"Osakidetzan egoera lehertu da, zetorrena aurreikusita ere, agintariak epe motzeko politiketara mugatu direlako"
Osakidetzaren egoera hauskor hori orokorra da?
Bai hala da. Langileek bizi dugun egoera da jasotzen dugun eskaera kopurua handia dela eta ez garela iristen. Horrek gorputz txarra sortzen du, egin nahi duzun horretara ezin iristeak egiten du etxera eramaten duzun sentsazioa oso txarra izatea. Gauza bat da lana gogor egitea, eta beste bat da lana egin nahi duzula baina ikusi jende asko duzula zain, izan proba bat egiteko, ebakuntza egiteko, kontsulta bat emateko… ikusten duzu ez zarela iristen lan hori behar bezala egiteko eta horrek oso sentsazio txarra uzten dizu gorputzean.
Bai, "lur jota joaten gara etxera" esaten zuen elkarrizketatu batek. Arazo hau nondik dator? Hau urtero-urtero joan da okertzen? Poliki-poliki etorri da? Pandemiak halako kolpea eman du? Zer gertatu da hor?
Hau ikusten zen zerbait zen, eta azalpen luzetxo bat eskatzen du. Honek atzetik duena plangintza arazo bat da. Hau da, aurreikuspen arazo bat izan da. Hau ikusten zen etorriko zela, eta inork ez du esku hartu eta epe motzeko politikekin ibili dira izan ditugun agintari guztiak. Eta orain lehertu zaigu. Azpitik bada, alde batetik, geroz eta gizarte zaharrago bat dugula. Geroz eta zaharragoak gara eta horrek eskaera handitu egiten du. Famili mediku batek bere kupoan 1200-1500 pertsona baldin baditu, oso gazteak badira gutxi joango zaizkio kontsultara. Zahartzen doazen heinean geroz eta gehiago joango zaizkio. Hau da, egitura bera mantendu arren, gizarte zaharrago batek gehiago eskatzen du eta ez handitzeak kalitatea murrizten du.
Mediku premia ere handitu egiten da ezta?
Hori da. Eta horrekin batera geroz eta lantalde zaharragoak daude. Hau da, mediku, erizain eta bestelako langileak geroz eta zaharragoak gara eta hauen jubilazio bat eman da. Hau aurreikus bazitekeen ere, ez da egin. Nik beti adibide bera jartzen du: nik 2004ean bukatu nuen espezialitatea, eta oso kontratu txarrak izaten genituen. Eta 2006an bukatu zutenei, aurreikusirik hau gertatuko zela eta belaunaldi aldaketa prestatu behar zela urte beteko kontratu oso bat eman zitzaien. Zer gertatu zen gerora? Bazekiten hau gertatuko zela, bagenekien hau gertatuko zela, baina inork ez zuen honen aurreikuspena egin. Beno, momentu batean, egin zen, baina ondoren iritsi zen finantza krisia, diruak murriztu ziren, eta aurrekontuak kitatu beharrarekin edo aurrekontuetan eskua sartu beharrarekin, inork ez zuen neurririk hartu eta behar guzti hauek utzi egin ziren. Eta epe motzeko politikaren barruan ez da behar besteko inbertsiorik egin. Gainera, bitarte horretan, egin ziren aurreikuspen guztietatik sortu ziren osasun profesional horiek oso modu txarrean tratatuak izan dira. Pentsatu behar dugu mediku bat edo ikasle bat fakultatean sartzen denetik espezialista izatera pasatzen den arte hamar urte pasatzen direla. Erizain batek gutxienez lau urte behar ditu lanean hasterako. Orduan, egin zen aurreikuspen horretan, eta han izan ziren mediku eta erizainen kopuru handixeago horiek, oso gaizki tratatuak izan dira, behin behinekotasuna %50ean dago, eta pertsona horiek duten irudipena oso txarra da. Eta orain oposaketen inguruan ere antzerako kontuak ateratzen ari dira.
Beraz, epe motzerako begirada batek, datorrena ezagutu arren, neurriak hartzea beste bati tokatuko zaiola pentsatuz, edo beste batek har ditzalako pentsamenduarekin, eta aurrekontu itxi batzuekin, bada, honaino iritsi gara.
Sailburuak esan du langile falta dagoela, plazak murriztu direla, baliabideak badaudela. Irtenbidea nondik etor daiteke?
Lehenik eta behin arazoa onartzetik. Hau da, osasungintza publikoa gaizki dago eta okerragora joango da hurrengo urteetan. De repentean ezin baitira profesionalak sortu. Beraz arazoa onartu beharra dago eta horri baliabideak jarri eta plangintza bat egin. Diruaz gain, aurrekontuaz gain, plangintza bat beharko da. Eta plangintza horrek eskatzen duena da profesional kopurua handitzea, bai unibertsitatean, eta batez ere medikuen kasuan espezialitatea egiten duten kopurua handitzea. Eskuduntza hau Madrilen dago baina egin litezke gauzak horretarako hemen ere. Plantillen behin behinekotasuna murriztea eta, benetan, egonkortze prozesu honetan esaten diren kopuruak handitzea eta osatzea. Hau da, Eusko Jaurlaritzak dio ez dakit zenbat lanpostu gehiago sortu direla. Eta kontua da pertsona horiek lanean hor zeudela eta behin behinekotasunean zeudela. Hau da, ez da lanpostu berririk sortu. Egin dena da behin behinekoak finkatzeko prozesua abiatu, ze oraindik ez dira finkatu. Zintzoak izan behar dugu eta esan behar dugu langile kopurua lehendik hor zela, behin behinekotasun egoera batean zela eta horiekin egonkortze prozesu bat abiarazi dela. Eta oraindik ere gehiago beharko ditugula. Eta plangintza hau egiten den bitartean baliabide hauek indartzeko bideak egin.