Larunbatean, herri harresia Frantses Kanonaren aurrean

2026/11/24
A28 Herri harresia Biarritz KOntzentra.jpg
Euskal Herriko jendartearen hainbat esparrutatik mobilizazio herritar, jendetsu, alai eta irmorako deia egin dugu azaroaren 28an, 11:00etan, Biarritzeko Irati aretoaren aitzinean, Frantses Kanonari aurre egiteko eta Euskal Herri abegikor, solidario eta anitza aldarrikatzeko

A28 Herri harresia Biarritz.jpgFrantses Kanona (Canon Français) izeneko ekimenak otordu jendetsua antolatu du larunbat honetan Biarritzen. Ekimenaren aurka plazaratutako manifestuan salatzen dugunez, gastronomia, besta giroa eta frantses ondarearen defentsa aitzakiatzat hartuta, eskuin muturreko ideiak eta balioak jendartean hedatzea eta normalizatzea bilatzen du ekimen horrek. Pierre-Édouard Stérin milioidunak eta eskuin muturreko hainbat sektorek Frantses Estatuan hegemonia kulturala eskuratzeko abiatutako estrategiaren baitan kokatzen da.

Frantses Kanonaren etorreraren aitzinean, sindikalismoko, elkartegintzako, kulturako, laborantzako eta Euskal Herriko jendartearen beste hainbat esparrutako herritarrak eta eragileak elkartu dira, gorrotoa, zatiketa eta diskriminazioa hedatzen dituzten dinamikei aurre egiteko.

Manifestuan salatzen da, ustez arriskuan dagoen frantses identitatearen defentsaren izenean, herritarren arreta Euskal Herriak dituen egiazko arazoetatik desbideratu nahi dela: euskararen egoeratik, etxebizitza eskuratzeko zailtasunetatik, lan eta bizi baldintza duinak izateko beharretik, justizia sozial eta fiskaletik, zerbitzu publikoen defentsatik, krisi ekologikotik eta indarkeria matxista zein bestelako diskriminazioetatik. Manifestuak ohartarazten du Frantses Kanonaren sustatzaileen egitasmo politikoek arazo horiek konpondu beharrean larriagotu egiten dituztela.

Euskal Herria erbeste eta emigrazio herria izan da, faxismoa eta frankismoa pairatu ditu eta, gaur egun, harrera herria ere bada. Manifestuan Euskal Herri bizi, abegikor eta aurrerakoia aldarrikatzen da, aniztasunarekin eta elkartasunarekin engaiatua.

"Frantses Kanonaren aitzinean: herri harresia!" lelopean, larunbatean Biarritzen elkartzeko deia egin da, demokrazia, berdintasuna eta elkartasuna defendatzeko.

Manifestua irakurri eta izenpetzeko: https://labur.eus/KanonFrantsesa

Mobilizazioa: azaroak 28, larunbata, 11:00etan, Biarritzeko Irati aretoaren aitzinean.