Parentesi bat kapitalismoan

2020/05/07
camisa_fuerza_getty.jpg
Mikel Noval, ELAko Azterketa Bulegoko arduraduna.

2008ko krisia bankuak erreskatatzeko, zorpetzeko eta horrekin era guztietako murrizketak justifikatzeko erabili zen (lan-eskubideetan, pentsioetan, gizarte-prestazioetan, osasunean edo hezkuntza publikoan, gizarte-zerbitzuetan...). Patronaleko bozeramaileak diru publikoarekiko bat-bateko interesa justifikatzen saiatu ziren, kapitalismoan parentesi bat egin behar zela esanez. Parentesi bat baino, sistema harrapari honen areagotzea ikusi genuen. Hala, gizarte-desberdintasunen eta pobreziaren gorakada handia gertatu zen, baita hazkunde ekonomikoaren eta enplegu prekarioaren hazkundearen garaian ere.

Europar Batasunean, Estatu espainiarrean eta Euskal Herrian austeritate politikak hartu eta konstituzionalizatu ziren. Zorra ordaintzeari lehentasuna eman behar zitzaion gizarte-premien gainetik, eta egin zen; aurrekontuaren hazkundea modu irrazionalean mugatu behar zen, sektore publikoak ekonomian zuen pisua jaitsi eta sektore pribatuarena handitu zedin, eta egin zen. Euskal erakundeak (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Foru Aldundiak) izan dira politika austerizida horren ardatz. Murrizketa sozialak eta superabit handiak konbinatu izan dituzte. Kudeaketa ona deitzen diote honi. Nik publikoa denaren txikiziotzat joko nuke, gehiengo sozialaren babes eta ongizatearen kontura.

Testuinguru horretan, COVID-19ak dena hankaz gora jarri du. Hori badakigu. Gaur egun, langabeziaren datuek diotenez, apirilean 10.000tik gora pertsona gehiago daude langabezian EAEn, eta 3.000 baino gehiago Nafarroan. Edo 20.000 kotizatzaile gutxiago daude Gizarte Segurantzan. Eta kopuru horietatik kanpo daude ERTEetan dauden 200.000 langileak, kasu askotan lanpostuak arriskuan dituztenak.

Errealitate horren aurrean, erakundeak zhearka ibiltzen saia daitezke, beren politiketan aldaketa kosmetikoak planteatuz. Hori da orain arte Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren aldetik ikusten ari garena. Programa txikiak, gutxi hornituak, unean unekoak, oso talde espezifikoentzat, eta kanpoan utzita koronabirusaren ondorioak pairatzen ari den jende gehiena. Kasu askotan, gainera, propagandaz beteta. Azken aste hauetan jende askok esan didanez, "ez da egia esaten digutena, ez dago laguntzarik".

Bada beste aukera bat ere: pertsona guztiei diru-sarrera duinak bermatzea. Hori egiteko lehen baldintza borondatea da, eta badirudi ez dagoela. Gainera, herritarren beharrei erantzuteko neurriak gauzatu ahal izateko aurrekontu-lehentasunak errotik aldatu behar dira. Horretarako dirua badago: obra faraoniko eta alferrikakoetara bideratzen diren ehunka milioiak, gizartearen militarizaziora bideratutako aurrekontuak, nazioz gaindiko enpresei egindako opariak, edo errenta altuei, enpresei eta kapitalari barkatzen zaizkien zergak. Adibide bat: Sozietateen gaineko Zergaren bilketa Europako batez bestekoarekin parekatzeko, Euskal Herrian zerga horren bidez urtean 1.000 milioi euro gehiago bildu beharko lirateke.

Bigarren aukera horrek austeritate-politikak eta gastu-arauaren eta defizit publikoaren mugak hautsi beharra dakar. Igandean, autonomia erkidegoetako presidenteak Pedro Sanchezekin bildu ostean, Ogasun ministroak esan zuen autonomia erkidego horiek %0,2-ko defizitaren muga errespetatu beharko dutela aurten. Hau, besterik gabe, ezinezkoa da. Ez diogu ezer entzun Urkulluri gai honi buruz. Ondo dago Sanchezen aginte bakarrari buruz kexatzea. Ez dago hain ondo, ordea, berak gauza bera egitea, inorekin hitz egin gabe. Ez da polita ere jendeari ez esatea zer egingo duen, Madrilek neurri hori betetzera behartzen baditu autonomia erkidegoak. Orain arte bezala, neurri horrekin bat egiten duela izango da?