Lan-harremanak desegiteko enpresa-estrategiak

2019/05/08
D44-EnpresaKulturaBerria_portada.jpg
Enpresa Kultura Berriaz hitz egiten dute ADEGI, Confebask eta Eusko Jaurlaritzak. Ez da Euskal Herrian pertsona batzuek izan duten okurrentzia, neoliberalismoa betikotzeko Mendebaldeko botere ekonomikoek bultzatu duten gerra kulturala baizik. Lan honetan Carlos J. Férnandez Universidad Autónoma de Madrid-eko irakasleak "management" diskurtso honen nondik norakoak azaltzen dizkigu, EAEko kasu partikularrarekin amaitzeko.

Dokumentuak 44
Lan-harremanak desegiteko enpresa-estrategiak

Carlos J. Fernández Rodríguez, soziologiako irakaslea Madrilgo Universidad
Autónoma unibertsitatean. Erakundeen soziologian, lanean eta kontsumoan
aditua da, eta bere azken lana "Poder y sacrificio: los nuevos discursos de la empresa" da (Luis Enrique Alonsorekin batera, Madril: Siglo XXI, 2018).

Deskargatu artikulu osoa

Sarrera

Azken urteotan, asalduzko garaiak bizi ditugu lan- eta enpresa-munduan. Krisialdi ekonomiko sakonak bereziki gogor kolpatu du Europa hegoaldea, eta horrek eragin sakona izan du langile-klasean. Hala, krisialdi ekonomiko hori gainditzeko gobernuek ezarri dituzten neurrien oinarrian langile klaseen bizi-baldintzak murriztea egon da, neurri handi batean. Espainiaren kasuan, higiezinen merkatua oinarri duen krisi sakona gainditzeko hainbat erreforma jarri dira martxan, denak ala denak banaketa berdinzalearen aurkakoak. Horren eraginez, ahalegin guztiak kaudimen arazo larriak zituen finantza-sistema bat salbatzera bideratu dira, eta industria-harremanen sisteman bat-bateko aldaketa bat pentsatu behar izan da. Erreforma horien funtsezko helburua izan da lanaren faktorea ahultzea kapitalarekiko, enpresen mozkinen jasangarritasuna eta irabazien tasa bermatze aldera: hainbat hamarkadatan indarrean egon den joera bati jarraitzen dio; hau da, gobernuek merkatu lehiakor eta dinamikoak nahi dituzte, nahiz eta horretarako eskubide sozial, ekonomiko eta zibilak galdu izan behar. Horixe da neoliberalismoa, hirurogeita hamargarren hamarkada bukaeratik indarrean dagoena. Neoliberalismoaren politikak hegemonikoak bihurtu dira esparru politiko, sozial eta ekonomiko garaikideak aurkezterakoan, eta gai izan dira langile klaseentzako hobekuntzen dinamika historikoa hausteko. Hori lortzeko, bistako hertsatze ekonomikoa eta desinbertsioaren xantaia (globalizazioak eta teknologia berriek kapitala mugitzeko ekarri dituzten abantailak erabilita) erabiltzeaz gain, gerra kultural bat erabili dute, modu benetan eraginkorrean; horren bidez, gai izan dira herritarren zati handi bat konbentzitzeko arautu gabeko merkatuaren eta enpresen arteko lehiakortasunaren onurez.

Management diskurtsoa egungo ideologia nagusia bihurtu da, eta enpresak jarri dira mendebaldeko gizarte gehienetako proiektu politiko eta ekonomikoen abangoardian eta erreferentzian, gizarteari eta herritarrei eskatuz enpresa eta merkatuen beharretara egokitzeko

Izan ere, gaur egun, enpresa-klasearen boterea lehen baino modu sotilagoan erabiltzen da; izan ere, lehen, klase horren metodoak zabarrak eta bortxazkoak ziren. Azken hamarkadetan, enpresaren, enpresarien, ekintzaileen eta, oro har, merkatuaren irudia asko hobetu da herritarren artean; aldi berean, sindikatuek, lanaren garrantziak edo politika publikoek sinesgarritasuna galdu dute. Horretarako, enpresa-ehundurako sektorerik dinamikoenek marketing kanpaina bikaina, eta, batez ere, ekintza politiko sendoa gauzatu dituzte, eta sektore horiek gai izan dira beste ideia-esparru bat eraikitzeko, beste zentzu komun bat ezartzeko. Zentzu komun berri hori alde guztietako gobernuek hedatu dute, baita hedabide handiek eta negozioen munduko askotariko erakundeek ere. Komunikazio-estrategia hori baliagarria izan da zentzu komun horren oinarri gisa erabiltzeko diskurtso berri bat eraikitzeko: diskurtso gerentziala edo kudeaketaren diskurtsoa, management diskurtsoa edo enpresaren diskurtsoa izenez ere ezaguna dena. Management diskurtsoaren kontzeptu hori sakonago aztertzen ari dira azkenaldian soziologiaren arloan (gehiago jakin nahi izanez gero, nire lanak erabil daitezke, baita nire kolaborazioak ere, soziologia kritikoan erreferente den Luis Enrique Alonsorekin batera: ikusi Fernández Rodríguez, 2007 edo Alonso y Fernández Rodríguez, 2013a, 2013b eta 2018); izan ere, egungo ideologia nagusia bihurtu da, eta enpresak jarri dira mendebaldeko gizarte gehienetako proiektu politiko eta ekonomikoen abangoardian eta erreferentzian, gizarteari eta herritarrei eskatuz enpresa eta merkatuen beharretara egokitzeko. Gaur egun, enpresen beharrizanak kontuan hartuta ikasi, egokitu eta bizi behar dugu; izan ere, mantra gisa errepikatzen da lehiatzea beharrezkoa dela. Horretarako, enpresek behar dutenaren kontra doazen gainerako proiektu guztiak bertan behera utzi behar dira.

