Mixel Berhocoirigoin:"Burujabetza behetik gora eraikitzen da"
Hitzaldi hau Mixel Berhocoirigoinek Gasteizen eman zuen ekainaren 16an, "Burujabetza nazionala eta auzi soziala" mintegian.
Nekazal mundutik heldu naiz, koadro instituzional eta erabakigunerik gabeko lurralde batetik. Nahiko atipikoa da, beraz, erabakigunerik gabeko koadro batetik datorren norbaitek burujabetzaz jardutea. Subirautza ez da bakarrik lotua, eta ez da lehenik lotua, koadro politiko bati, lotua da mugimendu sozialari. Hori saiatzen gara. Gure burujabetza terrenoan lantzea eta hortik aurreratzea. Egiten duguna, era berean, lotu behar dugu ikuspegi orokor batean, perspektibarik ez galtzeko.
Subirautzaren gaian bada gogoeta bat, gai nagusi bat, tratatu behar dena: zer esan nahi du burujabetzak gaurko munduan? Gero eta irekiago den muga gabeko munduan zer da burujabetza? Nola ikusten dugu burujabetza herriek baino botere gehiago duten multinazionalen boterearen alboan? Nola ikusten dugu herriaren burujabetza konpondu behar baditugu gure lurraldea gainditzen duten auziak, klima aldaketa esaterako? Erabaki behar dugu zer nahi dugu kudeatu eta zer nahi dugu partekatu besteekin. Burujabetza ez da guztia guk kudeatzea. Komeni da hori argitzea ez gaitezen kontraesanetan erori.
Barnera begira, gure herri antolakuntzari begira, beste printzipio nagusi batzuk ezarri behar ditugu ere gai honetan. Subirautza ez da bakarrik goitik datorren zerbait, ez da arkitektura abstraktu bat, ez da armadura bat, lurralde baten gainean jartzen dena. Lehenik eta behin, burujabetza herritarrek bizi dutenenik antolatua dena da. Herritarrek sentitzen eta ulertzen eta bizitzen ez duten burujabetza ez da burujabetza. Posible da sistema subirau bat izatea herritarren dependentzia mantenduz ere. Iparraldetik dakargun esperientzia hori da: koadro instituzionalik ez dugu, baina gure burujabetza eraikitzen ari gara eguneroko bizitik, terrenotik.
Erabaki behar dugu zer nahi dugu kudeatu eta zer nahi dugu partekatu besteekin. Burujabetza ez da guztia guk kudeatzea
Ni nekazaritzatik nator, eta bertatik eraikitzen ari gara burujabetza eraikuntzen. Egunero eraiki dezakegu, koadro instituzionalik gabe, baina koadro instituzionala era behar da noski. Elikadura, ura, lurra, energia... Antolakuntza eredua ere oso garrantzitsua da burujabetzaren aldetik, funtzionatzeko modua, zentralista edo parte hartzailea...
Garapen eredu bat zentralizatuago liberalizatuago industrializatuago urrunago dago herritarren burujabetzatik. Lokalagoa bada, zirkuitu ekonomiko hurbilagoa, herritarrek boterea eskuratzea dakar. Antolakuntza ereduak urrundu edo hurbildu egiten gaitu burujabetzatik, hori estrukturala da. Kanpoari begira eta barnera begira. Burujabetasuna hasten da bizi den errealitatetik eta eraikitzen da behetik, hori tarnsbertsala da, herri guztietan gertatzen da. Behetik gorako funtzionamendu alternatiborik gabe, ez da burujabetzarik ematen.
Burujabetza herritarrek bizi dutenenik antolatua dena da. Herritarrek sentitzen eta ulertzen eta bizitzen ez duten burujabetza ez da burujabetza
Iparraldeko errelitatetik gure esperientzia kontatzera gatoz, harrokeriarik gabe, jakinda koadro instituzionala martxan jartzea zailagoa izan daitekeela, esperientzia lokalak martxan jartzea baino. Baina burujabetza ere partekatzea da, ez da lokalismoa, ez da paretak eta hormak jartzea gure esperientziari.
Gure jardunaren printzipioak dira gure errealitatetik abiatuz tresnak sortzea, medioak, alternatibak, proiektuak gauzatzeko, modu parte hartzailean, transbertsalean, irekian. Abertzale direnekin eta ez direnekin. Bidea egiten ahal da abertzaletasunaren sentimendu desberdina dutenekin, eta aberri desberdina dutenen artean ere. Gauza batzuk lortzeko urratsak elkarrekin egin behar dira, luzerako helburu diferenteak duten pertsonekin. Urrats bat edo bi elkarrekin egiteko ez dugu azkeneko helburuan ados egon behar. Adibidez EHLG ez da laborarien afera izan soilik. Bakoitzak bazituen arrazoiak urrats hori elkarrekin emateko. Luzerako helburua ez zen berdina. Urrats bat elkarrekin eginda, behar bada beste urrats bat ere egin daiteke. Lehen urrats hori egin gabe ez zen imajinatzen bigarrena egingo zenik. Urratsez urrats egin behar da bidea.
Gure jardunaren printzipioak dira gure errealitatetik abiatuz tresnak sortzea, medioak, alternatibak, proiektuak gauzatzeko, modu parte hartzailean, transbertsalean, irekian. Abertzale direnekin eta ez direnekin
Guri esperientziak hori erakusten digu. Burujabetza piezaz pieza eraiki behar badugu, izanen da urratsak eginez helmuga desberdina duen jendearekin, eta helbururik ez duten jendearekin ere. Batzuk parte hartzen dute epe laburreko helburu material hutsagatik.
