak, Alderdi Popularrarekin adostu berri dituen aurrekontuetan, uko egin dio Euskal Autonomi Erkidegoan sortzen dugun aberastasunaren tamainako osasun sistema publikoa izateari. Zehazki, Europako herrialdeetako aberastasunaren proportzio bera bideratuko bagenu hemen osasun arreta publikora, ia 1.500 milioi euro gehiago bideratu beharko genituzke. Europar Batasuneko herrialdeek bataz beste Barne Produktu Gordinaren %7,2 (Eurostat) bideratu zuten osasuneko gastu publikora 2015ean, hemen urte hartan %5a (Eustat) bideratzen genuen bitartean. Aurten onartutako aurrekontuetan %4,8a bideratzea erabaki dute EAJ, PSE-EE eta PPk.

Eusko Jaurlaritzak, Alderdi Popularrarekin adostu berri dituen aurrekontuetan, uko egin dio Euskal Autonomi Erkidegoan sortzen dugun aberastasunaren tamainako osasun sistema publikoa izateari

Gastu publiko anemiko honen atzean beste erabaki politiko bat dago, diru-bilketa nahikorik ez izatearena. EAEko hiru lurraldeetako diru-bilketa aztertzean bi elementu nagusirekin egingo dugu topo.

Batetik, EAE paradisu fiskala da, horregatik gure presio fiskala Europar Batasunekoa baino 8,6 puntu txikiagoa da. Bestela esanda, Europako bataz-bestekoz presio fiskala izango bagenu ia 6.000 milioi euro gehiago bilduko genituzke.

Bigarrenik, zuzeneko zergen %76,35 lan-errentetatik biltzen da, eta soilik %24,65a sozietate zerga edo kapital errenten gaineko zergetatik. Kontuan izan behar dugu Barne Produktu Gordinean lan-errentek %46,7 suposatzen dutela. Herri honetan sortutako aberastasunean lan-errentek duten pisuaren eta zerga-bilketan dutenaren arteko aldea eskandaluzkoa da.

Gehiegizko aberastasuna daukaten pertsonaia batzuek bere burua karitateaz zuritzen saiatzen dira. Baina gure politikariei ezin diegu karitatea sustatzea onartu, justizia soziala exijitu behar diegu

Horrenbeste zenbakirekin zoratu aurretik. Ondorioak argiak dira, EAEn soldatapeko langileek ordaintzen dituzte zergak eta horrekin bildutakoa ez da nahikoa Europan bataz-beste osasunera bideratzen den gastu publikora iristeko. Ez dago aberastasunaren banaketarik, guztiz kontrakoa, langile klaseak ordaintzen die osasun sistema aberatsei.

Gatoz Amancio Ortegaren 14 milioi euroak aztertzera. EAEko Amancio Ortega txikiek ez dute zergarik ordaintzen eta honek egindako dohaintza baten zain egon behar dugu Osakidetzaren ustez onak diren teknologiak eskuratzeko. Beste baterako utziko dugu gaixotasunei aurre egiteko teknologiarekin dugun obsesioa.

Amancio Ortegaren Fundazioko lehendakariordea gure Lehendakariarekin bilduta ikustean Charles Dickens-en liburuetako irudiak etorri zaizkit burura, txirotasunari karitateaz aurre egiten zaion garai bateko irudiak.

Gehiegizko aberastasuna daukaten pertsonaia batzuek bere burua karitateaz zuritzen saiatzen dira. Nik nahiago kontzientzia horrela zuritzen saiatzen diren aberatsak, hau bera apaizarekin aitorlekuan egiten dutenak baino. Baina gure politikariei ezin diegu karitatea sustatzea onartu, justizia soziala exijitu behar diegu, eta horretarako goian aztertutako egoerari aurre egitea eskatu behar diegu. Eusko Jaurlaritzak justiziaz errenta altuei dagokien ekarpena exijitu beharrean aberatsei milaka milioi oparitzen dizkie eta, ondoren, gure kontura pilatutako dirutzaren zati txiki baten dohaintza egitea eskuzabaltasun neurri moduan jasotzen du.

Goian azaldutako 1.500 milioi euro gehiago bildu eta osasun gastu publikora bideratuko bagenu Osakidetzak erronka izugarriak hartu ahal izango lituzke beregain. Adibide bakarra, diru horrekin egungo langile kopurua ia bikoiztu daiteke.

ELAk justizia sozialaren aldeko politikak eskatzen dizkio Eusko Jaurlaritzari, oinak lurrean eta kontzientzia txarreko pertsonen zain egon gabe.