Politikan sartu? Bai, noski
Xabi Anza, ELAko formakuntza arduraduna
Hasteko, hauteskundeetara aurkezteko esaten diguten horiei azaldu behar diegu, edozein organizaziok burujabe izan behar duela zein gairi buruz iritzia eman erabakitzeko orduan. Oinarrizko printzipioa dugu hau, alegia, erakunde bakoitzak bere kabuz deliberatzen du bere egitekoa, bere programa eta bere agenda. Erakunde bakoitzak bere erabakiak hartzeko esparrua eta bere iritziak lantzeko gune legitimatuak ditu. Hori dela eta, soberania hau onartzen ez duenari dagokio azaltzea zergatik egiten dion enbarazu gizarte antolatuak iritziak ematea.
Argi dago, beraz, hauteskundeetara bidaltzen gaituztenean, ez dela hainbeste iritzia ematen dugulako baizik eta beraiek defenditzen duten tesien aurkako iritzia emateagatik.
Horretaz gain, nabarmentzekoa da hauteskunde politikoetara aurkeztu gaitezen esaten diguten horiek, ez dietela halakorik esaten bestelako eragileei, ez behintzat beraiekin ados daudenei. Ez diote esaten, adibidez, patronalari ez dezala abiadura handiko trenaz hitz egin, edota fiskalitateari buruz iritzirik eman. Are gehiago, Bizkaiko ahaldun nagusiak enpresariei esaten die lobby lana egin dezatela sozietate zerga jaisteko. Argi dago, beraz, hauteskundeetara bidaltzen gaituztenean, ez dela hainbeste iritzia ematen dugulako baizik eta beraiek defenditzen duten tesien aurkako iritzia emateagatik.
Hauteskundeei buruz ari direnean legitimitateaz ari badira, argitu beharra dago gu hauteskundeetara egunero aurkezten garela. Erkidegoan 100 sindikatu baino gehiago dago, eta gureari 10 ordezkarietatik 4 dagozkio. Aurreko hilaren 31ko datuak hartzen baditugu, ehuneko 40tik gorako ordezkaritza daukagu. Horrek esan nahi du ELAk ordezkatzen duen eskaintza laboral zein soziopolitikoak sostengu oso zabala jasotzen duela langileen aldetik, lan esparruan eta egunerokotasunean.
Langileen lan baldintzak lan harremanen esparruan jokatzen dira, noski, baina ez hor bakarrik. Izan ere, langileen lan eta bizi baldintzak, neurri oso handi batean eremu politikoan jokatzen dira.
Klase sindikatu garen heinean, langileen interesak ukitzen dituen eremu guztietan eragina izatea dugu helburu. Langileen lan baldintzak lan harremanen esparruan jokatzen dira, noski, baina ez hor bakarrik. Izan ere, langileen lan eta bizi baldintzak, neurri oso handi batean eremu politikoan jokatzen dira. Eremu politikoan erabakitzen da lan legeria; gizarte segurantza eta prestazioekin erlazionatutakoak esate baterako. Politikaren eremuan jokatzen da baita ere zerga-politika. Hau da, zenbat diru eman behar diegun langileok gobernuei gure zergen bidez. Txanponaren beste aldean, politikaren esparruan erabakitzen da baita ere diru-sarrera publikoak zelan gastatu. Bestela esanda, langileen ekarpenekin garatzen dira babes politikak, hezkuntza eta osasun politikak. Horregatik guztiagatik eremu politikoan jokatzen den guzti hori sindikatuak ezagutu, zorrotz analizatu eta baloratu behar du eta gauzak ondo ez doazenean, sindikatuaren ardura da hori salatu eta kontra egitea.
Onartezina da langile mugimenduaren eta oro har, gizarte antolatuak politika baloratzeko duen zilegitasuna ukatzea.
Abagune honetan, politika neoliberal eta austeritate neurriek jotako egunotan, gurea bezalako sindikatuari borrokatzea dagokio. Guztiz normala da hori agintean dagoenaren gustukoa ez izatea. Ulergarria da ere gure kritika kiroltasunez ez onartzea. Baina onartezina da langile mugimenduaren eta oro har, gizarte antolatuak politika baloratzeko duen zilegitasuna ukatzea. Deslegitimazio jarrera horrek pentsamendu politiko oso eskasa islatzen du.
