Shockari, schock?

2014/04/30
facism-inc-graphic1.jpg
Aris Chatistefanou kazetari greziarrak apirilaren 10ean estreinatu zuen bere azken dokumentala: Fascism Inc. Aurreko bi lanekin batera, Debtocrazy eta Catastroika, trilogia zinez bikaina osatu du. Dokumentala kaleratzeko zegoen premia azaltzeko, maiatzean udal mailan eta Europan izango diren bozak ekartzen dizkigu gogora. Kazetariak erne egon gaitezen esaten digu, Grezian gertatzen dena Europa osoari dagokiolako.

Aiala ElorrietaAiala Elorrieta (http://nieznaiznabil.wordpress.com/), Berria 2014/04/27

Honezkero egiaztatu ahal izan dugu, 2008ko krisiaz geroztik martxan jarri diren austeritate neurriei erreparatuz: herrialde heleniarrean pausu bat aurrerago doaz. Zalantzarik gabe, bertan zer egosten ari den barrundatzea geuri ere komeni zaigun zerbait da.


FASCISM INC por infowar

Dokumentalean, faxismoa eta kapitalismoaren arteko harremanaz hitz egiten du. Horretarako, XX. mendera egiten du atzera, Italia eta Alemanian faxismoaren goraldiak azaltzeko. Indartsu abiatzen da filma Roosevelten aipu batekin: Faxismoa agertzen da, interes pribatuak demokrazia baino boteretsuago bilakatzen direnean. Are gehiago, Neuman-Marcuse Kirchheimer pentsalariek uste zuten nazismoa ez dela fenomeno “esplikaezina”, sistema ekonomiko nagusiaren bazka baizik.

Faxismoak, amesten dutena eskaintzen die elite ekonomikoei (industria lantegi eta banka sektoreari) diktadura testuinguru batean: langile mugimenduak, greba eta eta manifestazio eskubideak erasotzearekin nahikoa ez, eta mesede ekonomiko apartak eskuratzeko parada galanta. Zer esanik ez, kontzentrazio esparruek industriari ekarritako debaldeko eskulanaz.

Indar faxisten gorakada, krisialdiarekin zuzenean lotuta baldin badago eta, beraz, lehenari aurre egin ahal izateko bigarrenari konponbidea bilatu behar bazaio, ezinbestekoa da sistema ekonomikoa aldatzera bideratuta dauden neurriak proposatzea

Faxismo terminoaren sorrera joan den mendeko 20. urteetan kokatzen du, Mussolinik industria sektorearekin izandako batzar baten ondoren. Era berean, Hitlerrek kantziler izateko oniritzia Dusseldorfen jaso zuen, patronalarekin izandako bilera baten ostean. Chatistefanouren ustetan, sinplistegia litzateke esatea faxismoa elite ekonomikoek nahi dutenean botoi bat sakatuz piztu eta itzal dezaketen tresna dela. Inongo mugimendu faxistak ez du arrakastarik izan, ordea, elite horien sostengurik gabe. Mitoa da Hitler eta Mussolini boterera indarrez iritsi zirela pentsatzea: industrialarien eliteak eta (zentro politikoak) eman zieten gobernurako giltza.

Gaur egungo Greziako testuingurura itzuliz, azken urteetako austeritate neurriak eta Egunsenti Urrekarak izan duen gorakada dakartza harira; alderdi neonaziaren atzean dauden elite ekonomikoak eta elite horiek komunikabideen gainean duten kontrola. Dokumentala bera, finantzaketa kolektibo bidez finantzatuta dago, eta filmaren difusioa erabat librea da; izan ere, bestelako finantzaketarik lortu behar izatekotan, kazetariak eskuak erabat lotuta edukiko lituzke esan nahi dituenak esateko.

    Alderdi neonaziaren gorakada, finantza krisiarekin zuzen-zuzenean lotuta dagoela uste du, eta faxismoari aurre egiteko, krisiari konponbidea bilatu beharra dagoela. Hori horrela, zer dela eta Espainia eta Portugalen ez da Egunsenti Urrekararen pareko alderdirik existitzen, antzeko murrizketak aplikatu diren arren? Estatistika sinple batekin azaltzen du: Greziako biztanleen erosahalmena %33an gutxitu delako azken urteetan, eta Espainian, berriz, %8.

Indar faxisten gorakada, krisialdiarekin zuzenean lotuta baldin badago eta, beraz, lehenari aurre egin ahal izateko bigarrenari konponbidea bilatu behar bazaio, ezinbestekoa da sistema ekonomikoa aldatzera bideratuta dauden neurriak proposatzea. Porrot egoera aldarrikatu, zorra ordaintzeari uko egin, bankuak nazionalizatu eta eurotik irtetea iradokitzen du. Horixe ei da irtenbide bakarra. Ildo bertsutik doaz Eric Toussaintek “Krisirako Alternatibak” artikuluan proposatzen dituen hemeretzi neurriak.

Naomi Kleinen “shockaren terapia” delakoari, akaso, beste “shockaren terapia” batekin erantzun beharra dago. Eurotik irtetea irudikatzeak zorabioa eman dezake, baina hauteskunde aurreikuspenek alderdi faxista bati %10 esleitzeak, horrek lurrean seko jota erortzeko moduko zorabioa ematen du.