Krisiak, trantsizioak eta ekologia
Pello Igeregi Santamaria, ELAko Negoziazio Kolektibo, Lan Osasun eta Euskara arduraduna. Galde aldizkarian argitaratua.
Bizi gaituen sistema ekonomikoak ziklikoki krisiak ditu. Krisi bakoitza ezaugarri ezberdinekin azaleratzen da, baina momentuan azaltzen zaigun mataza askatzean, hariari tira eginez, krisi ezberdinek sakoneko logika bat dutela ikus dezakegu.
Bigarren Mundu Gerraren ondorengo 30 urte “loriatsuen” ondoren, kapitalaren etekin marjinalak etengabe murriztuz joan dira. Etekin horiek mantendu nahian ordura arteko sisteman sakoneko aldaketak eragiten joan dira, eta egun bizi gaituen ziklo neoliberalean sartu gintuzten. Honek ez du esan nahi urte loriatsu horiek faltan bota behar ditugunik, sistema kapitalistaren urrezko aro hori munduaren iparraldean gizon zuriok bizi izan genuen garaia izan zen, emakumeen, hegoaldeko herrien eta planetaren esplotazioan oinarrituta. Edonola, petrolioaren krisiaren ondorengo enbata neoliberalak gizarte ezberdintasunetan, kultura heteropatrialkalean eta planetaren mugen gainetik aritzean etengabe sakondu du.
Egungo krisia soilik sanitarioa dela pentsa dezakegu, baina aipatutako mataza askatuz ikus dezakegu koronabirusaren aurretik ekonomiak, termino klasikoetan ulertuta, jadanik ahulgune sakonak azaltzen zituela. Gogoratu behar dugu ekonomilari entzutetsuen artean krisiak eztanda noiz egingo zuen eztabaidatzen zutela. Orain urtebete inork gutxik jartzen zuen zalantzan krisia egongo zenik. Produkzio materialen etekin tasa murriztuz ari zen berriro ere aurreko krisiaren errebote efektuaren ondoren, produkzio erreala ez zen hazten, Txina eta Estatu Batuen arteko gerra komertzialak mundu mailako merkataritza harremanak mantsotu zituen, soldaten debaluazioaren ondorioz eskari maila murrizten ari zen... Nire ustez garrantzitsua da “gaixotasunaren” diagnostiko egokia egitea konponbiderako errezetarekin asmatuko badugu. Hori bai, osasun krisiak berak ere ikasgaiak eman dizkigula ahaztu gabe.
Eta, era berean, garrantzitsua da aurreko krisi ekonomikoaren konponbideak eztabaida publikoan nola kudeatu ziren ondo oroitzea. Irakurleak gogoratuko du gobernarien aldetik bi garai oso ezberdin bizi izan genituela. Lehenik kontrizio garaia, sistema kapitalista berrasmatzeko beharraren garaia izan zen, ekonomiaren gehiegizko finantziarizazioan atzera egitekoa, merkatuen gehiegizko desarautzeari galga jartzekoa edo sektore publikoaren interbentzioa hazteko garaia. Politikarien barkamen ariketa horrek sostengu ideologikoa eman zien bankari izugarrizko diru-laguntzak esleitzeari eta zor publikoa izugarri hazteari.
Kontrizioak, baina, ez zuen berarekin penitentziarik ekarri. Eta momentuko barkamen eskearen ondoren, lehengo lepotik burua, banka eta kapitala bizirik mantentzeko emandako diru-laguntzak itzultzerakoan errudunak gu bilakatu ginen, gure aukeren gainetik bizi izan omen ginelako. Ondorioz, gehiegizko desarautzearen ondorioz sortutako krisi batetik merkatuak are gehiago desaraututa atera ginen (lan erreformak, CETA moduko merkataritza akordioak, sektore publikoaren doitze politikak, Konstituzioaren 135 artikuluaren aldaketa...). Eta ezin dugu ahaztu Europako estrukturek politika horien inposaketan jokatutako papera, bereziki estatukideen subiranotasunean edo herritarren erabaki demokratikoak indarrez aldatzeko izandako erabakimena “Maastricht”-en kaiola ideologikoaren inposaketa bitartez, Grezian inon baino hobeto ikusi ahal izan genuen bezala.
Hau ez da historia ariketa bat, egungo krisiari aurre egiteko ezinbesteko ikasgaiak gogoratzea besterik ez. Merkatuaren desarautzeak aberastasunaren banaketan injustizia besterik ez du ekarri, bereziki emakumeentzat eta hegoaldeko herrialde eta herritarrentzat eta, horrez gain, sistema hau elikatzeko ez dugu planetarik. Krisirik ez izateko sistema honek etengabe produkzioaren abiadura handitzeko gaitasuna behar du, horretarako merkatu berriak behar ditu. Azken hamarkadetan merkatu berri horiek aurretik kapitalaren logikatik kanpo zeuden espazioak merkantilizatuta (Harvey-ren desjabetzegatiko pilaketa) eta produkzio maila etengabe haziz lortu dira. Baina erritmo horri eutsiko dion planetarik ez dagoenez eta doitze politikek eragindako soldaten debaluazioaren ondorioz eros-ahalmena murriztuta, gasolinarik ez da etengabeko hazkunde horrentzako, ondorioz, ziklikoki krisiak izaten dira etekin tasen murrizketak eragiten dituen tentsioak askatzeko.
