Sekretrupean

2014/01/10
StopTAFTA.jpg
Aiala Elorrieta (Berria, 2014/01/05) / 2013. urtearen azkenetan, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Europako Batasunak (EB) beren arteko Merkataritza Libreko Hitzarmena (MLH) adosteko 90eko hamarkadetan irekitako prozesua berrabiarazi zuten. Urtea, baina, akordiorik gabe itxi da. Bitartean, deliberatzen jarraitzen dute, eta, harritzekoa badirudi ere, mundu mailako eskualde ekonomiko indartsuenen arteko hitzarmen horrek eztabaida eta arreta txikia piztu du gurean.

Aiala ElorrietaAiala Elorrieta, Berria (2014/01/05)

Urte bat amaitu eta beste baten hastearekin batera, lehengoaren balantzeak eta hurrengorako iragarpenak egin ohi dira. Nola itxi dugu urte zaharra? Zer dakarkigu berriak?

2013. urtearen azkenetan, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Europako Batasunak (EB) beren arteko Merkataritza Libreko Hitzarmena (MLH) adosteko 90eko hamarkadetan irekitako prozesua berrabiarazi zuten. Urtea, baina, akordiorik gabe itxi da. Bitartean, deliberatzen jarraitzen dute, eta, harritzekoa badirudi ere, mundu mailako eskualde ekonomiko indartsuenen arteko hitzarmen horrek eztabaida eta arreta txikia piztu du gurean. Hori dela eta, zenbait adituk gardentasun gabezia salatu, eta negoziazioen sekretismoa berariazkoa dela ohartarazi dute.

Merkataritza Libreko Hitzarmenak AEBek beren neurrira inposatutako akordioak izan ohi dira normalean

Merkataritza Libreko Hitzarmenak, funtsean, eskualdeen arteko alde biko edota alde anitzeko itunak dira, parte hartzaileen artean ondasun eta zerbitzuen merkatuak handitzeko asmoz sinatzen direnak. MLHren defendatzaileek jarduera ekonomikoaren hazkundea eta enpleguaren sorrera dakarten tresna gisa aurkeztu ohi dituzte.

Guztietan ezagunena Ipar Ameriketako Merkataritza Libreko Ituna (NAFTA) litzateke: Kanadaren, AEBen eta Mexikoren artekoa, alegia. Agindutako hitza bete ordez, akordioak Mexikoko pobrezia eta menpekotasun arazoak indartu baino ez ditu egin; Washington eta Mexiko DFko itzal handiko enpresa handienei ekarritako onurak txikiagoak izan ziren gizarte klase apalenen artean sortutako kalteak baino. 1994an NAFTA abian jarri zenetik, Mexikoko artoaren barne prezioak hondoa jo du: prezioek %70 baino gehiago egin dute behera. Ondorioak latzak izan dira Mexikoko biztanleengan. Hamabost milioi baino gehiago bizi dira artoaren ekoizpenaren menpe, eta prezioen beherakada horrek familia askoren sarrerak erortzea ekarri du. Ondorioak agerikoak dira familia horien bizitza mailan: bizirik irauteko emigraziora jotzen dute, edo etxeko zein etxetik kanpoko lanorduak luzatu beharra izan dute.

Akordioa gauzatzen denean, indartu egingo da enpresa multinazionalen eta haien filialen boterea: tokian tokiko lan merkatu, osasun publiko eta ingurugiro araudiak haien gustura eraldatzeko ahalmena emango zaie

Joseph Stiglitz Nobel saridunaren ustetan, MLHak erabat asimetrikoak dira, ez baitituzte berdintasuna eta demokrazia bultzatzen, sektore eta elite jakin batzuen interesak baino ez. Bestela esanda, AEBek beren neurrira inposatutako akordioak izan ohi dira. Heinz Dieterich ekonomialari alemaniarraren ustetan, monopolio horixe da estatubatuarren aberastasunaren giltzarria. Naomi Klein ere MLHren aurka dago, pertsonei eta demokraziari kalte egiten dielako.

Are gehiago, Stiglitzen arabera, hitzarmen horiek zubi lana egiten dute globalizazioaren eta desberdintasunak areagotzearen artean. Izan ere, merkataritza edukietan ez ezik, esparru politiko eta sozialetan ere badute eragina. Kapitalaren alde ondasun eta zerbitzuentzat merkatuak irekitzen diren bitartean, pertsonen mugimendu askea oztopatzen dute.

Atlantikoarteko eskualdeen balizko hitzarmen hori sekretupean gordetzen ari bada, jagoteko asko duelako izango da. Liberalizazioaren izenean, AEBen eta EBren arteko merkataritzan muga zergak ezabatu nahi dira, eta mundu mailan merkataritza libreko gunerik handiena sortu.

Libre nortzuk izango diren, horixe da kontua. Akordioa gauzatzen denean, indartu egingo da enpresa multinazionalen eta haien filialen boterea: tokian tokiko lan merkatu, osasun publiko eta ingurugiro araudiak haien gustura eraldatzeko ahalmena emango zaie. Vicenç Navarrok argi ikusten du MLHk agudotu egingo lukeela sektore publikoaren pribatizaziorako bidea; izan ere, hitzarmenak osasun publikoa bezalako sektoreen monopolio publikoa debeka lezake. Bruselatik datozkigun inposatzeak urrun sentitzen baditugu, zer egingo dugu aginduak Washingtondik iristen direnean?