Manuel Delgado:«Arazo bat da arrazakeriaren aurkako joera hutsala, amultsua»

2014/01/02
Denok-gara-langile-klasea.jpg
Arantxa Iraola, Berria 2013/12/29 ; Manuel Delgado antropologoak (Bartzelona, 1956) immigrazioaren inguruan sarri eraikitzen diren azaleko arrazoibideen arriskuaz ohartarazi nahi du. Ikuspegi@k Gizarte Gaien Behatokiak gonbidatuta, lehengo hilean Bilbon izan zen. Hizkera zuzena du.

Elkarrizketa Arantxa Iraolak egin zuen eta  Berria egunkarian azaldu zen 2013ko abenduaren 19an

Immigrazioa hizpide, aniztasunaren eta desberdintasunaren arteko dikotomian sakondu duzu. Zer-nola?

Gogoeta bat plazaratu nahi dut ohartaraziz zenbait gairen inguruan oso zuhur jokatu behar dela. Usu asmo onez betetako ideiak izaten dira kultur aniztasuna, kulturartekotasuna, tolerantzia, errespetua, elkar ulertzea eta antzekoak, baina, zenbaitetan, oharkabean, jarduera baztertzaileak mozorro ditzakete. Azaldu nahi dut arazoa ez dela arrazakeria argia, ikusten dena; baizik eta arrazakeriaren kontrako joera hutsala, amultsua, irensten erraza, ez duena ezertxo ere auzitan jartzen. Ez dio heltzen, behar bezala, funtsezko arazoari; kontua ez da ezberdinak garela, baizik eta denak garela berdinak. Ez gaitezen engaina, bada arrazakeriaren kontrako mugimendu txeratsu bat soilik ikuskizuna eman nahi duena; ezberdintasunaren bertuteez mintzo da, baina gizarte bazterkeriaren politikak mozorrotzen ditu. Etorkinak kanporatzeko aginduak izenpetzen dituzten pertsonek ez dute skin itxura izugarririk: gorbataz jantzita dabiltza. Kuskusa jan dezakete etxean, eta harro hitz egin kulturen arteko ulertzeaz, edo etniekin lotuak dituzten kultur zaletasunez. Niri, beldur handiagoa ematen didate ezti-jariozko arrazoibide hanpatu klase horiek arrazakeriaren gogoetabide zaharkituek baino; izan ere, askoz ere lehenagotik erreparatzen zaie azken horiei.

Egiturazko beste hainbat arrazoibide —bidegabea den gizarte bati buruz mintzo direnak— desagertu egiten dira, ez da hitz egiten oinarrian dagoen arazoari buruz; eta giza esplotazioa besterik ez dago atzean

Eta zer erakutsi nahi da, zure ustez, jokaera klase horien bitartez?

Ba, jende askoren arazoa, milaka lagunena, beren kulturaren ondorio dela; ezin dute gure igualak izan beren usadioek, beren izaera edo beren gastronomia ez direlako gureak bezalakoak. Era horretako jokaerekin, euren bazterkeria egoeratik atera beharrean, oraindik ere gehiago bultzatzen dira zulora. Azkenean, giltzarria kultur aniztasuna dela argudiatuz, konponbidea elkar ulertzea dela esaten da: enpatia, elkarrizketa, trukea... Baina, era horretan, egiturazko beste hainbat arrazoibide —bidegabea den gizarte bati buruz mintzo direnak— desagertu egiten dira. Hori da arazoa. Etorkinen beste hainbat zailtasun; esaterako, lan munduan dituztenak, eta etxebizitza eskuratzeko ordukoak, horiek bigarren mailakoak dirudite. Eta, era horretan, ez da hitz egiten oinarrian dagoen arazoari buruz; eta giza esplotazioa besterik ez dago atzean. Hori da muina.

Baina bigarren mailan geratzen da zure ustez, eta, ondorioz, ezkutuan...