Trantsizio ekologikoaren aitzakiarekin hurrengo arpilatzea ari dira prestatzen. Europak izugarrizko funtsak mahaigaineratu ditu herrialde ezberdinek digitalizazioaren erronkari edo trantsizio ekologikoari aurre egiteko. Baina Euskal Autonomi Erkidegoan funts horien parte hartzeko aurkeztutako proiektuak aztertzea besterik ez dago argi izateko hemen ez dela trantsiziorik, krisi honen aurretik enpresa zehatz batzuek zeuzkaten proiektuak finantzatu behar ditugu (Petronor edo Iberdrola, esaterako), zor publiko bitartez proiektu pribatuak eta irabazi pribatuak finantzatzeko, ondoren gogoraraziko digute gure aukeren gainetik bizi izan garela eta gehiegizko zor publikoari aurre egiteko doikuntza politikak ezinbestekoak direla. Falazia hau errematatzeko, trantsizio ekologikoaren beharra aipatzen duten politikari berdinek diesel motorraren bizi-esperantza ahal beste luzatzeko diru-laguntza publikoak bideratzen dituzte, diru hori autogintzak eta bere langileek ezinbestean biziko duten trantsiziora bideratu beharrean.
Eredu produktiboaren eraldaketa ezinbestekoa dugu. Gure eredu ekonomikoak hiru gaixotasun larri dauzka egungo egoerari aurre egiteko.
Lehenik, ez dugu subiranotasunik. Euskal Herriko enpresek multinazionalen menpekotasun izugarria dute, zuzenean enpresen jabeak direlako ala gure enpresak multinazional horien azpikontratak direlako. Erabaki-eremuak Euskal Herritik oso urrun kokatzen dira eta gure instituzioek gaitasun oso murritza dute enpresa horietan zer eta nola produzitu behar den erabakitzeko. Enpresekiko subiranotasuna irabaztea ezinbestekoa da eredu produktiboa modu demokratikoan erabaki ahal izateko.
Bigarrenik, autogintzaren gehiegizko menpekotasuna dugu. Autogintza bidegurutze batean dago eta zein bide hartu behar duen erabakitzeke dago, nahiz eta konbustio autoa alboratuko den inork gutxik zalantzan duen.
Eta, hirugarrenik, bizitzaren erreprodukziorako ezinbestekoak diren sektoreei ez diegu behar duten baliorik ematen. Sistema ekonomikoak, neoliberalak zein sozialistak, funtzionatuko badu ezinbestekoa du, besteak beste, bizitza posible egiten duten zaintza, osasungintza, garraio publiko edo hezkuntza sistema indartsuak izatea, horiek gabe beste guztia ezinezkoa baita. Hori hala izanik, sistema sektore horien prekaritatearen gainean eraiki da. Osasun krisi honek argi erakutsi du oinarri horiekin ez dagoela ekonomia sanorik izaterik.
Ez da trantsizio errealik izango enpresa estrategikoen kontrol publikorik gabe, ez da trantsiziorik izango emakumeak nagusi diren sektoreei dagokien baliorik ematen ez badiegu, ez da trantsiziorik izango ekonomiaren birlokalizazio prozesurik gabe eta ez da trantsiziorik izango aberastasunaren banaketa justurik gabe. Eta trantsizioak trantsizio dira ez badira orain artean enpresa horietan lanean aritu diren langileen kontura egiten, hau da, langile horien etorkizuna kontuan hartzea ezinbestekoa da.
ELAk Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari trantsizio hori gidatzeko bi tresna eskatu dizkie, ERTEak osatzeko sistema bat enpresak ixtea eta langileak kaleratzea ekiditeko, eta enpresa horien birmoldaketa posible egiteko 2.300 milioi eurotako funtsa sortzea. Gidaritza politikoa ezinbestekoa izango da, politika behar dugu. Diru-irabazi asmo hutsa duten enpresen kontura uzten baldin badugu trantsizio honen gidaritza herritar xumeen eta langileen sufrimenduan oinarrituko da, justizian oinarritu beharrean.
Eta azken zalantza bat. Politikak bide honi ekiteari uko egiten baldin badio, 2008ko krisiaren irteera erreproduzitu nahi balu berriro langileon kontura enpresen etekinak elikatzeko, zer egingo dugu? Ez dakit gizarte zibiletik ez genukeen gure bidea eraiki beharko kapitalismotik deskonektatzeko, eta sistema goitik behera aldatzerik ez badugu, agian proiektu zehatzak hedatuz pitzadurak oinarrian eragin behar ditugu, baina hau hurrengo batean garatu beharko dugu.