Silvia Federici: "Emakumeok azalean daramagu soldatarik gabeko langilearen identitatea"
Danele Sarriugarte, Argia 2017/01/15
Nolatan hasi zinen erreprodukzio-lanaren izaera politiko eta ekonomikoa aztertzen?
Mugimendu feministan nenbilen eta 1970 inguruan eztabaida handiak izan genituen, ea zeintzuk ziren emakumeek kapitalismoaren pean pairatzen zuten zapalkuntzaren arrazoi zehatzak. Gure iritziz, gizarte kapitalistan, langile guztiak zeuden zapalduta, baina argi zegoen emakumeen kasuan bazegoela zapalkuntza gehigarri bat. Alde batetik, ados geunden: erreprodukzio-lana eta etxeko lanak ziren zapalkuntza horren arrazoietako bat. Lan horren zer ezaugarrik ote zekarren diskriminazioa: horretan ezin ginen bat etorri.
Zeintzuk ziren ikuspegi nagusiak?
Bi teoria nagusi zeuden: batetik, feminista marxista sozialistek uste zuten etxeko lanek ez zutela kapitalik sortzen, ez zela lan produktiboa baizik eta mundu aurre-kapitalista baten aztarna, zerbitzu pertsonal bat, nolabait esan. Bestetik, feminista erradikalek uste zuten patriarkatua zela emakumeen zapalkuntzaren iturria, eta iruditzen zitzaien patriarkatua ez zela sistema ekonomiko bat, baizik eta aroz aro iraun duen kultur sistema bat.
Ez genuen aski bi teoria horiekin. Klase kapitalista etengabe ari da jendea zukutzen, haien izerdiaren azken tanta ere lortzeko; beraz, milioika emakumek beren bizitzaren puska handi bat musu-truk lanean ematen bazuten, horrek derrigor ekarri behar zion etekinik klase kapitalistari.
Beraz, bestelako ikusmolde bat aldarrikatu zenuten.
Bai. Gure ikuspegitik, etxeko lanen bitartez (janaria prestatu, arropak garbitu, umeak egin eta zaindu) ekoizten ziren langileak; ez zen zerbitzu pertsonal bat, baizik eta egunez egun, belaunaldiz belaunaldi, jendearen lan egiteko gaitasuna ekoizten duen zeregin-multzoa, lan-indarra bera ez baitator berez, etengabe berritu behar da.
Erreprodukzio-lana ez zen, marxistek esan bezala, kapitalismotik at zegoen lan bat, baizik eta kapitalismoaren lan-antolamenduaren oinarri-oinarria, gainerako lan mota guztiak posible egin dituen jarduna
Halako iraultza bat izan zen. Erreprodukzio-lana ez zen, marxistek esan bezala, kapitalismotik at zegoen lan bat, baizik eta kapitalismoaren lan-antolamenduaren oinarri-oinarria, gainerako lan mota guztiak posible egin dituen jarduna. Hortik abiatuta ondorioztatu genuen klase kapitalistak lan ikusezin eta ez-ordaindu gisa ezarri behar izan zuela, osterantzean ezin izango baitzuten hainbeste ondasun pilatu. [..]
Zure azken liburuan diozu Bigarren Mundu Gerrak izan zuela zerikusirik hausnarketa horiekin guztiekin, eta norbaitek aztertu beharko lukeela eragin hori.
Egia esan, Leopoldina Fortunati eta Mariarosa Dalla Costa feminista italiarrek idatzi zuten horri buruzko liburu bat: Brutto Ciao (Bella Ciao-ri kontrajarriz).
Gerrak erakutsi zuen emakumeek beraiek babestu behar zutela beren burua, eta gainera, emakumeak konturatu ziren ez zutela nahi umeak estatuarentzat ekoizten segi, zertarako eta gero gerrara bidali eta sarraskitu zitzaten
Gerra bitarteko eta osteko Italia aztertu zuten eta, haiek diotenez, gerra mugarri izan zen, pitzatu egin zuelako emakumeek estatuarekin eta familiarekin zeukaten harremana. Bai, gerraostean emakumeek jarraitu zuten ezkontzen eta umeak ekartzen; hala ere, hautsi egin zen beste irudipen hori, faxismoaren garaian zabaldua, zeinaren arabera familia patriarkalak emakumeak babesten baitzituen. Gerrak erakutsi zuen emakumeek beraiek babestu behar zutela beren burua, eta gainera, emakumeak konturatu ziren ez zutela nahi umeak estatuarentzat ekoizten segi, zertarako eta gero gerrara bidali eta sarraskitu zitzaten.
Eta AEBetan zer-nolako eragina izan zuen?
AEBetako gobernuak halako egitura ia utopiko batzuk sortu zituen: zentro batzuk eraiki zituzten, eta emakumeak joan zitezkeen goizean hara, umeak utzi, eta iluntzean berriz batu.
