Polemika zaharrari helduz
Jakes Bortayrou, Enbata (2239 zenb.)
Bota diren kritiken zerrenda luzea egin liteke, eta kanpainako denbora premiak ez du azalpen zabal bat emateko betarik uzten. Alta, auziak gutxienez eguneratu egin du beharrezkoa dela sakoneko eztabaida bat ezker abertzaleak bultzatu nahi duen proiektu sozial eta ekonomikoari buruz.
Lanaldi murrizketaren aldarrikapenak hainbat aurpegi ditu: gizarte-eredu baten hautua, ezkerreko erantzun bat krisi ekonomiko zein ekologikoari eta, beraz, bidegurutze estrategikoa kapitalismo produktibista gainditzeko bidean. Lanaldi murrizketa soldatapeko langileei dagokie, hots, Ipar Euskal Herriko biztanleria aktiboaren %82ri. Hain zuzen, kezka sortzen da nola aplika litekeen enpresa oso txikietan, zeinak Ipar Euskal Herrian oso ugariak baitira (enpresen %86a ez da 10 langilera iristen eta soldatapeko enplegu pribatuaren %33 biltzen dute), baina badira soluzioak, 90eko hamarkada amaiera aldera luze eta zabal aztertu izan direnak, lanaldiaren murrizketaren auzia eztabaida politikoaren erdigunean zegoenean (esaterako, orduan sortu zen kolektibitateak emandako “bigarren txeke”aren ideia, diru-sarrerak jaitsi gabe lanaldia asko murrizteko aukera ematen duena). Ordutik, eskuinaren 10 urteko kudeaketak, sarkozysmoaren 5 urteak barne, atzerakada ideologiko katastrofikoa eragin du, balio erreakzionarioetara jo baita (“aisia bizio guztien ama” leloa ez da urrun), eta honek ondorio ekonomiko ezin okerragoak izan ditu. Lanaldia luzatzea (astean lan gehiago eginez edo erretiro adina atzeratuz) aberrazio ekonomiko eta ekologiko hutsa da.
produktibitate irabazi horiek lanaldia murriztuz lanpostuak sortzeko erabili behar dira, soldata apalak hobetzeko eta gizarte-babesera bideratzeko
Duela 30 urtetik hona finkatu den masa-langabezia beste fenomeno batekin lotuta dago, etekinek aberastasunean izan duten hazkundearekin. Joan diren hamarkadetan akziodunek bereganatu dituzte produktibitate irabaziak, esaera ezagun eta lauso baten izenean: “gaurko etekinak biharko inbertsioak dira, eta etorkizuneko lanpostuak”. Alabaina, etekin hauek ez dira inola ere ekoizpen-aparatua modernizatzeko erabili, ezta trantsizio ekologiko bat egiteko ere; aitzitik, finantza-espekulazioa puztu dute (xede bakarra, inbertsioen etekinik handiena lortzea, logika orotatik kanpo eta epe luzeko asmorik gabe), eta horrek eraman gaitu egungo krisira. Logika hori baztertu beharra dago. Egun produktibitate irabazi horiek lanaldia murriztuz lanpostuak sortzeko erabili behar dira, soldata apalak hobetzeko eta gizarte-babesera bideratzeko. Horrenbestez, lanaldia murriztea, diru-sarrerak jaitsi gabe, aberastasuna banatzeko modurik hoberenetakoa dugu. Horregatik, zinez progresista litzatekeen politika baten zutoin da betiere. Kapitalismoaren oinarriak ukitu gabe ere, Frantzia bezalako estatu batean duela hogeita hamar urteko banaketara itzuliko balitz -akziodunei ordaindutako dibidendoen eta soldata-masaren artean orduan zegoen proportziora- 60.000 milioi euro metatuko lirateke, 2 milioi lanpostu sortzeko aukera emango luketenak (soldata gordin ertaina ordainduaz). Baina enplegu hau zertarako litzateke? Hori da politika alternatibo baten beste alderdia: gizartearen onerako direla frogatutako xedeetarako (hezkuntza, osasuna, pertsonentzako zerbitzuak, trantsizio ekologikoa), eta ez irizpide bakartzat akziodunarentzako errentabilitatea hartuta. Lanak bizitzan duen lekua murriztea betidanik izan da gizateriaren helburua: denbora irabaztea nork beretzat, familiarentzat, ikasteko, hiriaz kezkatzeko eta demokrazia bizkortzeko. Laneko sufrikarioak izugarrizko kalteak egiten dituelarik, zer nolako jendartea nahi dugu: duala, batetik lanean daudenak estresatuta direlarik eta bestetik baztertutako prekarioek nahiz langabeek osatutako masa batekin, ala jendarte bat non pertsona bakoitzak gutxiago eta hobeto lan egiten duen?
Lanaldiaren murrizketaren aldeko mugimendu sekularrari berriro heltzea Ipar Euskal Herriko hauteskunde eta arazoetatik haratago doa. Mundu mailako borroka bat dugu. Premia bat da, baita beharrizan ekonomikoa ere. Asmatuko ote dugu? Ez da segurua, baina gutxienez haren alde egin eta konplexurik gabe azaldu behar dugu.