Sindikatuak, kooperatibak eta ekonomia demokratikoa
Unai Oñederra (Emeki Kunama), Manu Robles-Arangiz Institutua
CAN ez genuen jakin defendatzen eta kapitala gure ondareaz jabetu zen. Can Vies ordea, auzotik auzorako sortua eta auzoan guztiz txertatua, gogor defendatu dute auzotarrek proiektua bizirik mantentzea lortuz.
Ez dakit kasualitatea den edo zer, baina justu hauteskunde gau ostean, justu azarorako erreferenduma prestatzen hasteko garaia zetorrenean, Bartzelonako CIUko alkateak erabaki zuen Can Vies desalojatzea. Ez dakit kasualitatea den edo zer, baina Sants-en amorruz egindako desalojo hau gertatzen ari zela eta auzotarrak duintasunez berau defendatzen zebiltzala, bertako bi aktore esanguratsu hemen ziren, Ivan Miró eta Hernan Cordoba.
Ekonomia sozial eta solidarioa saretzen joan behar dugu gizarte eragile, sindikatu eta kooperatiba eraldatzaileon artean langile klaseak dituen beharrei erantzuteko
Beraien esperientzia kontatzera etorri ziren Euskal Herrira, eta hainbat eragilek aukera probestu genuen beraiekin egoteko. Gu asteazken goizean elkartu ginen Ivan eta Hernanekin. Belengo estalpeko astoa eta idia bezala sentitu ginen beraiekin, etxean, lagun artean. Iritziak eta esperientziak trukatu genituen, elkar ulertzen genuen, antzeko hizkera, antzeko hausnarketak, norabide berean genituen gogoak.
Kapitala geure ondare eta biziaz jabetzen saiatzen ari denean, eta erasoa gelditzeko nahikoa indar ez dugun honetan, ekonomia beste balore batzuekin sortzen hasi behar dugula esan genion elkarri, ekonomia sozial eta solidariozko sare bat eratzen joan behar dugula, ekonomia demokratikoa enpresa barnean eta kanpoan eraikiz, elkar lanean gizarte eragile, sindikatu eta mugimendu kooperatiboak. Horretarako, frankismo aurreko sindikalismo kooperatibista eta mutualistaren memoria berreskuratu behar dugula, gure aiton-amonek eraiki zuten ekonomia sare solidarioaren memoria, gu ere ekonomia hura berreraikitzen has gaitezen.
Badugu harremana halako mugimendu kooperatiboekin, eta zailtasunak zailtasun, erronkak erronka, desadostasunak desadostasun, langile mugimenduak elkarrekin eraiki behar dugun ekonomia demokratikozko sarearen inguruan bat egiten dugu, eta borroka berean ikusten ditugu gure buruak.
Ez zait hori gertatu izan Arrasateko kooperatibetakoekin, salbuespenak salbuespen. Belengo palestinar bat sentitu izan naiz judutarren hormaren aurrean. Sindikatuen, sindikalgintzaren kontrako herra, ezin ikusia topatu izan dut. Eta ez soilik sindikalgintzaren kontrako jarrera, baita zerbitzu publikoen kontrakoa ere. Nire ustez asko esaten du horrek kooperatiba ereduaz.
Erronka latza bezain kitzikagarria dugu aurrean. Ekonomia sozial eta solidarioa saretzen joan behar dugu gizarte eragile, sindikatu eta kooperatiba eraldatzaileon artean langile klaseak dituen beharrei erantzuteko. Erasoen aurrean erresistentzian segi, bai, baina ekonomia demokratikoa eraikitzen hasteko urratsak emanez. Ivan Mirok Donostian esan zuen bezala: ez dugu ekonomiaren bazterretan gelditu nahi, ekonomia osoa komunitatearentzat berreskuratu nahi dugu. Belendik mundu osora.