Hango emakumeei ere izugarri eragin zien, oso bestelako moduan, hala ere. Gerrak iraun bitartean, emakumeak armagintzan sartu ziren eta askok estreinako aldiz jaso zuten soldata bat, estreinako aldiz bizi izan zuten etxetik kanpo lan egiteko esperientzia. Gainera, emakumeen lana hauspotzeko, AEBetako gobernuak halako egitura ia utopiko batzuk sortu zituen: zentro batzuk eraiki zituzten, eta emakumeak joan zitezkeen goizean hara, umeak utzi, eta iluntzean berriz batu, eta batu baita ere janaria, arropa garbia…
Gerra amaitu, gizonak frontetik itzuli eta kolpez suntsitu zuen dena gobernuak. Arkitektoak kaleratu zituzten eta, egitura horien ordez, aldiriak eraikitzen hasi ziren, emakumeak isolatzeko eta gizonak beren lantokietatik urruntzeko, ez zezaten sindikatuekin-eta bat egin. Familia nuklearra gordetzeko urrezko kaiolak eratu zituzten, azken batean.
Nola aldatu da erreprodukzio-lanari buruzko zure ikuspegia azken 40 urteotan?
Batetik, 1990eko hamarkadan Nigerian lan egin nuen hiru urtez, unibertsitateko irakasle moduan, eta hortxe egin nuen topo lehen aldiz lurrarekin eta iraupeneko nekazaritzarekin. Orduantxe konturatu nintzen Afrikako emakume askorentzat soroan bertan abiatzen zela erreprodukzio-lana. Nigeriara iritsi nintzenerako, Munduko Bankuak dagoeneko martxan zeukan iraupeneko nekazaritzaren aurkako kanpaina bat, zeina indarrean baitago oraindik.
Bestetik, globalizazioaren ondorioz, egoera aldatu da. Mendebaldean, emakume mordo bat soldatapeko lanean ari da, lanpostu baxuetan, autonomoa izateko aukera handirik gabe. Nazioarteko Diru Funtsaren politikek guztiz pobretutako herrialdeetako emakumeek, berriz, Mendebaldeko herrialdeetara egin dute alde, eta zaintzaile edo sexu langile gisa ari dira, nahiz eta asko ikasitakoak izan. Soldaten kanpainan uste genuen emakume guztiok konpartitzen genuela zerbait erreprodukzioa zela-eta, aldeak alde. 80ko eta 90eko hamarkadetako egiturazko egokitzapenen ostean, ordea, askoz zailagoa da lotura hori aurkitzea.
Entzun dizugu globalizazioa ez dela prozesu tolesgabea.
Hainbat aurpegi ditu globalizazioak, baina, osoari erreparatuta, argi dago maniobra zeharo politikoa dela (ekonomia kapitalista guztia da politikoa).
Globalizazioa kontra-iraultza bat da, horren bidez erantzun zion nazioarteko klase kapitalistak 1960ko hamarkadan goia jo zuen iraultza-olde sinestezinari. Hainbat aurpegi ditu globalizazioak, baina, osoari erreparatuta, argi dago maniobra zeharo politikoa dela (ekonomia kapitalista guztia da politikoa).
Giltzarria da ea klase kapitalista gai den esplotazio maila jakin batzuk mantentzeko. Horretarako, krisialdi-garaietan egin ohi dutena egin zuten kapitalistek: jendearen iraupeneko baliabideak deuseztatu; hala, esplotazio molde bortitzagoak onartu behar dituzu. Horregatik suntsitu zituzten ondasun komunalak, ez bakarrik lurrak eta basoak, baizik eta geuk geure ondasun komunaltzat jo izan ditugunak, egiaz sektore publikokoak izan arren, adibidez, pentsioak edo doako hezkuntza.
[..]
Nola eragin die globalizazioak emakumeei?
Munduko Bankuak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak-eta halako erretorika bat zabaldu dute, globalizazioak emakumeei egin diela mesede handiena, baina gezur hutsa da.
Emakumeen bizkarrean berrabiarazi da ekonomia globala. Beraz, ezin dugu onartu beste ideia hori, soldatapeko lanak askatu dituenik emakumeak.
Ezkerra motelago ibili da, baina NBE azkar asko ohartu zen mugimendu feministaren iraultza gaitasunaz, eta hasieratik ikusi zuten emakumeen autonomia-grina bizia ustia zezaketela globalizazioa indartzeko: maquiletan [lantegi mota bat], zerbitzu publikoetan, emakumeak dira nagusi; gure ordenagailuak Txinako emakume gazteek egiten dituzte, hain lan-baldintza latzen pean ezen askoren borroka-moldea baita beren buruaz beste egiteko mehatxuak egitea. Emakumeen bizkarrean berrabiarazi da ekonomia globala. Beraz, ezin dugu onartu beste ideia hori, soldatapeko lanak askatu dituenik emakumeak.
