M17: Hegemonia eraiki ala arrazoia duen gutxiengoa izan
Pello Igeregi, ELAko Negoziazio Kolektiboko arduraduna
Greba orokorra tresna gisa mundu osoan krisian dagoen mobilizazio moldea da. Mobilizazio egun hutsa bilakatu da eta produkzioa ez da geldiarazten. Greba egitea gero eta ariketa indibidualagoa bilakatu da eta greba egiteko eztabaida kolektiboen faltan langileak oso babesgabe geratzen dira greba egin ala ez erabakitzerakoan. Horretarako interes korporatiboak daude gobernu, patronal eta komunikabide nagusien aldetik. Hau ere Mugimendu Sozialistak salatzen duen estatuen autoritarismoaren parte da (pikete eta grebalarien kriminalizazioa hor kokatu behar da).
Gurean ere erronka da greba tresna politizatzaile eta produkzioa geldiarazteko ariketa izatea. Hori esanik, Euskal Herrian Europako beste edozein lurraldetan baino gehiago gelditzen da produkzioa. Martxoaren 17an Iparraldeko ELAko militanteak Hegoaldera etorri ziren eguna bizitzera, ahozabalik zeuden ikusten zutenarekin. Oso kontziente gara lurraldeen eta sektoreen arabera egoera ez dela berdina (gure indar-harremana ere ez), eta egungo greba eredurekin ezin dugula konformatu, baina daukaguna asko baloratzen dugu.
Eraldaketa sozialak, edo greba moduko tresna mobilizatzaileak, ez dira argazki finkoak, eraiki eta deseraiki egiten dira, horregatik prozesuan irakurri beharra dago. Azken greba orokorrekin alderatuta inflexio puntu bat ezarri dugu. Greba honetan (gutxieneko soldata hobetzeaz gain) gure buruari erronka bat jarri diogu, grebaren jarraipena hobetzea eta, bereziki kolektiboki erabakitzen diren esparruak handitzea (azken urteetan murrizte prozesuan zeudenak). Asanblada bidez eta kolektiboki bozkatuta greba egitea erabaki duten lantokiak bikoiztu egin ditugu 2020ko greba orokorrarekin konparatuta, eta bozketa egin den ia lantoki guztietan langileek grebaren aldeko erabakia hartu dute. Ez da nahikoa, baina hurrengo greba baterako are lantoki gehiagotan ariketa hau egiteko baldintzak sortu ditugu. Egungo egoera kritikagarria da, noski. Baina guk egindakoari balioa ematen diogu. Asanbladak horrela eginda langile klase kontzientzia sortzen dugu, grebaren arrazoiak kolektiboki eztabaidatzea langileria politizatzeko aukera bilakatzen da eta greba egin nahi duten langileek babes kolektiboa lortzen dute. Arrazoi du Danik, hau oraindik toki gutxiegitan egitea lortu dugu, baina egin duguna erabat kontrakorrontean egin dugu eta soilik Euskal Herrian egiten da.
Greba elite batek (burokrazia batek) erabakia izan omen da gure oinarrien interesetatik kanpo. Eta gainera aldarrikapena modu isolatuan plazaratu omen dugu eta ez da dinamika baten ondorio. Hau eskirolek grebarik ez egiteko erabiltzen duten aitzakia izateaz gain, ez da egia. Gutxieneko soldataren aldarrikapena gure sindikatuaren estrategiaren erdigunean kokatzeko erabakia orain bost urteko Kongresuan hartu genuen eta azken Kongresuan berretsi genuen (736 militanteren erabateko onespenarekin). Ondoren, gutxieneko soldata hemen erabaki eta igotzearen alde herri ekimen legegile bat aurkeztea erabaki genuen. LABek beste estrategia bat zuen eta lehian aritu beharrean elkarren aldarrikapenak bateragarri egin genituen.