Laborantza Ganbara aipatu dut, halaxe eraiki baitzen, jende ezberdinen artean. Tresna bat da. Ez du burujabetza egiten zuzenean, posible egiten du burujabetza gauzatzea. Adibidez elikadura burujabetza. Laborari bezala, baina baita euskaldun bezala, mundu honetako biztanle gisa, elikadura burujabetza kontzeptu inportantea da, ezin baztertukoa. Ezin du herri batek burujabetza erdietsi elikadura burujabetzarik gabe. Herri bat elikaduran dependientea bada bere burujabetza ahula da, hauskorra Kontzeptu politikoa da, unibertsala, herri bakoitzak izan dezan eskubidea bere nekazal politika erabaki, eraiki eta zaintzeko. Via Campesina mugimenduak du identifikatzen sinbolizatzen eta ekartzen burujabetzaren kontzeptu hori. Borroka politikoa da hori defendatzea (hori da TTIPren kontrako borroka). Ba ote dugu, guk hemen, besteek han, zer elikadura mota nahi dugun aukeratzerik? Eskubide hori beste eskubideak baina gorago behar luke. Baina gaur egun produktuen libre zirkulazio eskubidea da eskubide gorena. Ekoizpenak behar du lokalizatu koste gutxien duten lekuetan kontutan hartu gabe ondorio sozialak. Beraz, borroka politikoa da elikadura burujabetzarena.
Lotura egin behar da lokala eta unibertsalismoaren artean. Gure inplikazio lokala subirautzarekin ez da lokalismoa. Gu egun animatzen gaituzten printzipioak dira besteak beste nonbait animatzen dituzten printzipio berdinak
Gauza bat da eskubidea lortzea, espazio politikoa eskuratzea elikadura burujabetza gauzatzeko, ezinbestekoa da horretarako espazio politiko bat. Eta beste gauza garrantzitsu bat da baldintza teknikoak menperatzea. Ez baldin badira baldintza teknikoak menperatzen eskubide hori gauzatzeko, eskubidea hutsa gelditzen d.a Elikadura eskubide badugu, espazio hori zaindu ba dugu, behar dugu jakin nola gauzatu teknikoki. Politikoki irabazia dena teknikoki ere posible bihurtu behar da. Eskualde bakoitzean zein da gure errealitatea, gure baliabideak, eta dugunetik antolatu gure ekoizpen sistema.
Gure baliabideak dira belardiak, mendia. Behar dugu asmatu nekazaritza mota bat hori baliatuko duena. Baina sistema teknikoa bada gure baliabideak abandonatzea kanpotik elikadura sartuz, daukaguna abandonatzen dugu, gure burujabetza ahuldua da, eta bide txarrean gaude ditugun erronkei erantzuteko, energia eta klima aldaketaren inguruan adibidez. Erabili lasaiki lasai diren gauzak, eta erabilera mugatua muga duten baliabideak. Nekazaritza desberdina planetako puntu desberdinetan. Lekuko laborantza horregatik da lekuko hazien inguruan eraikitzen Laborantza industriala da nekazaritza mekanikoa, berdina da edozein latitudetan.
Ez da lurralde bat bestea baina txarrago, guk pasa dezakegu negarrez bizitza osoa, “gure lurra ez da Parisekoa bezain zelaia”, edo erabaki dezakegu “guk eraikiko dugu dugunetik, eta hori izango da gure aberastasuna, balio emango diogu ustez balio ez dun horri”. Hori kolektiboki gauzatu behar da beti.
Lurraren kontrola ere garrantzitsua da. Kontrol hori galtzen bada, burujabetzaren zati handi bat galtzen da. Lurra guztiena da eta behar guztiak ase behar ditu. Lurraren kudeaketa da seinale bat gizartearen demokraziaren heina neurtzen duena Espekulazioa eta lurra kontzentratuago, demokrazia urrunago. Lurraren kudeantzak ematen digu termometroa ezagutzeko gizarte baten demokrazia maila eta subirautzaren errealitatea.
Gure kasuan erronka da nola uztartu herrigintza eta laborantza. Nola sartu nahi dugun laborantza herrian, herriaren osagai bezala, eta nola sartu herriaren erakuntza laborantzan. Biak dira pieza beraren bi aldeak. Ez dugu imajinatzen Euskal Herrirako tresnarik sortzea ez bada alternatiboa bere prespektiban eta helburuetan, eta ez dugu imajinatzen ere ez bada nonbait osatua, lurralde baten errotua. Gurea hemen da, Euskal Herrrian. Gauzak konplexuak dira, entseatzen gira izatea laborari eta jendarteko partaide, Euskal Herrikoak eta mundukoak, behar dugu abiatu garenetik heltzeko transbertsalera, horrela izango da ulertua eta bereganatua jendearengatik. Abiatzen bagara transbertsaletik etortzeko garenera, ez du funtzionatuko, bidea ideologikoa baita. Garenetik abiatu behar dugu, gure esperientziak hori erakusten digu.
Laburbilduz: Subirautzaren epizentroa eredua da,sistema ekonomikoaren eredua garapenaren eredua, eredu soziala, kulturala, energetikoa..., subirautzak ematen digun botereak horren bidez hartzen ditugun erabakiek behar dute analizatuak izan iraunkortasunaren mailan, positiboa ala negatiboa da sozial mailan, ekologia mailan, kultura mailan...
Eredua da epizentroa eta beste gauza oso inportantea da lotura egin behar dela lokala eta unibertsalismoaren artean. Gure inplikazio lokala subirautzarekin ez da lokalismoa. Gu egun animatzen gaituzten printzipioak dira besteak beste nonbait animatzen dituzten printzipio berdinak. Balore hori unibertsala bada, bakoitzak bere lurrean egiten duena ez da lokalismoa.