SUTEK S. Coop. Erreta zeuden, eta piztu egin ziren
“Uztailaren 5ean orduan. Ze ordutan?” “10:30etan ondo?” “Ondo! To, whatsappetik bidali dizut gure kokalekua”. Astigarragako pabiloirako bidea marrazten zuen GPSak. Bertan dago Sutek kooperatiba: langileek eurena egin duten kooperatiba. Bestelako mantenu lanak egin arren, egun, su instalakuntza eta hauen berrikuspenaz arduratzen dira. Kafe bero bat lehenengo.
Astigarragako pabiloiko tabernan, Azpeitiko uso-tiraketako lehiaketaren kartela ageri da, eta ogitarteko erdiari “pintxo” deitzen diote: Almetac SA, Suministros Electricos Gabyl, Cafes Aitona SL. Ez dut Suteken kartelik ikusten eta goizeko lehen tragoarekin eskelak irakurtzen ari zen gizonari galdetu diot. Ez du Suteken berririk. Eskeletan ez da azaldu behintzat. “Ieeeeuu! Maialen? Hemen, hemen!”.
Bi muxu ematerako esan dit bere izena. “Ni naiz Xuriñe”. Bera izan da telefonoko nire kontaktua, baita sindikatura jo zuena ere. Listurik ez, baina marka uzten duten muxu parea eman dit. Soinuarekin, mmmua mmmua. Tatuaje bat dauka sorbaldan, zurrunbilo itxurako sugar beltzaren forma duena, eta ezkerrean darama. Ezer esaterako, indarra duela sumatu diot Xuriñeri, eta nik ia indarrik egin gabe sartu nau lokal barrura. “Zure etxean zaude, pasa pasa”.
Berri usaina dauka lokalak. Sarreran dago bulegoa: bi mahai, aulki modernoak, landare berderen bat eta kanpoko kristalak kolore zuriarekin dakarren argitasuna. Lokala bitan dago banatuta, eta bulegoa eta tailerra ate batek bereizten ditu. Begizko kalkuluz, 15x20 metro jo dizkiot gutxi gora behera.
Estreinatu berri den lokal baten eta goitik behera erabat jarritakoaren arteko muga horretan dago Sutek, trasteak han-hemenka, apalak txukun-beteta, nerabezaro garaian. Bertan daude Alain, Ivan eta Iñaki, hobiren bat jarri nahian- edo. Lana utzi dute, bi muxu eman eta bulego argitsuko mahai baten bueltan eseri gara elkarren berri jakiteko.
Kontatu diet nondik natorren, eta nola, Manu Robles Arangiz Fundazioaren “Izan eta Esan” sekziorako aproposa iruditu zaigula euren esperientzia. “Izan eta Esan”-en lan munduko kontakizunak biltzen dira, garaipenak batik bat, hurrengo borroken eredu izan daitezen. Eta horietako bat da Sutek. “Ue, ue, uee!”. Txalo egin diote euren buruari. Lankide artean edo lagun artean non nengoen ezin bereizita aritu naiz elkarrizketa guztian, baina taldeaz haraindi, lau pertsona daude parez-pare: nondik dator bakoitza? “Nondik natorren ni? Hobe jakingo banu!”. Xuriñe hasi da hizketan.