Mugimendu berri bat Iparralden

2020/10/05
MugimenduBerriaIparralden.jpg
Txetx Etcheverryk subiranotasunaz hausnartzen du David Lannes eta Nicolas Goñik idatzitako beste artikulu batetik abiatuta. Hausnarketa urrats bat harago doa eta Iparralden urriaren 10ean aurkeztuko den mugimendu berriaren berri ematen digu.

Txetx Etcheverry, Manu Robles Arangiz fundazioko kidea. (Artikulua Enbatan argitaratu da).

David Lannes eta Nicolas Goñiren «Souverainisme et souverainetés» testua, benetako ekarpena da egungo hausnarketa abertzalerako, baina baita Hexagonoan aspaldidanik bizirik dauden eztabaida batzutarako ere. Argitu beharreko hainbat kontzeptu garrantzitsu jartzen ditu mahai gainean, egun Emmanuel Macronek «separatismoa»ren aurka ekin dion gurutzadaren aurrean. Gurutzada hori Nicolas Sarkozyk identitate nazionalari buruz sustatu zuen «eztabaida» handiaren bertsio berri bat dugu. Davidek eta Nicolasek diotenez, beren subiraniaren ikusmolde bereziak jatorri hemendik du:  “lurralde bereko biztanleen arteko loturatik (...), beren bizien baldintzei berriro heldu nahi diotenena. Sarritan, lotura hori nortasun kolektibo sendoa da, etengabe berritzen dena, eta ez da makurtzen goitik definitutako identitate monokromatiko eta finkoen aurrean. Askotan, identitate izenez aldarrikatu eta aurkezten dena (banderetan, kantu militarretan, 'Pinard saucisson' aperitibo publikoetan eta abarretan oinarritua), nortasun kolektiboa iraungita dagoelako ematen da. Hau da, giza eskalako bizitza kolektibo bat dagoen tokian, non kide garen eta laguntzen dugun, horrek zentzua ematen dio egiten dugunari eta gure bizitzak errotzen ditu. Aitzitik, tokiko bizitzaren dinamismoa desagertzen denean (askotan landa-exodoaren, ekonomia-sare handi baten hondoratzearen, metropolizazioaren, estandarizazio kulturalaren eta abarren ondorio konbinatu gisa), beste zerbait bilatzen dugu atxikitzeko, eta askotan atxikimendu horrek geratzen den azken adierazle kolektiboa hartzen du xedetzat, hots, estatu-nazioa eta haren sinboloak. Eta tokiko atxikimendu-zentzu lauso horretan aurkitzen du eskuin muturrak materiala nazio-estatuaren inguruan kanpoko etsaietan eta barruko etsaietan oinarritutako diskurtsoa garatzeko”.

Iparraldean ere berdin

Erronka hori ez da soilik gertatzen Frantziako banlieue, landa inguru eta hirien periferietan. Hau da, desozializazio eta pobretze bidean dauden leku horietan. Hemen bertan dinamika berberak ditugu, argi izendatze aldera “Iparraldeko klase herrikoi” deituko diegun horiengan. Eraisten ari diren probidentzia-estatuaren aldetik gero eta abandonatuago, alderdi, sindikatu eta elkarteetatik gero eta aldenduago, ez dute aurkitzen “sarrera-ate”rik eraikitzen ari den Euskal Herri horretara; eta hau izan liteke, izan beharko litzateke, beren hautazko komunitatea, zeinak posible egiten duen «giza eskalako bizitza kolektibo bat, non kide garen eta laguntzen dugun; horrek zentzua ematen dio egiten dugunari eta gure bizitzak errotzen ditu».

Apustua bikoitza da:

Batetik, indarrean diren dinamika horiek, zeintzuk pertsonak bakartzen dituzten, horrela eraginez zaurgarriago izatea eta isilaraztea, etsipenerako egungo joerak pizten dituzte, baita areagotu ere ziurgabetasunaren, ezinaren eta aitortza ezaren sentipena. Hortik datoz gero abstentzioa, “deserritartzea”, ernegua, eskuin muturra eta era guztietako integrismoak, alferreko bortizkeriak eta gizalegerik gabeko ekintzak. Hauek areago pozoitzen dute herritarren bizimodua, aurrez ere kapitalismoaren gogortasun eta ankerkeria medio aski kolpatuta bazegoena.

Bestalde, hori dela eta biztanleriaren sektoreok ez dute parte hartzen benetan dagokien mailan, Euskal Herri burujabe, iraunkor eta solidarioan. Alegia, guk sistemaren alternatibatzat proposatzen dugun horretan. Urruntze horrek kalte eragingo dio gu kolektiboki eraikitzen ari garen proiektu honi eta beronek egungo gure jendartearen orokortasun eta aniztasuna benetan ordezkatzeko aukerari. Areago, deskonektatze horrek euskal nortasuna, «nortasun kolektibo sendoa (...), etengabe berritzen dena» ahuldu egiten du.

Erronka kolektibo berria

Datorren urriaren 10ean, larunbata, Baionan mugimendu berri bat eratzeko batzar orokorra izango da. Mugimendu horren jarduera Ipar Euskal Herriko inguru eta auzo herrikoietan eta herrikoiekin garatuko da eta bere xedea antolakuntza kolektiboa izango da. Kontua da klase herrikoietako eskubide eta oinarrizko beharrizanen alde egitea beren eguneroko bizimodu eta inguruan, lan munduaz beste (etxebizitza, auzoa, enpleguratzea, garraioa, eskolak, administrazioa, banku eta zerbitzuak, kontsumoa, osasuna, ingurumena, etab.), masa-organizazio abertzale baten baitan, errotik justizia sozialaren eta ekologismoaren ikusmoldetik abiatuta.

Baliatuko dituen ekintza eta mobilizazio moduei dagokienez, erreparatuko die mugimendu abertzaleari, langile-mugimendu eta altermundialistari eta “community organising”ari. Inguru herrikoietako jendearen bizimodua aldatu eta hobetzea izango du helburu, baina ez soilik alde materialetik. Izan ere, beste helburu bat izango baita herritarrok lehenago zuten aitortza eta errespetua berreskuratzea; sare sozial bat berrosatzea, solidaritate aktiboak eta kultur proiektu herrikoia, zor zaien lekua eskuratzea tokiko eta munduko bizi demokratikoan, eta euskal jendartearekin (ber)konektatzea.

Inguru herrikoi horietako jende gehiegik sentitzen du frantses Estatuak alde batera utzi duela, baina ez du beretzako lekurik aurkitzen euskal komunitatean ere. Mugimendu berri honen xedea lotura hori posible egitea da,  klase herrikoi hauentzat gure proiektu nazionalerako sarrera atea izatea. Honek proiektua aberastuko du gure jendartearen errealitate desberdinen ikuspuntu progresistago, solidarioago, inklusiboago eta errepresentatiboagoa emanez.