Melanie Dufour-Poirier: "Sindikatuak joko zelai lokalean ari dira jokatzen"

2017/10/13
melanie.jpg
Sindikalismoak etorkizunari begira dituen erronkak ikertzen ditu Melanie Dufour Poirier-ek Montrealgo Unibertsitateko harreman industrialen sailean (Quebec). Gazteek sindikatuekin daukaten lotura urriekin kezkatuta dago. «Nire herrialdean lotsa ematen die sindikatuetara jotzea». Gizarte mugimenduetan, ordea, gazteen presentzia handiagoa dagoenez, uste du sindikalismoak «oinarrietara» itzuli beharko lukeela. Hau da, gizartea aldatzeko asmoa duen mugimendu bat izan behar duela berriz ere. Dufour Pourier Euskal Herrian izan zen hilaren hasieran, EHUko Lan Harremanen Fakultateak, Maiatzaren Lehena Aholkularitzak eta Manu Robles-Arangiz fundazioak gonbidatuta.

Lander Muñagorri, Berria 2017/10/13

Sindikatuen inguruan hitz egitean gogor aritzen zara, baina euren aurka ere ezin zarela egon diozu.

Ez, ezin naiz euren kontra egon, beharrezkoak direlako. Baina analisi kritiko bat egiten dut. Sindikatuek euren oinarrizko helburua galdu dutela uste dut, hau da, aldaketa sozialerako agente izatea. Horregatik, beharrezkoa da koalizioak sortzea gizarte zibileko beste eragileekin batera, gizarte aldaketarako eragile moduan lehen lerroan egoteko.

Sindikatuak eraldaketarako eragile izatetik lantegietara mugatu direla esan nahi duzu horrekin?

Nire herrialdean, lan esparruko legedian sindikatuei zilegitasun osoa eman zaie. 1944. urtera arte toleratuak ziren, baina enplegatzaileak euren presentzia onar edo bazter zezakeen negoziazio kolektiboan. Borroka ugariren ostean, gobernuak zilegitasun instituzionala eman zion, ordezkaritza sindikalaren monopolioa ere deitu izan zaionarekin. Izan ere, lan zentroetan sindikatu bakar bat egon daiteke, eta horrek defendatzen ditu langileen eskubideak. Enplegatzaileak, gainera, langileari kuota sindikala ordaindu behar dio derrigor. Orduan, sindikalista izan ala ez, sindikatuak babestu behar zaitu. Baina euren arrakasta instituzional horren biktima izan dira sindikatuak, eta gizartean zuten zilegitasuna galdu egin dute. Sindikatu batek ikasleen greba bat babesten badu, jendeak uste du hori ez dela euren lana. Legeak gizartea kutsatu du.

Gizartea aldatu da, baina langile klasea ere bai...

Behargin gehienak zerbitzuetan daude gaur egun, baina sindikatuetan ordezkaritza arazo bat dago, militanteetan ez delako hori ikusten.

Hala da. Ez gaude iraganeko klase homogeneo horretan, hau da, langilea industrian zebilen gizon zuria zen garai horretan. Behargin gehienak zerbitzuetan daude gaur egun, baina sindikatuetan ordezkaritza arazo bat dago, militanteetan ez delako hori ikusten. Eta horrek eragina dauka euren diskurtsoan.

Eta, bitartean, kapitala indartzen ari da esparru askotan. Sindikatua esparrua galtzen ari da?

Langileriak klase homogeneo izateari utzi dio, beraz, nola lortu klaseko diskurtso bakar bat izatea aurrerantzean ere? Erronka handi bat da hori, sindikatuek diskurtsoa berritu behar duelako.

Kapitalismoa indartzen ari da, bai, eta irabaziak izateari garrantzia handiagoa ematen dio. Horretarako lan baldintzak malgutzen ari da, eta finkoak diren langileen kopurua jaisten. Era horretan langile prekarioak nagusitzen ari dira. Oraintxe, langileriak klase homogeneo izateari utzi dio, beraz, nola lortu klaseko diskurtso bakar bat izatea aurrerantzean ere? Erronka handi bat da hori, sindikatuek diskurtsoa berritu behar duelako. Bide kolektibo bat lortzea da irtenbidea. Baina gazteak beste era bateko erakundeetan sartzen dira, mugimendu sozialetan, eta ez sindikatuetan. Eta hor agerian geratzen da belaunaldi aldaketarik eza.

Gazteei sindikatuan militatzea lotsa ematen diela diozu...

Bai, nire herrialdean behintzat, lotsa ematen die. Gero eta prekarizazio maila handiagoa dago, eta diskurtsoa ez da jendearengana iristen. Izan ere, jende askorentzat, sindikalista bat lan baldintza onak dituen behargin bat da, lanpostu finkoa duena. Eta askotan, gainera, ez ditu langileen beharrak entzuten.

Sindikatuetako kupulak oinarrietatik urrun daudela diozu, beraz?

Oinarrira itzuli behar dute sindikatuek, jokaleku politikoan parte hartu, eta horrek ondoren eragina izango du zure lantegian

Hala da. Goi kargudunek ezagutzen al dituzte beren oinarriak? Badakizu zer nahi duen bere jendeak? Oinarrira itzuli behar dute sindikatuek, jokaleku politikoan parte hartu, eta horrek ondoren eragina izango du zure lantegian. Zure ardura langileak ordezkatzea da, baina nor ordezkatuko duzu, eta zertarako? Sindikatuek [Quebecen] euren kuota lortu zutenean langileekin deskonektatu egin zuten. Sindikatu askoren arazoa hori da, baina soziologikoki zilegitasuna berreskuratzeko oinarrira itzuli behar duzu.

Sindikatuek mugimendu sozial bat izan beharko lukete? Hori da oinarrira itzultzea, ala hori baino gehiago da?

Mugimendu sozial bat izateak esan nahi du aliantzak sortu behar direla, eta borrokaren batekin batu behar bada, batzea. Gobernua interpelatu behar da.

Sindikatua goitik behera eta behetik gora elikatu behar den zerbait da. Mugimendu sozial bat izateak esan nahi du aliantzak sortu behar direla, eta borrokaren batekin batu behar bada, batzea. Gobernua interpelatu behar da, baina nola egingo duzu hori zure kantxan bazaude bakarrik? Gaur egun joko zelai global batean gaude, baina sindikatuak joko zelai lokalean ari dira jokatzen.

Eta nola lor daiteke hori? Borroka hori nola eraman jokaleku globalera?

Lan arauek sindikatuak lerrokatzea lortu du, baina autokritika egin behar dute. Ezin dute esan testuingurua errua dela, estatuaren jarrera epela dela, patronalaren gero eta oldarkorragoa dela, edo jendea gero eta indibidualistagoa. Ezin dira horretan oinarritu. Jendeari proposamenak egin behar dizkiozu, eurengana iritsi behar duzu. Arazoa ikusten utzi nahi diguten baino korapilatsuagoa dela uste dut. Jendea indibidualistagoa dela esatea bakarrik ez da nahikoa, analisian sakonera joan behar dugu. Sindikatuak borroka kolektiboak egin izan ditu beti; beraz, ikusi behar da zerk eragiten duen borroka kolektibo hori. Sindikatuetan badago ikuspegi identitario bat, ez da ematen dituen zerbitzuak bakarrik, bestela aseguru etxe bat kontratatuko lukeelako langileak. Horri eutsi behar zaio.