[Bideoa] La Casa de Papel telesailaren inguruko mahaingurua: sistemaren kritika ala kritikaren sistemaratzea?
Hemen mahaingurua piztu eta girotu asmoarekin Maialen Akizuk idatzitako artikulua:
Baumanek, akaso gehiegi gustatu zaigun teoria likidoaren autoreak, dio kontsumismoa ez dela erabat desirak asetzea; gehiago dagoela lotuta desiretara bultzatzearekin, beti berriak diren desirekin. Hogeita seigarren eguna da norbere etxean sartuta, eta desio genituen larunbateko lagun jirak edo eskaparateetan ikusitako kapritxoak aldatu egin dira. Bizkotxo bat egiten dugu asperdura kentzeko, edo gelako txukunketak halabeharrez, baina desio desio, zer desio dugu egun hauetan? Bada mundu hobe batera itzultzea laster eta La Casa de Papel-en denboraldi berria hastea.
Ez nintzen berehalakoan kateatu telesailera: “Taldean egindako lapurreta bat, munstrorik eta dragoirik gabea, baina horiek bezain fikziozkoa? Paso!”. Baina ni ere tentatu (edo engantxatu) naiz lagunok, eta arrapaladan ikusi (edo irentsi) ditut kapituluak. Azken denboraldia bukatu berritan eta Nairobiren kopetako tiroa buruan dudala (ez zait batere ondo iruditu, portzierto) telesail honek zergatik egin gaituen bere pentsatzen jarri nahi nuke, egun, forma desberdina hartu duelako kulturak (ere), eta literatura-antzerkia-musika… d-e-n-a telebistan dagoelako, itxura bakarrik mantentzen duen telebistan.
2017an plazaratu zen La casa de papel Espainian. 2008ko krisiaren hasierako kolpeak pasa arren, EAEn hamarraldi honetan pobrezia larrian daudenak %46 egin zuten gora, pobrezia arriskuan daudenak %41 eta ongizate maila egokia galtzeko arriskuan daudenak %37. Denbora horretan, Espainian 15Mak plazak bete zituen eta Podemos alderdi politiko moduan antolatu zen, ETAk borroka armatua utzi eta armak entregatu zituen, sei greba orokor egin ziren Euskal Herrian eta Eskubide Sozialen Karta ere sortu zen.. Alternatiben Herria ere ordukoa da, Mugimendu Feminista zentralitatea hartua dago, Grezia soberaniari arreta jartzeko kolpe bat izan zen… Eta orduantxe sortzen du Atrasmediak Álex Piñaren zuzendaritzapean, La casa de papel,“Paperezko Etxea”. Izenburuak berak dirua ezerezetik ekoizteko okupaturiko moneta eraikinari egiten dio erreferentzia, baina era berean metafora bat da, etxeak gure egiturarik sendoenetako bat irudikatzen baitu (are konfinamentu garai hauetan) eta paperezkoa dela esateak hauskortasuna iradokitzen du: dena erori daiteke, zaparrada batek pikutara bota, etxea bezala lana, lana bezala bizitza. Paperezko Etxea ez da “aitaren etxea” (Eitb-k izen honekin telesail bat egin zuen 2016an. Arrakasta gutxi izan zuen, inork dudarik egin badu). “Aitaren etxea” defendatu egin behar da, norbaitena da, erasotua da… Paperezko etxea ez. Eta izenburuan bertan dago lehen diana eta lehen ikasgaia: etxeaz ezin dugu pentsatu zentzu tradizionalean, zentzu tradizionalean etxean bizi ezin garelako. Langile klasearen erronka etxeko langileen ahalduntzea den beste, etxeetan langileak ahalduntzea ere bada. Horregatik, nekez egingo ditugu kaleak gure, etxeak egiten besteei utzita.
