Occupy daigun!
Aiala Elorrieta, Manu Robles-Arangiz fundazioa (artikulu hau Argia astekarian argitaratu da). Argazkia Nagore Uriarte
Hamarkada bat igaro da Gu gara %99 leloa zabaldu zenetik. Azken krisi kapitalistaren zurrunbiloan egin zen ezagun esalditxoa atlantikoaz bestalde okupatu ziren plazetan. Ordutik hona, munduko biztanleriaren ehuneko txiki batek aberastasun osoaren zati are handiagoa kontzentratzen jarraitzen du.
Nancy Fraser teorialariaren arabera, krisi kapitalista ikuspegi kritiko-sozial batetik aztertzen duen teoriarik ez dago. Bere ustez, krisia prozesu sozial gisa ulertu beharra dago. Horretarako ezinbestekoa da esparru ekonomikoa gainditzen duen ikuspegi multidimentsionaletik abiatuta, poskolonialismoa, ekologia, pentsamendu feminista eta gobernantza kritikoaren ideiak barneratzea. Karl Polanyiren The Great Transformation maisulanaren berrirakurketari esker bere eredu propioa proposatzen du Fraserrek.
Zein da hitz gutxitan Polanyik deskribatutako Eraldaketa Handi hori? Polanyik, gizarte kapitalista –eta krisi kapitalista– prozesu historiko multifazetiko gisa jorratzen ditu. Krisien jatorria ez dago ekonomiaren baitako kontraesanetan, ekonomiak gizartean hartzen duen lekuan baizik. Historikoki merkatuak gizartean txertatuta egon izan dira eta arau sozialen arabera erregulatu. Bestela esanda, merkatuak ez ziren arau ekonomikoen menpe erregulatzen. XVIII. mendearen amaieran kokatzen du Polanyik Ingalaterran Eraldaketa Handiaren hasiera: alegia, merkatuek gizartean txertatuta egoteari utzi ziotenean. Eraldatze Handiaren garaian, Merkatuen Autorregulazioaren dogma finkatu zen. Era honetan, merkantilizazio prozesuaren bidez, merkatuak gizartean txertatuta eta araututa egotetik, gizartetik askatu eta arau ekonomiko hutsen menpe egotera pasatzen dira. Ondorio bezala, gizartea, morala eta etika merkatuen menpe geratu ziren.
Karl Polanyik gizarte kapitalista –eta krisi kapitalista– prozesu historiko multifazetiko gisa jorratzen ditu. Krisien jatorria ez dago ekonomiaren baitako kontraesanetan, ekonomiak gizartean hartzen duen lekuan baizik. Historikoki merkatuak gizartean txertatuta egon izan dira eta arau sozialen arabera erregulatu
Polanyik gizarte borrokaren garrantzia azpimarratzen zuen, baina gatazka lanaren eta kapitalaren artean irudikatu ordez, bi mugimendu edo indarren artean ikusten zuen: Merkantilizazioa eta Gizarte Babesaren aldeko mugimenduaren artean. Gizarte Babesaren barruan sartzen dira gizartea babeste aldera, gizarte segurantza, errenta birbanatze politikak, gizarte elkartasuna edota negoziazio kolektiboa. Bi joera hauen arteko tentsioan deskribatzen zuen Polanyik gatazka. Antzeman zuen bazegoela klasez gaindiko mugimendu bat gizartearen alde egiten zuena (ekonomiak gizartean zuen jatorrizko lekura itzuli zedin), baina sekula ez zuen ideia hori teoria batean sakondu. Fraseren ekarpen nagusia eredu hau osatzen duen hirugarren indarra da: Askapenaren aldeko mugimenduak, zeinetan, mugimendu feminista, ekologismoa edota anti-inperialismoa kokatzen dituen. Mugimendu hauen helburua mendekotasun egoerak gainditzea da, esplotazio eta bazterketak amaitzea.
Askapen mugimenduak %99ari begira egin behar dira eta proposatzen diren alternatibek gehiengo horrentzat izan behar dute baliagarri, eta ez eliteko emakumeentzat, ez eliteko ekologistentzat, ezta iparraldeko-zuri herritarrentzat ere.
Fraserrek inspiratzen jarraitzen gaitu eta berriki feminismoaren harira egindako hausnarketa bat ekarri nahi dut hona. Bere ustez, feminismoak eta bestelako askapenerako mugimenduek arriskua dute, %1aren bere bertsio propioa egiteko eta biztanleriaren elite batentzat baino funtzionatzen ez duten irtenbideak proposatzeko. Askapen mugimenduak %99ari begira egin behar dira eta proposatzen diren alternatibek gehiengo horrentzat izan behar dute baliagarri, eta ez eliteko emakumeentzat, ez eliteko ekologistentzat, ezta iparraldeko-zuri herritarrentzat ere. Azken martxoaren 8an feminismoak kaleak okupatu zituen, gure hiri eta herriak jende oldez bete genituenean. Occupy daigun! Eraiki ditzagun gizartearen %99arentzat baliagarria diren askapen mugimenduak.