Patronala interpelatzeko dinamika egin genuen lehenbizi. Ondoren hiru hilabete eman genituen sinadurak biltzen eta 140.000 jaso genituen. Hiru hilabetetan 140.000 sinadura jasotzeak eskatzen duen lanketa militantea izugarria da, milaka pertsona aritu behar dira sinadurak eskatzen. Martxoaren 17ko greba deialdia ezin da ulertu lanketa hori gabe. Eztabaida berriz ere patronalengana eta instituzioetara eraman genuen, eta beren ezezkoen aurrean greba orokorra deitzea erabaki genuen. Prozesu parte-hartzaile bat izan da hasi eta buka. Gure aldarrikapenak, gutxieneko soldata hemen erabakita 1.500 eurotara igotzeak, zuzenean gutxien eragiten zutenek egin dute greba gehien, eta beren zaurgarritasunarengatik antolatzen zailenak diren proletargoaren alde aritu dira. A ze klase eraikuntzarako ariketa politizatzailea!
Erabaki taktikoa zuzendaritzari dagokigu, baina gure oinarrien mandatu baten ondorio izan da eta denboran langileen atxikimendu zabala izan duen aldarrikapen batekin. Martxoaren 17tik aurrera ere jarraituko dugu presio egiten. Barka atrebentzia, urtarrilaren 31ko mobilizazioa egiteko prozesua parte-hartzaileagoa izan da? Burokraziaren aipua oso antisindikala suerta daiteke. Akaso CGTk, Solidarik edo CNTk greba deitzeko prozesu parte-hartzaileagoak egin dituzte?
Eta prozesua horrela egin dugulako gure militantzia izugarri harro aritu da lanean. 4.000 ordezkari baino gehiagok egoera politikoa eta greba eguna antolatzeko egun guztiko bileretan parte hartu du, azken hamarkadetako pikete jendetsuenak egin ditugu, inoizko asanblada kopuru handiena egin dugu (2.000 baino gehiago soilik ELAk)... Hau dena lurralde eta sektoreen arabera ere ez da uniformea, baina balio izugarria du. Balio izugarria du, bereziki, gero eta lantoki txiki eta sakabanatuagoak dauzkan lan-mundu honetan (emakumeak, langile migratuak eta gazteak nagusi diren lantokiak), gure militantziak milaka eta milaka langile banan-bana bisitatu izanak. Gure militantzia oso pozik heldu zen martxoaren 17ra eta oso pozik atera da martxoaren 17tik. Euskal Herriko langileria ere kultura kapitalista honetan bizi da. Antolakuntza kolektiboa eraikitzea ez da inorentzat erraza. Egindako hau dena gutxiestea injustua eta faltsua da.
Eraso baten aurrean erantzun beharrean, aldarrikapen baten alde aritu gara. Bi aukera genituen: egoera politikoari buruzko irakurketa abstraktu bat egitea, pentsatuta langileen mobilizazio handiak lortuko direla eta horrekin eraldaketa politiko eta soziala etorriko dela; edota, irakurketa politiko oso batekin koherentea den aldarrikapen zehatz bat egitea, gizartearen politizazioa eragin dezakeen aldarrikapen batekin eta bizi-baldintza materialak hobetzea ekar dezakeena, garaipen baten bidez hurrengo borroka bat elikatu ahal izateko. Guk bigarrena aukeratu dugu.
Kapitalismoak gutxienez hiru ezaugarri nagusi ditu egun: kapitalaren irabazi tasa marjinalen egiturazko murrizketaren aurrean, bigarren gerrate mundialaren ondorengo estatusa puskatzea irabaziak langileen pobretzearen kontura lortzeko; planetaren muga biofisikoen aurrean natur baliabideak arpilatzeko potentzia handien arteko lehia inperialista; eta, pobretze orokortuaren aurrean gizartearen kontrol sozialerako faxismoaren hedapena (horrekin batera kapitalen lehen pilaketarako instrumentalak izan ziren matxismoa, arrazismoa, kapazitismoa eta bestelako gorroto mezuen bidez). Gutxieneko soldata propioa lortzeak eta berau 1.500 eurotara igotzeak hiru erronkei erantzuten die, eta hiru erronka horien aurka langileak politizatzeko potentziala du. Horregatik eutsiko diogu eskaerari martxoaren 17aren ondoren ere. Mugimendu Sozialistaren aldarrikapenarekin zenbat langile aterako genituen kalera? Eta MSren bazkide izan diren sindikatuekin ze greba orokor egin zitekeen ELAren eta LABen greba gaitasunaz baliatu gabe?