La casa de papelek dikotomia asko hausten ditu itxuran: etxe baten izenburua darama, baina norbere etxetik (familiatik, herritik, sistematik) kanporatua izan zen norbanakoz osatzen da ekintza ikusgarria egitera doan taldea. “Legez kanpokoak” dira denak, eta Irakasleak (El Profesor) horixe du taldea osatzeko erabili duen printzipioa. Hala aitortu zion Tokiori lehen kapituluan: galtzeko gutxi dutenen bila nabil. Hala elkartzen dira Denver, Oslo, Berlin eta konpainia, hiri izena jarrita, euren identitatea ezkutatu eta harreman interpertsonalik ez izatea baldintzatzat dutela. Max Stirner-en “anarkismo indibidualista” kontzeptua erraz egokitzen da kontestura: klase berekoak dira denak, langile klase zapaldukoak, baina badirudi euren bizitza eskasa euren erantzukizuna izan dela. Biolentoak dira “berez”. Eta termino horietan planteatzen die Irakasleak egin beharrekoa: inoizko ekintzarik ikusgarriena egitea da euren lana. Sekula baino hobe ordaindutako lana egin behar dute, eta okupazio denboran, produkzioa handitzea (ahalik billete gehin egitea) izango da helburu. Lana = soldata; produkzioa = kapital ekonomikoa; ongizatea = dirua. Gero bai, bizitza ez da matematika eta harreman eta dimentsio ezberdinak agertzen dira telesailean. Gainera inorena ez den dirua sortu eta jabetzea da helburu (puntu honi inork tira egin nahi badio, avanti!). Sistema kapitalista kritikatzen duen produktu kultural gisa aurkeztu zen La casa de papel, eta nik ez nuke esango produktu batek esentzian eraldaketarako gaitasunik baduen edo ez duen; esango nuke, betaurrekoak kolektiboki eta zorrotz garbitzen ez baditugu, miopeak bihurtuko garela konturatzerako.
Betaurrekoak dituena, eta miopea ez dena, Irakaslea da. Gizartetik aparte bizi den genioa berau, jakintza deskomunalekoa, dibinitatearen aura duena… ni ere oooh eta oooh-ka ibili naiz bera entzuten. Baina, gizona nagusi eta inteligente, again. Rakel (polizia-burua) konkistatu zuenean hasperen handi bat egin nuen, eta oraindik ere, heroe eta antihereo foucaltianoen arteko harremanak perezatxoa ematen dit (zuri ez?).
Kolore gorria eta maskarak. Hara hor La casa de papelen ezinbesteko elementuetako beste bi. Kolore gorria odolarekin, suarekin, ezkerrerarekin lotu izan da, eta aspaldi gutxi xamar ikusten delakoan nago. Maskarak (Salvador Dalí-ren aurpegidunak) identitatea ezkutatzeko balio izateaz gain, bahituak (rehenak) eta lapurrak berdintzen ditu, eta jarraitzaileentzat identifikagarri dira. Azpimarratuko nuken hirugarren elementua kantua da. Una mattina, mi sono alzato, o bella ciao, bella ciao, bella caio, ciao, ciao… Letra oraindik ez dut ikasi, baina partisano italiarren kantua biziberritu egin da, eta beste forma bat hartu du XXI. Mendeko protestetan erabiltzeraino. Guk zein kantu dauzkagu? Zutik Emakumeak abestiak indartzen eta batzen gaitu? Edo Txoriak txori euskalduna bai, baina zeren alde egiten du, ze historia dauka? Langile klaseko diren zenbat identifikatzen dira internazionalarekin? Bella Ciao Bigarren Mundu Gerra osteko Italiaren ikur da, CLNk kontrolatu zuen gobernuaren eta antifaxismoaren kantu. Zein da gurea? Hasi pentsatzen edo sortzen!
Musika langile klasearen indargarri izan da. Ez da kasualitatea telesailean bertan Mosku izatea kantatzeko ohiturarik handiena duena. Mosku mehatzeetatik dator eta oso garbi dauka bera “azpikoa” dela, semeari hori transmititzen dio, eurak ez direla pentsatzeko jaio, ez galaiak izateko edo protagonistak. Protelargoaren irudikapen totala adierazten du Moskuk, eta publikoak ere hori ikusten dugu bererarengan: kariñotxoa hartzen diogu, baina ez dugu bera izan nahi, eta gu hori ez garela sinetsita gaude. Denver, Moskuren semeak, prekarizatutako klasea irudikatzen du. Kategoria marxistetan lumpenproletariadoa litzateke, hau da, lan mundurako sarbidea ere ez duen langile klasea, merkatuaren exijetziak bete ez eta legearen mugetan bizitzera kondenatuta dagoena. Ezin du bere lan-indarra erabili, baina ez da askea, ez da lan-indarra ez darabilen burgesia, odolberoa da, altu hitz egiten du, altu barre egin, ah ah ah, eta badirudi, Monika idazkariarekin maitemintzeak igotzen duela statusez. Monikak, ordea, baztertu egiten du laugarren denboraldian (esan dizuet spoilerrak zeudela) Denverrek Arturori emandako jipoia medio, eta “iraganeko mounstroa” berpizten zaiola kritikatzen du neskak. Bai, prekariook mounstro bihurtu gaitezke ulertu ezin daitekeen haserre bat daramagulako barrenean.