Musu-truk lan egiteak ere ez ditu askatu, hala ere.
Ez, ez. Doako lana suntsitu behar da, klase kapitalistari oparitzen ari baikara musu-truk egindako lan hori guztia, eta haiek hori erabiltzen ari dira emakumeak areago pobretzeko. Etxeko lanen harira, hiru urrats garrantzitsu daude, elkarri lotuak: doako lana deuseztatzea, etxeko lanak sozialki baloratzea eta horiek antolatzeko modua iraultzea. Nola egin hori? 70eko hamarkadan soldatarena proposatu genuen. Orain, ordea, ikuspegi globalagoa daukat eta ikusi dut zein erraz manipulatzen den dirua, beraz, bestelako gauzak ere proposatuko nituzke. Hala ere, erreprodukzioaren gaia beste maila batera eraman behar dugu. Erreprodukzioaren ikuspegitik landu daitezke orotariko borrokak, adibidez, etxebizitzaren aldekoa: gure etxeak lantegiak badira, lan-indarra han ekoizten baitugu, ez genuke alokairurik ordaindu behar lan egiten dugun tokiaren truke. Probokazioak dira, baina nik uste dut baliagarriak direla.
Aipatu ditugun eraldaketa horien guztien argitan, zer-nolako erresistentzia proposatuko zenuke gaur egun?
Gizartea aldatzeko ezinbestekoa da erreprodukzioa aldatzea: nola erreproduzitzen duzun zure burua, halakoxe politika egingo duzu.
70eko hamarkadan sinetsita nengoen, eta orduan baino are konbentzimendu handiagoz sinesten dut orain, lehenik, mundua eraldatzeko, mobilizazio feministak ikuspegi anti-kapitalista izan behar duela, eta bigarrenik, funtsezkotzat jo behar duela erreprodukzioaren borroka, bi arrazoi direla medio. Batetik, erreprodukzioa da emakumeak esplotatzeko oinarrizko eremua, eta gainera, eremu horretan harrapatzen gaituzte lehenbizikoz harreman kapitalistek, eremu horretan hasten gara bizitzaren ikuspegi kapitalista xurgatzen. Bestetik, orain badakit ezin duzula inongo antolamendu edo masa mugimendu politiko sendorik eraiki, non eta ez duzun erreprodukzioa aldatzen. Gizartea aldatzeko ezinbestekoa da erreprodukzioa aldatzea: nola erreproduzitzen duzun zure burua, halakoxe politika egingo duzu.
Egitura komunalak, horra azkenaldian landu duzun beste kontzeptu bat. Zer alde dago egitura publikoen eta komunalen artean?
Sektore publikoa defendatu behar dugu, noski, baina sektore publikoak kontuan hartzen badu, soil-soilik, eraginkortasunaren, etekinen eta dirua aurreztearen logika, ez digu behar dugun hori emango.
Adibide bat jarriko dizut. 2005etik 2008ra bitartean Italian egon nintzen ia denbora osoa, nire ama oso gaixo zegoela-eta. Erizain bat kontratatu genuen goizetan zain zezan: zerbitzuaren erdia guk ordaintzen genuen, eta beste erdia udalak, beraz publikoa zen hein batean. Erizainetako asko itzelak ziren, oso jatorrak, baina amesgaizto bat zen, zeren bi egunean behin aldatzen zuten erizaina, eta ezinago urduri egoten ginen, ia egunero irakatsi behar baikenion pertsona berri bati nire ama nola ukitu. Ez hori bakarrik: nire ama emakume heldua da eta norbaiti zure gorputz biluzia erakusteko behar duzu pertsona horrekin nolabaiteko harreman eta konfiantza bat sortu. Sektore publikoa defendatu behar dugu, noski, baina sektore publikoak kontuan hartzen badu, soil-soilik, eraginkortasunaren, etekinen eta dirua aurreztearen logika, ez digu behar dugun hori emango.
Horregatik behar ditugu egitura komunalak. Espazioak behar ditugu, noski, baina, batez ere, jendearen arteko elkartasuna berreskuratu behar dugu, ondasun komunala baita hori ere, eta erabakiak hartzeko egiturak sortu. Gustatuko litzaidake halakoak ikustea, asanblada komunalak maiztasun jakin batekin, behetik eztabaidatzen has gaitezen, adibidez, zer den osasuna eta zer-nolako osasungintza nahi dugun.
Bata gabe, bestea ezin.
Komuna sendoak eraikitzeko, bestelako neurriak ere behar dira. Amaia Perez Orozcok esan bezala, laneguna laburtu behar da, zeren 10 ordu egiten badituzu bulegoan, bada ez daukazu astirik komunitatean modu aktiboan parte hartzeko. Dena dago elkarri lotuta.