Azterketak 57: Soldatak apalago, enpresen mozkinek gora
Bertan aztertzen dira enpresen mozkinak, arrakalak eta soldaten araberako desberdinkerien mekanismoak, besteak beste. Esaterako, Espainiako lan erreformen ondorioz ez da soldataren galera berreskuratu, ezta ekonomian soldatek zuten pisua ere. Horren isla da honako datu hau: Hego Euskal Herriko biztanleriaren erdiak 25.582 eurotik beherako soldata zuen 2022an.
Arrakalari erreparatuta, egiturazko arazoa dela erakusten du txostenak: emakumeek gizonek baino %12,8 gutxiago irabazten dute EAEn eta %20,7 gutxiago Nafarroan. Langileen jatorriari erreparatuta, atzerrian jaiotakoek %36,9 gutxiago kobratzen dute EAEn eta %27,4 gutxiago Nafarroan. Eta aberatsenen eta pobreenen artean ere aldea nabarmena da, gero eta gehiago. Esaterako, soldata handiena duten pertsonen %10k lau aldiz gehiago irabazten dute soldatarik txikiena duten %10k baino.
Beraz, aberastasuna gero eta okerrago banatzen da, eta desberdinkeriak egituratu, mozkinak pilatzen diren honetan. Horren argazkia, datu askorekin, jasotzen du ELAko txostenak.