Kopon! Nola ez gara ba haserre egongo? Eta nola ez dugu ba haserre hori atera nahiko? Zintzo eta obediente nahi gaituzte, garai hauetan are gehiago, baina gure haserrea erabiltzen asmatu beharra dugula iruditzen zait. Ez garela bat edo bi haserre eta zapalduta gaudenak. Nola erabili dezakegu haserrea, nola bihurtuko dugu haserrea biolentzia, biolentzia eraginkor, armak eta odola ez duen biolentzia bat? “Arma bat eskuan duen ero batek, eskeleto batek baino beldur gehiago ematen du”. Lehen kapituluko Irakaslearen esaldi bat da eta bikaina iruditzen zait. Taldekideak halabeharrak daramatza ekintzara, ez da biziraupen soila, ez da mundua lehertzeko gogoa, kolpea emateko desioa sortzen die Irakasleak eta honek bere aitaren heriotza mendekatu nahi du. Ez dira batzen euren baldintza materialengatik, rol bat sinesten dute, kolpearen onurak imajinatu: isla batean bizitzea, kotxeak edo galdutako semea erresketatzea… Hau da sistemaren aurka jotzea?
Galdutako semea berreskuratzea da, hain zuzen ere, SuperNairobiren arrazoia. Eta pena ematen dit genero-ikuspegitik pertsonaia interesgarria den arren eta kanon europarretakoa izan arren (ez dio uzten ederra izateari), taldean egotearen arrazoia amatasuna duelako. Sofatik altxatzeko telesailaren esaldietako bat berea da: hasi da matriarkatua. Olé, olé, olé! Baina ez, ez zen hasi, Berlinek ordezkatu zuen bere postua eta bigarren mailako heroia bihurtu zen Nairobi (zen bai, zen…). Tokio da narratzailea, eta Nairobirekin duen laguntasuna edo “ahizpatasuna”, bere sabeleko orbaina deskubritzean hasi zen bereziki. “Emakumeen kontuak” beti emakumeen artean, again. Tokiok badauka protagonismoa baina betiko femme fatale bat da, desorekatua, desiragarria, irrazionala… narratibak bere gabeziak gehiago erakusten ditu bertuteak baino, eta plana askotan jartzen du kolokan. Emakumeak, badakizue, sagarraren tentazioari muzin egin ezin diogunak gara.
Luze aritu gaitezke feminismotik telesaila aztertzen. Raquel ere hor dago (gora Itziar!), gizonen munduko emakume indartsua, edo polizia bezain ama-alaba-maitale dena eta lanean indarkeria sinbolikoa etengabe pairatzeaz gain, indarkeria fisikoa ere jasan duena. Luze aritu gaitezke diskurtsoaz, antolaketaren hierarkiaz, poliziaren papera bai baina bestelako indar faktikoen presentzia faltaz… Baina oraingoz, honaino.
Erresidentzietako gatazka, segurtasun neurririk gabeko lan-jarduera, ERE bihurtutako ERTEak, kaleratzeak, epaiketak, miseria, injustizia… Sinestarazten digute hori dela dagokigun errealitatea eta bestela edo loteria erosi, edo apustu-etxeetan ibili edo garun marabilosoa duen Irakaslearen baten bila hasi. Ez dago horrelakorik. Baina aldaketak badaude eta eragin daitezkeela badakigu. Fikzioa errealitatetik sortua den bezala, errealitate berriak ekar ditzake fikzioak; imajinatu dezagun gure hurrengo asaltoa, zer kantatuko dugu denon artean, nola nahastuko ditugun autoritateak, zein izango da desiragarri bihurtuko dugun lorpen hori? Lisboa, Estokolmo edo Palermok nola jokatu duten ezagutu dugu, baina oraindik sortzeke daude Maule, Iruñea edo Bilbo.