Soldaten bilakaera Hego Euskal Herrian: pobretzea eta prekarietatea

2022/11/07
azterketak 45 albisterako.jpg
Azterketak 45: Soldaten bilakaera Hego Euskal Herrian, pobretzea eta prekarietatea dokumentua argitaratu dugu. Txosten honen ondorioak argiak dira: soldaten debaluazioa eta langile-klasearen pobretzea aspaldidanik gertatzen ari den gertaera enpiriko eta egiaztagarria da. Txostenaren bukaera, egoera iraultzeko hainbat neurri proposatzen ditugu.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Lehenik eta behin, soldatei eta aberastasunaren banaketari buruzko informazio eta gardentasun gabezia larria azpimarratu behar da. Horrek ezberdintasun sozialak betikotzen laguntzen baitu eta boterean jarraitzeko boterea dutenei erraztasunak ematen dizkie. Errealitate hori ezkutuan mantentzeko interes enpresariala agerikoa da.

Txosten honen ondorioak argiak dira: soldaten debaluazioa eta langile-klasearen pobretzea aspaldidanik gertatzen ari den gertaera enpiriko eta egiaztagarria da. Klase kapitalistak, bere mozkin-tasa handitzeko, kostuak murriztu behar ditu eta horrek langile klaseari zuzeneko soldata moduan ordaintzen dizkion errentak murriztea dakar. Horregatik, botere ekonomiko eta finantzarioak soldaten aurkako erasoaldia garatzen du, langile klasearen bizi-baldintzak okertzearen kontura. Esan bezala, populazioa jabetzen da erosteko ahalmenaren galerari dagokion egungo koiunturaz, hala ere, soldaten debaluazio-prozesua denboran zehar luzeagoa denean, fenomeno hori oharkabean pasatzen da.

Txostenetik ateratzen den beste konklusio bat da soldata erreala murrizten denean, soldata hori ez dela berriro berreskuratzen hazkunde ekonomiko garaian. Ekonomia uzkurtzen ari den enpresa askok diote ez dutela nahikoa irabazirik enpleguari eusteko edo soldatak igotzeko. Hala ere, ikus dezakegun bezala, irabazien zifra errekorrak dauden garaian, irabaziak ez dira soldata-errentetara trasladatzen.

Aipatu beharreko beste gai bat lan-errenten arteko soldata-desberdintasuna da. Diru-sarrera handienak dituzten % 10eko batez besteko soldatak 51 aldiz handiagoak dira diru-sarrera txikiagoak dituzten % 10eko soldatak baino. Gainera, ikusi ahal izan dugunez, 2008tik 2020ra bitarte, desberdintasun hori areagotu egin da, askoz ere galera handiagoa gertatu baita errenta baxuenetan.

Desberdintasun hori kolektibo zaurgarrienek pairatzen dute, soldata-arrakal mota desberdinek erakusten duten bezala. Alde batetik, emakumeen soldatak gizonenak baino askoz baxuagoak dira (% 23). Migratzaileak ere oso kolektibo prekarioak dira, eta soldataren erdia jasotzen dute migratzaile ez direnekin alderatuz. Baita ere aipatu behar da erabateko prekarietatean bizi diren gazteen egoeraz. Gogora dezagun beraien soldata ez dela LGSra ere iristen.

Gainerako herrialdeekiko alderaketari dagokionez, datuek erakusten dute soldatak Europako batez bestekoaren azpitik daudela; baina ez, ordea, produktibitatea. Kontinenteko maila altuenetan egoteaz gain, azken urteetako soldaten igoera baino askoz handiagoa izan baita honen bilakaera. Beraz, ez da oso logikoa patronalak soldaten eta produktibitatearen indexazioa eskatzea.