Kutxabank: pribatizazioa ez da komeni zaiguna

2014/05/06
Kutxabank_.JPG
Sinestarazi nahi digute legeak pribatizatzera derrigortzen gaituela, baina hori gezurra da. Alternatiba bakarra dagoela esaten digutenean beste aukerak ezkutatzeko asmoz jokatzen dute. Are gehiago, Kutxabank kapital pribatuaren esku lagatzea izugarrizko arduragabekeria politikoa litzateke.

Azterketak29Dokumentuak 29: Kutxabank: pribatizazioa ez da komeni zaiguna

2011ko ekainaren 14an Banco Bilbao Bizkaia Kutxa eratu zen; bere bazkide-jabe bakarra BBK zen (elkarte anonimo unibertsala-SAU). Banku honek Kutxabank SA izena hartu zuen urte bereko abenduan, arrazoi komertzialak medio.

Presidenteen arteko akordioz, 2011ko ekainaren 30ean BBK, Kutxa eta Caja Vitaleko Administrazio-Kontseiluek, baita Bankukoak ere, hiru Kutxen Integrazio Kontratua onetsi zuten kreditu-erakunde talde bat osatzeko, zeinaren buru Bankua izango baitzen. Hots, Administrazio-Kontseiluek beren negozioa banku bati lagatzea erabaki zuten. Kontratuak aurreikusten zuen hiru Kutxen finantza-negozioa bereizi eta oso-osorik BBK Bank SAUren esku uztea, erakunde honetako akzio-partaidetzen truke (%57 BBKrentzat, %32 Kutxarentzat eta %11 Vitalentzat), Kutxen esku bakarrik bakoitzaren Gizarte-Ekintza propioa zein itunpekoa geratzen zelarik.

"Kontratuak aurreikusten zuen hiru Kutxen finantza-negozioa bereizi eta oso-osorik BBK Bank SAUren esku uztea, erakunde honetako akzio-partaidetzen truke, Kutxen esku bakarrik bakoitzaren Gizarte-Ekintza propioa zein itunpekoa geratzen zelarik"

Baina erabakia ez zen Administrazio-Kontseiluetan hartzen, hiru Kutxetako Batzar Orokorrek berretsi behar zuten. Operazioaren aldeko alderdiek (EAJ, PSOE eta PP) BBK eta Vital Kutxako batzarretan beharrezko gehiengoa zuten (2/3), baina ez Kutxako batzarrean.

2011ko irailean Bilduk akordio bat sinatu zuen BBK eta Kutxako buruekin (Mario Fernandez eta Xabier Iturbe, hurrenez-hurren). Akordio honek Administrazio-Kontseiluek erabakitako Integrazio Kontratua aldatzea zekarren (beraren nobazioa, alegia), eta EH Bilduk hiru kutxetako Batzar Nagusietan horren alde egiteko hitza ematen zuen. Beraz, 2011ko irailaren 16an BBK eta Vitaleko batzar nagusiek, eta irailaren 23an Kutxako batzar orokorrak, hiru erakundeek erabaki zuten hiru erakundeen finantza-jarduera guztia Kutxabank bankuari lagatzea, Integrazio-Kontratu haren baitan.

ELAren posizio historikoa izan zen Hego Euskal Herriko lau Aurrezki-Kutxen batzearen alde egitea (EAEko hirurak, gehi CAN), Aurrezki-Kutxaren forma juridikoari eutsiz. Beraz, bankarizazioaren aurka zegoen sindikatua. Posizio honekin bat, Kutxetako Batzarretan ezezko botoa eman genuen. Horrela jokatu zuen sindikatu bakarra izan ginen.

2011ko irailaren 21ean ELAk publiko egin zuen Kutxabank Bankua sortzeko posizioa. Aurka egoteko zein arrazoi genuen gogoratuko dugu; orduko agiriaren ondorioetan bildu ziren:


- Finantza-sektorean hasitako erreformetan beste urrats bat da, zeinen helburua baita sektore guztia pribatizatzea, Kutxei eragingarri izateko aukera galaraziaz (...) Kutxetan arlo publikoak pisu eta kontrol handiagoa izatea beharrezkoa zen, eta horren ordez bankarizazioaren bidetik jotzea erabaki da.

- Erakundeak jakitun dira norabide jakin batean aurrera egingo dutela; hain zuzen, hori adierazten du behin eta berriz aipatzeak aplikagarria den araudiak edota erakunde jakin batzuk derrigortuko dutena, pribatizazioen testuinguru honetan.

- Bankarizazioa izan da abiapuntuko erabakia, eta beste alternatiba batzuk baztertu dira. ELAren iritziz kutxak batu eta Kutxa berri bat sortzea zen biderik egokiena. Banku bihurtzearekin alde batera uzten da erreferentzia bat, desarautze gero eta handiagoko testuinguru batean.

- Kapital pribatuaren sarrerari ez zaizkio ateak ixten. Aitizitik, aukera hau irekita uzten da eta gauzatzeko bideak finkatzen dira.

- Haztea ez da irtenbidea. Erakunde handiak erori izan dira, eta, aipatu dugun moduan, banku europar handien osasuna ez da bat ere desiragarria.

- Aurrezki-kutxen eginkizun soziala kaltetuta geratuko da, eta ez soilik gizarte-ekintzari dagokionez. Atal honetara etekinen %30 bideratzea Kutxabanken erabakiaren baitan geratuko da, eta betiere eginbehar hau saihesteko modua izango du esanaz bere kaudimena hobetu beharra dagoela.

- Integrazio Kontratuak ez du aintzat hartzen Hego Euskal Herriko langileei hitzarmen propioa izateko zor zaien eskubidea. Gainera, Mahai Laboraelan erabakitako akordioak zehazten du Kutxek hitza eman dutela 2013 urtea amaitzerako Kutxabankeko langile guztientzako hitzarmen estatala sinatzea.

- Prozesua erabat iluna izan da, bat ere eztabaida sozialik gabea. Gauzak egiteko modu hau, non ez diren aintzat hartu erakunde sozialak eta sindikatuak, Kutxen eta alderdi politiko guztien hautu bat izan da.