Maiatzaren lehena: kalera irtengo gara gauzak aldatzen diren arte

2016/04/18
diapoBUKAERA.jpg
Urtero, Maiatzaren lehenean, milioika langile irteten dira kalera lanaren eta lanen duintasuna aldarrikatzera; euren langile izaera harrotasunez adieraztera. Batzuek esaten digute mundua enpresek egiten dutela; enpresarik gabe miseria gorrian geundekeela, eta horregatik enpresario-klaseak eskuzabal oparitzen digun lanaren bidez berrerosi behar ditugula geure buruak.

Baina urtero milioika lagunek erantzuten dute mundua ez dutela enpresek egiten, berau zaintzen dutenek baizik, bizitzeko moduko inguru bilakatzen dutenek, enpresen, patriarkatuaren edo kolonialismoaren uztarpean dela ere… hots, lan liberatua aldarrikatzen dute. Langileek esaten dute gizon eta emakumeen lana dela aberastasunaren iturri bakarra, eta aberastea, gertatzen denean, besteen lana bereganatuaz izaten dela.

Deskargatu diapositiba aurkezpena


Urtero milioika lagunek erantzuten dute mundua ez dutela enpresek egiten, berau zaintzen dutenek baizik, bizitzeko moduko inguru bilakatzen dutenek

Aurtengo Maiatzaren Lehenak, beste urteetakoek bezalaxe, aurpegi konkretuak ditu: Diskriminazio gero eta handiagoa pairatzen duten emakumeena, soldata urriagoa jasotzen dutelako, edota zainketa eta bizitza sostengatzeko lana aitortzen ez zaielako. Gure artean etorkizuna izateko aukera ukatzen zaien gazteena. Gerratik eta miseriatik ihesi gure kontinentera ate joka aterpe bila datozen milioika langileena. Austeritatea inposatzen zaien klase xeheena. Edota gure herriaren aurpegia, zeinari ukatu egiten dioten oinarrizko eskubide bat, negoziazio kolektiboa.

Beren arazoak elkarrizketa bidez konpondu nahiko lituzkete, baina hori beti ez da posible; indarrari indarrez erantzun behar diote

Horregatik, urtero milioika langilek berresten dute kalean borroka kolektiboa behar-beharrezkoa dela. Beren arazoak elkarrizketa bidez konpondu nahiko lituzkete, baina hori beti ez da posible; indarrari indarrez erantzun behar diote, klaseari klase gisa jokatuaz. Milioika langile mobilizatzen dira Maiatzaren Lehenez antolakunde sindikala, kontzientzia hartze kolektiboa, elkarrekiko defentsa eta batasunak ematen duen indarra aitortzeko.

Halaxe egingo dute milaka langilek Iruñean eta Bilbon Maiatzaren Lehen honetan. Ateak irekita dituen Europa baten alde; emakumeen lana behar bezala aintzat har dadin; gure gazteentzako etorkizuna aldarrikatzeko; 1.200 eurotik gorako soldataren alde; bere etorkizunaren jabe den nazio baten defentsan. Maiatzaren Lehen honetan, baita hurrengoetan ere, gauzak aldatzen diren arte.