Etorkin horiek lan merkatuko lanik gogorrenak egitera etorri dira, guk egin nahi ez ditugun egitekoak betetzera. Langile klase berri bat dira: erdeinatua, gaizki tratatua, eskubide gabea, zaurgarria, edozein soldata kobratzeko prest dagoena

Arazoa da aniztasunari buruz aritzea, funtsean, bidegabekeriari buruz aritu beharrean; gizarteko asimetriez hitz egin beharko genuke, bidegabekerien inguruan. Benetako arazoak horiek dira. Pertsonen usadioak edo erlijioa ez dira arazo; ez dut esaten ez direnik kontu garrantzitsuak. Baina ez dira pertsona horien arazoen kausa. Aldiz, arrazoibide hori oinarri hartuta, emango du konponbidea enpatian dagoela, asmo onetan, ontasunean, nolabaiteko onkerian. Hori ari da gailentzen; eskoletan ere horren berri ematen da. Baina ez da arazoen kausa: motiboa gizarte sistema bidegabea da, gizateriaren zati bati emandako tratu txarretan eta indarrezko lapurretan oinarritutako eredua. Eta, gainera, zer, eta sinetsarazi nahi da haien egoera kulturaren ondorioa dela.

Etorkinen bizi-baldintza txarren gaineko zuribidea besterik ez duzu ikusten, beraz, joera klase horietan?

Etorkin horiek lan merkatuko lanik gogorrenak egitera etorri dira, guk egin nahi ez ditugun egitekoak betetzera. Langile klase berri bat dira: erdeinatua, gaizki tratatua, eskubide gabea, zaurgarria, edozein soldata kobratzeko prest dagoena. Eta ebidentzia horren aurrean, beren arazoak erlijio joeratara edo usadio bitxietara mugatzea zinez makurra da.


Errealitatea ahalik eta modurik errazenean erakutsi nahi du, errazkeriaz. Eta horrek dakar egungo gizarte harreman bidegabeak ez auzitan jartzea, eta, are gehiago, horiek era natural batean onartzea

Immigrazioaren inguruko estereotipoekin lotuta dago arrazoibide hori. Horrek ere ez du batere laguntzen...

Jakina, errealitatea ahalik eta modurik errazenean erakutsi nahi du, errazkeriaz. Eta horrek dakar egungo gizarte harreman bidegabeak ez auzitan jartzea, eta, are gehiago, horiek era natural batean onartzea. Horrek dakar, esaterako, lan eskua zenbait alorretan etnifikatzea, edo etorkinak, jatorriaren arabera, auzo jakin batzuetan bizitzen jartzea. Eta sinetsarazi nahi da gertakari horiek beren izaeraren ondorio direla, beren kulturaren emaitza. Eta horrek galarazi egiten du horren atzean dagoen giza esplotazioa behar bezala ikustea; XIX. gizaldiko lan baldintzak onartu behar izan dituzten langileak dira, etengabeko esplotazioan bizi dira, jazarpen egoera iraunkor batean, atxilotu ditzaketela pentsatuz kalera irteteko beldur... Eta, sarri askotan, sentimendu onak goretsiz, kontu horiei buruz baino gehiago hitz egiten da bitxikeriei buruz: beren usadioak, otoitz egiteko erak, sexu harremanak izateko moduak... Horiei buruz hitz egiten da, baina ez bizitzeko dituzten zailtasunei buruz.

Gogoetabide hori nola gainditu? Nola eman buelta mezuei?

Gakoa litzateke gizarte bidezkoago baten alde aritzea. Baina hori ez dago agenda politikoetan. Horietan, ontasuna aldarrikatzen da, eta horrek dakar ikuskizun bat egitea etorkinen aldeko miresleekin; karikatura bat bihurtzen du horrek dena, eta errealitatearen gaineko kezkarik ez du inork. Agerian utzi behar da horren atzean dagoen makurkeria.

Baina egia da kultur aniztasuna, zenbaitetan, gatazka iturri izaten dela gizarte barruan, ezta? Eta landu egin behar da gaia, eta jendea hezi ere bai horren inguruan.

Gertaera bat da kultur aniztasuna. Kito. Ez zaio buelta gehiagorik eman behar. Jakina da jende klase diferentea bizi dela; eta zergatik eskatu behar da baimena edo tolerantzia zerbait egiteko? Inork toleratu behar du ni homosexuala edo musulmana izatea? Nik horretarako eskubidea dut. Egungo arrazakeriak —eta arriskutsua da oso— zenbait pertsona zigortu nahi ditu etenik gabe azalpenak ematera. Zitala da hori. Gero, egia da: zenbaitetan kultur aniztasunarekin lotutako arazoak sortzen dira. Kontua da sarritan aparteko oihartzuna ematen zaiela; Gipuzkoako edozein herritan, esaterako, guraso musulman batek alaba bati piano eskoletara joatea eragozten badio, berehala hartuko du prentsak Islamak emakumeengan eragiten duen zapalkuntzaren eredu gisara.