Langile baten aukerak
Txapis Otegi, Murgil komunitateko kidea (www.xomorrito.com)
Lehen esan dudan bezala erabat ados nago eraldaketa eta alternatiba sorkuntzari lehentasuna ematearekin. Jasotako belarrondokoak bata bestearen atzetik datozkigu ordea… eta jasotakoaren neurriko erantzuna ematea funtsezkoa iruditzen zait. Zaila iruditzen zait eraikuntza lana jasaten ari garen erasoei erantzuna emateari uko egiten badiogu. Eta eremu honetan harridura sortzen didaten adierazpen eta gogoeta asko entzuten ari naiz aspaldi honetan. Guztiz harritzen naute greba orokor bat izatearen aukera azaleratze orduko, eztabaida langilegoaren tresna honetan zentratzen duten gogoetek. Eta ez naiz ari ADEGI, PNV edo botere ekonomikoen aldetik jaurtitako kritikei buruz, langileon aldean eta politikoki ezkerrean kokatzen direnen aldetik entzuten ditudanez baino. Tresna zaharkitua; mundu honetakoa ez den egiteko modua (sic); ezertarako balio ez duena; greba kontinentala behar dela; aste beteko greba orokorra… hamaika teoria eta alternatiba desberdin langilegoaren tresna horri buruz. Buruari eragin beharko diogu sindikatuetan gabiltzanok borroka modu berri eta eraginkorragoak aurkitzeko, zalantzarik gabe. Baino…
Guztiz harritzen naute greba orokor bat izatearen aukera azaleratze orduko, eztabaida langilegoaren tresna honetan zentratzen duten gogoetek
- Borroka armatua baztertu dugu. Ez dira horretarako garaiak.
- Politikariak kaletik jarraitu eta nolabaiteko jazarpen bat egitea borroka armatuaren pareko da. Eta baztertu dugu.
- Barrikadak kaleetan jartzea indarkeria erabiltzearen pareko da. Fuera.
- Kutxazainak edo autobusak erretzea terrorismoa da. Ez digu balio.
- Piketeak biolentoak dira eta beldurra erabiltzen dute lan egiteko eskubidea zapalduz. Guk eskubideak bermatzen ditugu. Piketerik ez.
- Grafitiek herrietako hormak zikintzen dituzte eta denon diruarekin ordaintzen da horiek garbitzea. Ez daude udalak dirua horretan gastatzeko.
- Politikari edo enpresari batzuen ankerkeriak salatzeko hoien aurpegiekin egindako kartelez paretak jostea intentzio honeko pertsona hoiek edozein astapotroren jopuntuan jartzea da.
- Panfletoak kale eta lantokietan botatzea oso zikina da eta papera ez dugu birziklatzen. Gu birziklatzearen aldeko garenez fuera panfletoak ere.
- Megafonodun autoek kutsadura akustikoa sortzen dute hirietan eta herritarren atsedenerako eskubidea zapaltzen. Utikan megafonoak.
- Kale eta bideak isteak kalte haundiak sortzen ditu enpresetan eta herritarren libreki mugitzeko eskubidea zapaltzen.
- Zubi eta bidegurutzetan jarritako pankartak ez ditu inork irakurtzen eta plastikoa oso zikina eta kutsakorra da.
- Parlamentuak ezin dira inguratu.
- Plazak ezin dira okupatu.
- Web orrialdeei erasotzearen eragina 10 minutukoa da.
- Twitterren politikari batzuei koskobittoak ikutzen hasi eta berahala blokeatzen gaituzte.
- Eragile edo alderdi desberdinek deitutako manifa nazionalek ezer gutxi lortu dute azken 20 urtetan.
- Eta greba orokorrak ere ez digu balio arrazoi berberarengatik…
Zer da orduan egin dezakeguna? Zein dira langileon borrokarako tresnak? Ba jaun eta andreak nik ez dakit.
Nik greba orokorra babesten dut, funtsezkoa iruditzen zait. Baita piketeak ere. Pankarta, megafono, panfleto eta antzekoak ere. Kale eta bideak oztopatzea ere. Politikariei jazarpena egitea pegatinak erabiliz iruditzen zait lehen pausu bat besterik ez dela. Indarkeria erabiltzea inoiz ez dut babestu. Jasaten ari garena batez ere. Niri ez gustatu arren, ahulenek boteretsu eta zanpatzaileen aurka indarkeria erabiltzea neurri batean ulertzen dut . Dena dutenek gainera indarkeriaren monopolioa nahi izatea baina gehiago. Galtzen goaz? Bai. Azken greben ondoren ez dugula lortu egoerari buelta ematea? Ados. Baina hori ez dut uste greba orokorraren balio edo eraginkortasun eskaxagatik denik. Etsaia gu baina askoz hobe antolatua dagoelako baizik. Zein da enpresen asoziazionismo maila? Ez dauzkat datuak baina jokatuko nuke enpresak eta orokorrean kapitalisten asoziatze maila %80aren gainetik dagoela. Patronalak, lobby eta presio taldeak… Eta langilegoaren asoziazionismo maila? Zapalduona? Ezetz %50era iritsi!
Geure borroka eraginkorragoa egiteko iruditzen zait kuantitatiboki hobetu beharko genukela. Jende gehiago, greba gehiago, grafiti gehiago, jazarpen gehiago, blokeatutako kale gehiago, pikete gehiago…
Boteretsuago dira, errepresio tresna guztiak dituzte, tresna eta aukera guztiak erabiltzen dituzte batere lotsik gabe… eta antolatuagoak daude. Eta gu ditugun lau tresnak erabili ordez tresna hoien eraginkortasunaz eztabaidan. Innobazio eta antzerakoak egin beharrekoak dira, noski. Bide berrien bilaketan sakondu beharrean gaude, ados. Baina harritzen nau nola batzuek berrikuntza zapalduoi bakarrik eskatzen diguten. Kapitalak, botereak, ez du innobaziorik erabili gu zanpatzeko. Betiko tresnak, betiko indarkeria, betiko gosea, betiko pobrezia, betiko shock doktrina dabilzki gure aurka. Ez dakit zergatik tematu behar garen borroka modu berriak aurkitzen eta ez geure betikoetan sakontzen.
Geure borroka eraginkorragoa egiteko iruditzen zait kuantitatiboki hobetu beharko genukela. Jende gehiago, greba gehiago, grafiti gehiago, jazarpen gehiago, blokeatutako kale gehiago, pikete gehiago… ez al da gure ezaugarri nagusiena gehiengoa garela? Ba jakinarazi diezaiegun. Eta nere iritzi xumea besterik ez da, baina geure beldurrak astindu eta beldur hori alderdiz aldatzea lortzea da bidea. Errazegi hartzen dituzte herritarron aurkako neurriak, errazegi langileon eskubideen aurkako legeak. Borroka hau beldur gutxien duenak irabaziko du