Menos samba e mais traballar

2015/05/27
viacampesina.jpg
Brasilen nekazaritza agroekologikoa esaten zaionari Ipar Euskal Herrian nekazaritza iraunkorra esaten zaio. Han ikusitakoa, beste indar batekin, beste errealitate batekin, hemen ere martxan da.

Unai Oñederra, Manu Robles-Arangiz Institutua, Landeia 205

Unai OñederraSamba, hilo dental eta caipirinha topatzea espero nuen, hori errepikatzen baitzidaten etengabe Brasilera nindoala esatean. Topiko tipikoak, guztion ahotan daudenak baina ez dutela zertan errealitatearekin bat egin.

Esaterako, nori ez diote esan janariarekin ez dela jolasten? Bada, horixe da egunero egiten dutena burtsan. Osasunarekin ere ez omen da jolastu behar, eta begira zer egin duen Nafarroako Erregimenak berarekin, CANekin egin zuen gauza bera: jolastu eta desagerrarazi.

Jolastu, boterea duenak soilik jolas dezake nahi duenarekin. Boterea duenak aukeratzen du zer den jolasgai, zeinek har dezakeen parte, arauak zeintzuk diren. Beraien esku dago erabakia; galdetu bestela Varoufakisi: Grezia independientea da, baina ez burujabea. Eta hori ez da patua, ez da halabeharra. Hori azken hamarkadetan hartu diren erabaki politikoen ondorioa da.

Multinazional eta finantza mundua hankapean jartzen joan da politika Reagan eta Thatcherren garaietatik hona. Baina ez da nahikoa, ez da amaitu saioa, prest da azken kolpea: TTIP du izena, estatuak muturreraino makurrarazi nahi dituen     hitzarmena.

Euskal Herrian, ere, aspaldi saldu genuen burua txapela erosteko. Kontsumitzen dugun energiaren %95a kanpotik dator. Jaten ditugun elikagaien ehuneko txiki bat baino ez dugu ekoizten. Midasen bertsio pobrea gara, ikutzen dugun guztia hormigoi bihurtzen da.

Elikadura burujabetza da La Vía Campesinak proposatzen duen alternatiba. Alternatiba, ez soilik agronegozioari, kapitalismoari berari baizik. Elikadura burujabetza ez da nekazarien kontua soilik, langile klase osoarena da

Agronegozioa vs. agroekologia. Caipirinha batzuk hartu genituen, Samba apur bat dantzatu genuen, baina ez genuen hortzetako haririk topatu, ez behintzat Rio de Janeiron topatzen diren modukoak. Gu, EHNE Bizkaia eta Bizilurrek gonbidatuta Euskal Herritik joandako dozenatik gorako taldea, Brasil hegoaldean izan ginen, eta bertan bi eredu kontrajarri topatu genituen: agronegozioa vs. agroekologia.

Lehena multinazionalena da. Brasil osoaz jabetu nahi dute, enplegurik sortzen ez duen esportaziorako monokultiboak hedatu, lurrak agrotoxiko eta transgenikoz pozoitzeko. Brasil hustu eta zikindu, Suitzako banku garbietan kontu korronteak betetzeko.

Bigarrena La Vía Campesina da. Lurrak nekazarientzat berreskuratu nahi dituzte, Brasilgo jendea modu garbi eta osasuntsuan elikatzeko. Enplegua sortuz, bertako haziak eta produktuak pozoirik gabe landatu eta ekoitzi, Brasilgo jendea hobe bizi dadin.

Elikadura burujabetza da La Vía Campesinak proposatzen duen alternatiba. Alternatiba, ez soilik agronegozioari, kapitalismoari berari baizik. Elikadura burujabetza ez da nekazarien kontua soilik, langile klase osoarena da. Brasilen ikusi dugu La Vía Campesina eta zenbait sindikaturen arteko elkarlana, nekazariek ekoizten dituzten produktu agroekologikoak enpresetako eta zerbitzu publikoetako jangeletan zerbitza ditzaten. Hori lortuz gero, langile zein zerbitzu publikoetako erabiltzaileak ongi eta osasuntsu elikatuko dira.

Brasilen nekazaritza agroekologikoa esaten zaionari Ipar Euskal Herrian nekazaritza iraunkorra esaten zaio. Han ikusitakoa, beste indar batekin, beste errealitate batekin, hemen ere martxan da. Elikadura burujabetzaren aldeko mugimendua sortzen ari da, Etxalde izenarekin: Euskal Herriko Vía Campesina. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, ere, elikadura burujabetzaren alde egin du. Gauzak horrela, orain, sindikatu eraldatzaileon erronka da nekazaritza iraunkorreko produktuak enpresa, eskola, ospitale, unibersitate eta zaharren egoitzetako jangeletan sartzen joatea. Bi aukera besterik ez baititugu: burujabeak izan ala burugabeak.