Quid prodest? Guk mesedea langileei egin nahi diegu, ez alderdi bati edo besteari, gure asmoa ez baita alderdiak ordezkatzea, alderdiek langileen aldeko politikak egiteko presio soziala eraikitzea baizik. ELAren autonomia hori da. Martxoaren 17ko grebaren garaipen handiena Aitor Estebanek gutxieneko soldata propioaren defentsa Madrilen egingo duela aurreratzea da (greba orokorraren aurkako argudioen ondotik). Gu Gramscirekin gaude. Gure aldarrikapenen aldeko hegemonia kulturala sortu nahi dugu. Alderdi politikoen agendan ez zegoen aldarrikapen bat lehen lerrora ekarri dugu. Ondoren, alderdiek beren lehentasunak sindikatuon aldarrikapenen arabera moldatu nahi badituzte horri probetxu elektorala ateratzeko, izugarri! MSren lehentasuna eragileen ordezkapena lortzea izan daiteke, guk gizarte kapitalistak Euskal Herrian lortu duen hegemonia kulturala eztabaidatu nahi dugu, eta alderdi politikoak horren arabera aritzea beren egunerokoan. Egunen batean MS instituzioen kontrolaren eztabaidan sartuz gero hori berori egiten jarraituko dugu.
Ordezkatze logika horretan ELA eta LAB gaude? Hori da CGT, CNT edo Solidarirekin elkarlanean aritzearen arrazoia? Zilegi litzateke. Baina harritzen nau MSk ze balio gutxi ematen dion Euskal Herria Europako (ziurrenik munduko) greba kopuru handiena eragiten duen lurraldea izateari. Hori, besteak beste, ELAren erabaki estrategikoen ondorio da. Horrek gizartea erradikalizatu nahi duen mugimendu batentzat pagotxa behar luke. Hiru sindikatu horiek ez ditut ikusten gurean greba dinamika asko eragiten, ez orokorrak ez sektorialak ezta lantokietan ere (baten-batek BSH ixteko erabakia ontzat eman izanaren ohorea du).
Azken hausnarketa bat. Dagoenaren eta nahi denaren arteko bidean tentsio mobilizatzailea bilatzea du helburu ELAk. Dagoena onartzen duenik dago. Badago era utopia etengabe aldarrikatzen duenik. Eta bagaude utopiara bidean langileria mobilizatzen dituzten aldarrikapenak plazaratu nahi ditugunak, utopiara hurbiltzeko. Dagoena onartzen duenak ez du militantziarik sortzen (ez delako beharrezkoa) eta ez du errealitatea aldatzen. Utopia hutsa ez da mobilizatzailea modu masiboan (garaipenik ekarri ezin direlako masa-mobilizazioak bilakatu), baina militantzia aktibo eta kohesionatua lor daiteke utopia horien bueltan. Eta utopia errealitatez eraikitzeko mobilizatzaileak diren aldarrikapen zehatzak antolatzen dituztenak gaude (horregatik da Euskal Herria Europan greba gehien egiten duen lurraldea, horretan asmatzen dugulako) eta mobilizazio hauek egituraz politizatzaile bilakatu daitezke masa logika batean (honetan asko dugu hobetzeko). Guk hirugarren bide hori landu nahi dugu. Askotan ez dugu asmatzen, eta gure erronka nagusian (mobilizazioak politizazio sakonerako erabiltzea) beste eragile batzuek asko eragin dezakete, eragileak eta mobilizazioak ez badituzte gutxiesten.
Baina utopia garaipenez betetzen ez bada, utopia hori ez dago marjinalitatera kondenatuta? Helburua militante talde handi eta esanguratsu bat izatea da (egungo gizartean horrek izugarrizko meritua du) ala gizartea eraldatzea eta horretarako masa logika baliatzea?