Hori erronka handia da sindikatu garaikideentzat; izan ere, lan-harremanetan beti egoten diren soberakinak (ezin baitugu gizarte kapitalista bat ulertu jarduera ekonomikoak sortzen dituen soberakinak banatzeko gatazka erdigunean jarri gabe) areagotu egin direla dirudi, lan- eta sindikatu-eskubideetan izandako murrizketa sakonen eraginez, eta horrek gatazka gogorragoak ekarri dizkie sindikatuei. Gainera, sindikatuek testuinguru berri batean planteatu behar dute borroka hori; testuinguru berri horretan, negozioen mundua gai izan da hegemonia ideologiko bat eraikitzeko eta enpresa-jarduerari erakargarritasuna emateko; hala, herritar askok barneratu eta onartu dute oparotasuna izateko beharrezkoa dela enpresei bidea libre uztea. Horrez gain, langile-klaseetan funtsezko ideia baten hazia landatuko da: langilea banako bat da eta bakarrik dago, lankideekin lehian ari da eta izango duen euskarri bakarra enpresako zuzendaritzako kideek eta coachinga eskaintzen duten bertako psikologo taldeak emango dion babes afektiboa izango da. Batzuetan sinestezina ematen du, baina enpresen aldeko ideia horiek arrakasta handia dute gizartean, neurri handi batean behin eta berriro errepikatzen direlako hedabide handietan, izan enpresa-adituen ahotan, izan alderdi politikoetako lider eta exekutiboen ahotan, kontserbadoreak nahiz bestelakoak izan (eta hori egiten ez dutenek gutxitan hausnartzen dute gaiari buruz modu esplizituan). Gauzak ikusteko modu horri aurre egiteko borroka sindikatuen lehentasun bihurtu beharko litzateke; horixe azalduko dut datozen orrialdeetan.

Ondorioz, txosten honen helburua da diskurtso gerentzialaren, management diskurtsoaren edo "enpresa-diskurtsoaren" berri ematea, sindikatu batek (kasu honetan, ELAk eta bertako ordezkariek, baina gainerako sindikatuei ere balio die txostenak) informazioa izan dezan eta, hala, tresnak eta konponbideak sortzeko gaitasuna izan dezan, eraso ideologiko horren aurrean erresistentzia-estrategia bat garatzeko. Horretarako, lan hau lau zatitan banatuko dugu: lehen zatian, enpresa-diskurtsoaren (diskurtso gerentziala; gerentzialismo ere dei diezaiokegu) analisi bat aurkeztuko dugu: erabiltzen dituen kontzeptu nagusiak, erakundeen munduari ematen dizkion preskripzioak, langileei ematen dizkien preskripzioak (“enpresa-kultura“ izenekoa barne)... Bigarrenik, enpresen aldeko diskurtsoak sortzen eta hedatzen laguntzen duten erakunde eta eragile batzuk berrikusiko ditugu, labur; eragile eta erakunde horiek berebiziko rola dute ideia horiek modu masiboan onar daitezen. Hirugarrenik, ideia gerentzial horien kasu praktiko bat aztertuko dugu eta ADEGI Gipuzkoako patronalak sustatzen duen “Enpresa Kultura Berria" aztertuko dugu; management garaikidearen diskurtsoa inspirazio-iturri duten enpresa-politika berrien adibide bikaina da. Bukatzeko, ondorioak jasotzen dituen azken atalean, gerentzialismoaren eraginari buruz hausnartuko dugu. Horrez gain, kultur ikuspegi horri aurre egiteko zenbait tresna aurkeztuko dira, ikuspegi benetan kaltegarria baita langile klaseko kide askorentzat, epe labur, ertain eta luzean.