Sindikalismoa eta kooperatibismoa bidean elkarrekin
Beñat Irasuegi, Talaios kooperatiba (artikulu hau Gai Monografikoak 52-n argitaratu da: langile klasea eta alternatiben sarea)
Langileek biziraupenerako, eta ongizatea lortzeko sortutako antolaketa moduen egoera ere ez da hobea gaur egun nahiz eta tokian tokiko salbuespenak badiren. Sindikatu, kooperatiba eta egitura mutualistek garapen oso ezberdinak izan dituzte XX. mendean zehar, gaur egun gertatzen ari den paradigma aldaketara orokorrean noraezean iritsi dira. Kooperatibismoa merkatuaren lehian multinazionalekin homologatu nahian edo sektore prekarizatuenetan atomizatuta dago; mutualismoa finantza erakunde bihurtuta edo ongizate estatalari esparrua kentzeko lobby lanetan, eta sindikalismoa zerbitzu emaile bihurtuta sortutako egiturak eta finantziazio bideak galtzeko beldurrez estatuei loturik. Negatiboegia izateko asmorik gabe, egoera tamalgarria da orokorrean, baina badaude etorkizun hobeak eraikitzeko asmotan dabiltzan langileon tresnak.
Kooperatibismo eraldatzailea eta sindikalismo autonomoa dira langileek bizi baldintzak hobetzeko eta beharrak asetzeko tresna propioak
Euskal Herrira hurbilduz, baina beste lurralde batzuetan ere, existitzen diren fenomeno moduan, kooperatibismo eraldatzailea eta sindikalismo autonomoa dira langileek bizi baldintzak hobetzeko eta beharrak asetzeko momentu honetan eskura dituzten tresna propioak. Hala ere bi kasuetan birsortze prozesuetan murgildurik daude, egoera berriak irakurtzeko gaitasuna lortzen eta pixkanaka tresna berriak sortzen. Estatu egituretatik eta merkatu dinamiketatik autonomia bilatzen etengabe kontradikzioak kudeatu beharrean, eta espazio komunitario berri bat sortu nahian hainbat mugimendu sozial eta politikorekin batera.
Hala ere, prozesua azkartzeko eta sendoagoa egiteko beharrezkoak dira tresna hauek saretzeko estrategiak. Sindikatu eraldatzaileen arteko harreman eta proiektuak, baita Ekonomia Sozial Eraldatzaileko eragileen arteko saretzea, baina bereziki urte luzez norberak bere bidea egin duen sindikalismo eta kooperatibismo eraldatzaileen arteko sare-tzea beharrezkoa da. Horretarako seguruenik modu errazena proiektu komunak martxan jartzea izan daiteke, modu horretan elkar ezagutzea eta etorkizuneko estrategia sendoagoak lantzeko oinarriak osatzen joan baitaitezke. Bide hori egin daiteke, gaur egun saretze prozesu ezberdinetan dauden REAS, Olatukoop, Euskal Herriko gehiengo sindikala eta Karta Soziala bezalako ekimenen artean. Eraldaketaren bidean, era eraikitzailean, elkarlanean aritzeko prest dauden alderdi eta mugimendu politikoak ahaztu gabe.
Martxan jartzen ditugun proiektuek prekarizatuen dauden langile sektoreentzako tresna izan behar dute
Nola hasi ordea? Lehenik langileen behar errealak identifikatzen hasi beharko ginateke, baina gauza bat argi izanez, ezin dugu inor utzi kanpoan. Sindikatuen edo kooperatiba berrien saretzea zabaltzean gertatu daiteke langile mota konkretu batzuk bakarrik izatean kontuan, ia lantokietan antolatuta dauden langileak edo ikasketa maila konkretu bat duten langileek osatutako kooperatibak saretzen. Martxan jartzen ditugun proiektuek kontuan izan behar dute prekarizatuen dauden langile sektoreentzako tresna izan behar dutela, eta produkzio baliabideen jabetzatik urrunen dauden pertsona eta kolektiboentzat ere, hauek lortzeko bide eman beharko dutela.
Horretarako epe luzeko estrategiak landu beharko ditugu, baina egunerokoan ere bista jarri eta praktika errealak martxan jarri beharko ditugu: langileen beharrak asetzeko eta lehen sektorearekin justuak izango diren kontsumo kooperatibak sortuz; lurraldeak lotu eta elkartasunezko distribuzio estrategia landuz; finantza tresna herritarrak landu eta inbertsio eraldatzailerako funtsak osatuz; formazioaren bitartez koadro kooperatibo eta sindikal berriak paradigma berrira egokituz; ongizate publikoko egiturak defendatu eta berriak sortuz, hauekiko ardura hartuz eta demokratizatuz; orokorrean gaurtik martxan jarri daitezkeen proiektu txiki eta handietan indarra eta lana jarriz.
Egunerokoan martxan jartzea ezinbestekoa da, baina baita etorkizun ezberdinak irudikatzea, berriro utopia eguneroko estrategietan txertatzea. Horretarako Ekonomia Sozial Eraldatzailea sistema sistema berri bat sortzeko lehen pauso bezala ulertu behar dugu hori erdigunean jarriz; egiteke dagoen sistema, baina egin daitekeena. Langileok eskura ditugun tresnak, sindikatu eta kooperatiba eraldatzaileak saretu behar ditugu. Eremu publikoa demokratizatu eta tresna publikoak langileon zerbitzura jartzeko elkarlana sustatu behar dugu eragile komunitarioen ikuspegitik.
Badugu zer egin, eta hasiak garela uste dut, baina langileon egiteko gaitasunean konfiantza gutxirekin. Bada nondik hasi ordea, urteetan bildutako militantzia eta masa soziala bide honetan jartzearekin bakarrik lanaren parte handi bat antolatua legoke. Heldu diezaiogun pazientzia estrategikoarekin eta praktikarekin gure herrietako langileon beharrei erantzungo dieten tresnen sistema sortzeari.