ReCommons Europe: Europako herrien internazionalismo berriaren aldeko manifestua

2020/02/04
Argakia.jpg
150 ko-sinatzaile dituen artikulu kolektiboa/ Sortzaileak: Eric Toussaint , Esther Vivas , Catherine Samary , Mikel Noval, Sergi Cutillas , Janire Landaluze , Daniel Albarracín , Tijana Okic , Pablo Cotarelo , Nathan Legrand , Alexis Cukier , Jeanne Chevalier , Yayo Herrero , Walter Actis

ReCommons Europe: Europako herrien internazionalismo berriaren aldeko manifestuaManifestu hau Europako hainbat herrialdetako aktibista eta ikertzaileek osatutako kolektibo batek idatzi du, eta beronen xedea da ezker herritarreko indarrek gauza lezaketen plan bat proposatzea. Guztiak ere «ReCommonsEurope» egitasmoaren partaide dira, zeina nazioarteko CADTM eta EreNSEP sareek eta ELA euskal sindikatuak abiatu zuten egungo Europan ezker herritarrak dituen eztabaida estrategikoetan ekarpena egiteko. Testua urtebetean idatzi zuten sei herrialdetako (Belgika, Bosnia, espainiar Estatua, Frantzia, Grezia eta Britainia Handia) hamasei lagunek; hauek hainbat erakunde eta mugimendutako aktibistak dira (sindikatuak, alderdi politikoak, aktibista mugimenduak), ezagutza anitz eta osagarriak dituztenak (ekonomia, zientzia politikoak, filosofia, antropologia, zuzenbidea, ekologia, sindikalismoa, feminismoa, Ipar/Hego solidaritatea, etab.). Hiru belaunaldi daude horien artean. Manifestua 21 europar herrialdetako 160tik gora sinatzailek babestu dute. Hauetatik gehienak emakumeak dira. Sinadura bilketak aurrera darrai, baita Manifestu hau sorrarazi duen gogoeta nahiz lan kolektiboak ere.

Proposamen koherentea egin dugu ezkerreko indar herritarrek hartu beharreko konpromiso, ekinaldi eta neurriei buruz. Proposamenek aintzat hartzen dituzte herri gobernu batek, boterera iritsi bezain laster, heldu beharreko arazoak. Manifestuaren helburua dira toki, nazio zein nazioarte mailan oinarrizko giza-eskubideen, guztientzako berdintasunaren, askapen sozial eta demokraziaren alde eta ekosistemen suntsipenaren aurka borrokatzen diren erakunde politiko eta herri mugimenduak (sindikatuak, elkarteak, herritarrak).

Gure asmoa da analisi eta proposamenok ezker sozial eta politikaren eztabaidan sartzea, baita egungo erronka handiei aurre egiteko aldaketa erradikala beharrezkoa dela uste duten Europako aktibista guztienean ere. Europa krisi larri eta luzea ari da pairatzen. Europar Batasunaren eraikuntza oraindik ere antidemokratikoa da, eta aberatsenen zerbitzura dago. Azken urteetan hainbat aukera galdu da, batik bat 2015ean Grezian. Krisi ekologikoak, austeritate politika bortitzak, eskuin arrazista eta xenofoboaren gorakadak dakarren arriskua medio, are premia handiagoa da autoantolakuntza, herri mugimenduak eta antolakunde politikoak konbinatuko dituen estrategia definitzea, politika gehiengoaren esanetara jarriko bada.

Sarrera

Azken hamarraldian herritarren haserrea Europan adierazi izan da enpresarik handi eta aberatsenen aldeko politiken aurka, baita gobernu nazionalek ezarritako erabaki diskriminatzaile eta antidemokratikoen kontra, zeintzuk sarri Europar Batasunak (EB) koordinatu dituen. Ondoeza hainbat modutan islatu da: ekinaldi sindikaletan, baina baita mugimendu berrietan, esaterako «15-M» espainiar Estatuan (atzerrian “suminduen” mugimendua ere izendatu dena), Grezian plazak okupatu direnean eta 2011n Portugalen izan ziren manifestazio erraldoietan, Frantzian lan erreformaren aurka (“Nuit debout” mugimenduaren sorrera) eta 2016an Irlandan uraren gaineko zergaren aurka izan ziren mugimenduetan, 2017an Katalunian autonomiaren alde eta errepresioaren aurka egin ziren manifestazio handietan. Borroka feministek mobilizazio historikoak eragin dituzte Polonian (2017an, abortua galarazi nahi zuen legearen aurkako “Czarny Protest”), Italian (“Non Una di Meno”, 2016tik hona), espainiar Estatuan (non 2018ko martxoaren 8an 5 milioi emakumek greba feminista egin zuten), edota Irlandan, non Eliza katolikoaren eragin politikoari gailenduta, 2018ko maiatzean erreferendumean abortua legeztatu zen, eta azkenik bere zentraltasuna ezartzen ari da borroka sozial guztietan. 2018 urtean mugimendu sozial berriak sortu ziren nagusi den ordena ekonomiko eta politikoaren aurka, esaterako Hungarian “esklabotzaren legea” izendatu zen lan erreforma neoliberalaren aurka, Alemanian “Unteilbar” (“zatiezina”) izeneko mugimendu antirrazista, eta Frantzia zein Belgika frankofonoan Gilets Jaunes (Jaka Horiak) mugimendua, batik bat diharduena zerga-politika injustuen eta instituzio politikoetako demokrazia gabeziaren aurka. Ezin ahaztu, bestalde, gazteek herrialde askotan deitutako klimaren aldeko manifestazio ekologista eta greba deialdiak, esaterako Suedian, Danimarkan, Suitzan, Belgikan, Frantzian eta Britainia Handian. Mugimendu hauek guztiok eta beste askok aurre egin diote austeritateari eta politikek Europan hartu duten orientazio autoritarioari, zuzenean edo zeharka jendarte-proiektu guztiz alternatiboa planteatuz kapitalismoaren, produktibismoaren, arpilatze ekologikoaren, arrazismoaren eta patriarkatuaren aurrean. Manifestu hau mugimendu horiekin eta beren helburuekin bat dator: zapalkuntza ororen aurkako borroka, guztion aldeko eskubideen alde, berdintasunaren alde eta enpresetako zein langile-auzoetako ateetan amaitzen ez den demokrazia baten asmakuntzaren alde, eta guztiz antinomikoa izan dadin logika kapitalistarekiko, zeinak eskubide sozialak nahiz ingurumena suntsitzen dituen.

Jarraitu irakurtzen