Mugimendu sozialen auzolana

2012/02/15
landeia178.jpg
Unai Oñederra, Landeia 2012ko Urtarrila-Otsaila / Eraso neoliberalaren aurrean ezinbestekoa da sindikatuen eta gizarte eragileen arteko elkarlana lortzea. Horren inguruan hausnartzen du egileak Landeiako iritzi artikuluan.

Unai OñederraFumar mata. Horixe jartzen du tabako paketeetan. Eta jendeak erretzen jarraitzen du. Esaten dute momentuan bertan osasunean kalterik nabaritzen ez delako izan daitekeela. Kaltea epe luzera sortzen ei da, eta jabetzen garenerako askotan beranduegi izaten da. Berbera gertatzen omen da wifiarekin, mobilekin, uhin magnetikoekin...

Ur berotan egosten den Igelaren ipuinak dioena da: igel bat ez da inoiz sartuko irakiten dagoen uretan, sartzen duzun momentuan erre egiten baita eta jauzi batez ihes egiten baitu. Ur epeletan sartuta ordea, eta ura apurka-apurka berotuz, igelak egosita amaituko du, geroz eta erlaxatuagoa baitago ur epeletan, ura 100 gradura iristen denerako salto egiteko gaitasuna galduta.

Galdetu ekologistei ea ez den egia hori. 60. hamarkadatik ari dira esaten planetak mugak dituela, desarrollismo itsuak hondamendira eramango gaituela, baina ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen dugu. Petrolioa eta beste lehengaiak amaitzen ari dira, baina AHTarentzako piloitzarra etxe ondoan plantatuta aurkitu arte ez gara mugitzen.

Berbera esan dezakete feministek ere. Generoagatik ematen den edozein desberdintasunen aurrean, edo emakume bat erasotua den bakoitzean, pankarta atzean ez da nahi adina jende atzematen. Baina, hurrengoa zeu izan zaitezke! Modu berean xenofobiak gorantz egin arren, etorkinen kontrako neurri bat bestearen atzetik onartzen diren arren, kaleak ez dira betetzen. Hurrengoan zu izan zaitezke eta etorkina! Laguntza sozialak ere behera eta behera, eta mugimendu sozialetako jende prestuak ekintza ikusgarriak egin behar ditu argazkietan ateratzeko, ez baitute jende asko biltzea lortzen. Baina hurrengo baztertua zeu izan zaitezke eta! Zerrenda nahi adina luza daiteke langabeekin, desjabetuekin, jazartuekin...

Sindikatuetan ere berbera gertatzen da askotan. Zaila da jendea mugiaraztea, eta askotan sindikatuak ezertarako balio ez duela pentsatzen du askok EREa berari egokitu arte.

Gehiengo sindikalak greba egin zuen 2009an esanez politikak aldatzen ez baziren murrizketak etorriko zirela, eta hala izan da: doikuntzak, murrizketak, lan erreformak, pentsio-sistemaren erreforma, Negoziazio Kolektiboaren erreforma...

Eta zer politika dira salatzen genituen horiek? Azken 30 urteetan aplikatzen ari diren erabakietaz ari ginen, neoliberalismoa deritzon horretaz. Erabakiak hartzen joan dira: merkatuak zabaldu, deslokalizazioak bultzatu, enpresa publikoak pribatizatu, behin behineko kontratuak sortu, ETTak martxan jarri, kapital eta enpresen errentei zergak barkatu, zerbitzu publikoak murriztu, eraikuntzaren burbuila elikatu... Erabakiak hartzen joan dira ekonomia guztia finantzen esku utzi arte.

Urak 100 ºC-ak lortu al ditu jada? Zenbatera gaude irakiten hasteko puntutik? Jauzia eman eta lapikotik ateratzeko gai izango ote gara? Izango gara baldin eta jabetzen bagara ekologisten, feministen, langabeen, baztertuen, etorkinen, desjabetuen, langileen arazoek zuzenean ukitzen gaituztela. Ez dira besteen arazoak, nireak baizik. Ni gelditu naiteke urik gabe, gasik gabe, elektrizitaterik gabe. Ni izan naiteke indarkeria sexistaren hurrengo biktima. Ni izan naiteke hurrengo etorkina, ni hurrengo langabetua, ni hurrengo desjabetua, hurrengo baztertua. Zu eta ni oso hauskorrak gara.

Konturatzen bagara besteen arazo desberdin horiek nireak ere badirela; konturatzen bagara irtenbidea ez dagoela besteen esku, gu garela aldaketa eragin behar dugunak, orduan jabetuko gara borroka desberdinen arteko auzolana beste biderik ez dugula: borroka bakoitza bere baserriarekin, berea den horretan ekin eta ekin, besteek lan hori ezin baitute egin. Nork bere baserriak jori eta emankor mantentzeak egiten du herria bizi, eta baserrien arteko auzolanak emango digu indarra egiteko jauzi.