Sindikatuan sakon landuta daukagu gizarte eredu oso bat eta gizarte eredu alternatibo horren defentsan ari gara. Egiteko horretan gure buruaren jabe gara, gizarte eredu hori nola defendatu eta sustatu erabakitzeko orduan. Errealitatean eragiteko bide legitimo eta ezinbestekoa da alderdi politiko bat osatzea, baina ez bakarra noski. Patronal bat, lobby bat edota mugimendu sozial bat sortzea ere gizartean eta politikan eragiteko beste bide batzuk dira. Hauek ere erabat zilegi eta beharrezko dira gainera. Guk, klase sindikatu garen heinean, hiru bide nagusi ditu influentzia hori lortzeko: negoziazio kolektiboa, ekintza politiko eta soziala, eta azkenik, bide judiziala. Hiru bitarteko hauek erabateko babes konstituzionala dute herrialde demokratikoetan behintzat, oinarrizko eskubideekin zuzenean lotuta daudelako: askatasun sindikala, iritzi askatasuna, elkartzeko askatasuna, manifestazio askatasuna, babes judizial efektiboa… Honenbestez, sindikatuon egiteko politikoa ukatzen dutenak, aldrebeskeria galantean erortzen ari dira. Eta hori, zentzu guztietan, oso larria da.
Edozelan ere, kezkagarriena, Bizkaiko ahaldun nagusiaren, baita Joseba Egibar eta Iñigo Urkullu bera bezalako politikarien pentsamenduaren azpian dagoen aberrazio politiko eta demokratikoa da. Esaten digutenean hauteskundeetara aurkeztu behar dugula, zer dago horren atzean? Gogora dezagun, Urkullu lehendakariak hainbatetan esan duela, oso kezkatuta dagoela mugimendu sozialak baldintzatzen dutelako Kataluniako prozesua. Are gehiago, esan zuen, kezkatuta zegoela, jardura politikorik ez duten gizarte mugimenduek baldintzatzen dituzte alderdi politikoak, zeintzuek gizarteari kontuak eman behar dizkioten. Zer esan nahi du, bada, lehendakariak horrekin?
Urkullu esaten ari da herriak ez diola inolaz ere alderdien sistemari aurrea hartu behar.
Alde batetik, lehendakaria esaten ari da herriak ez diola inolaz ere alderdien sistemari aurrea hartu behar. Bere ustetan, herriari dagokiona zera da, elite politikoek egindako akordioak berretsi eta babestea. Antza, Urkulluri gizarteak eztabaidatu eta deliberatzeak enbarazu egiten dio. Molestatu egiten dio gizarteak mobilizazioaren bidez alderdien sistemaren aukera politikoen abanikoaren zabalera murriztu nahi izatea. Beste behin ere honek oso maila demokratiko baxua erakusten du. Izan ere, demokrazia, eliteak aukeratzeaz harago doa, eta bene-benetako demokrazia batek gizarte antolatu baten beharra du, printzipio etiko eta politikoetatik alternatibak sustatzeko eta eliteengan eragina izateko gai dena.
Bestalde, ahaldun nagusiaren eta lehendakariaren adierazpenen atzean pentsamendu politiko benetan arriskutsu bat dago. Instituzioak eta alderdien sistema, sistema sozialaren gailur gisa ikusten dituzte eta ondorioz, pentsatzen dute beraiek direla gizarte osoaren ordezkari, ordezkari bakarrak. Nahastu egiten dira zeharo, beraiek ez dira eta gizartearen ordezkari, herriaren ordezkari baizik. Eta erne, herria eta gizartea ez dira gauza bera. Beraiei, herriaren ordezkari bezala, boterea kudeatzea dagokie, erabateko zilegitasunez. Baina beraiei ez dagokie kontraboterea kudeatzea, gizartearen iniziatibak eta ekimenak kontrolatzea, gatazka soziala edota gizartearen ordezkaritza manipulatzea.
Azkenik, lotsagarria da Urkulluk demokrazia partehartzaileari buruz egiten duen kritika. Gizartearen ekimenaz eta influentziaz kexatzen den bitartean lehendakariak onetsi egiten du sistema politikoak bestelako esparruetatik jasaten duen influentzia (botere ekonomiko, finantziero, enpresarial eta mediatikoak).
Arduratuta daude, politika neoliberala muturreraino eramatea erabaki dutelako eta gure sindikatua horretarako oztopo delako.
Guri hauteskundeetara aurkezteko esaten diguten horiek, kezkatuta daude, normaltasun plantak egiten ari badira ere. Arduratuta daude, politika neoliberala muturreraino eramatea erabaki dutelako eta gure sindikatua horretarako oztopo delako. Ondotxo dakite ez garela hauteskunde politikoetara aurkeztuko... nahiago lukete!