"Teknologia jendearen zerbitzura jartzea edo jendearen kontra, klase borroka da"

2019/07/04
20190620_111024.jpg
"Ertzetako jendea erdigunera ekartzeak indartsuago egingo gaitu". "Teknologia berrien erabilera izan daiteke txarra edo ona. Eta hau klase borroka izango da. Enplegua desagerraraztea edo lanaldia murriztea, jendea hobeto bizitzeko, hautu politiko bat da. Eta guk, erakunde bezala, antolatu egin beharko dugu horri aurre egiteko." Oraingo eta etorkizuneko prekaritateaz aritu zen Pello Igeregi "Prekaritate berriak eta negoziazio kolektiboa" mintegian (Gasteiz, 2019ko ekainak 20-21)

UNED 2019Pello Igeregiren hitzaldia "Prekaritate berriak eta negoziazio kolektiboa" mintegian

"Prekaritatea zer da? Mugan egotea, erortzear egotea. Lan baldintzetatik ikusita soilik prekaritatea da segurtasunik edo egonkortasunik ematen ez dizun soldata, bizi proiektu eraikitzeko zailtasuna, osasuna kaltetzen duen lana... Hauetako bat topatzen dugun tokian besteak ere ematen dira. Horrek egoera ahul batean kokatzen du jendea, beldur egoera batean, askatasun sindikal gabeko egoeran."

"Mugan dagoena erortzen bada dena galtzen du. Hori baina elementu diziplinatzailerik ez dago. Bi moduko langileak ditugu: erortzear daudenak eta nolabaiteko segurtasuna dutenak. Ertzetan daudenak, erortzear daudenak zentrora ekartzen baldin baditugu, denok segurtasun gutxieneko baldintzetan bagaude, indarrak metatuko ditugu. Prekaritate egoeran dauden langileei lehentasuna ematen diegun momentuan ez gabiltza langile klasea banatzen, langile klasea eraikitzen ari gara eta indarra irabaziko dugu. Hori konbikzio bat da, eta guretzat helburu."

Prekaritate egoeran dauden langileei lehentasuna ematen diegun momentuan ez gabiltza langile klasea banatzen, langile klasea eraikitzen ari gara eta indarra irabaziko dugu

"ADEGIko batek esan ziguten behin “soldatak kontrolatu behar ditugu, bestela produkzioa beste norabaitera eraman dezakete”. Beti aurkituko dugu guk baina merkeago lan egingo duen norbait, amaiera gabeko espiral beherakor bat da hori."

"Outsourcinga industrian lan baldintzak behera botatzeko, eskala bikoitza eragiteko. Esaterako, CIEk erabaki du eskala bikoitza ezartzea. Hori outsourcing bidez egitea lortu du. SGE enpresa azpikontratatuta lan berberagatik erdia kobratzen zuten langileek. Hau legez kanpoko lagapen bat da. Aurre egin genion honi eta irabazi egin genuen. Esango duzue “hau juridikoki irabazi genuen, horrek ez du meriturik” baina benetan meritua duena da langileak ausartzea CIEri aurre egiten eta demanda bat sartzen, jakinda hurrengo egunean kalera joan daitezkeela. Boteretze ariketa hori izugarria da, eta hemen lortu genuen."

"Etorkizuneko prekaritateaz ere aritu nahi dut. Esan dut prekaritatea berandu iritsi zela industriara, zerbitzuetan hasi zelako eta industrian bukatu. Baina posible da etorkizuneko prekaritate ereduak industrian hastea ondoren beste esparru batzuetara hedatzeko. Badakizue mundu mailako gerra bat dagoela, izkutua, 5G-aren kontura, 4.0 industria nork kontrolatuko duen erabakitzeko. Adimen artifizialean jauzi handia eman daiteke. Gerra honek eraldaketa batzuk ekarriko ditu:

- Robotizazioa. Zer ekar dezake? Zer lan desagertuko dira? Zeintzuk sortu? Badugu planetarik produkzio horri aurre egiteko? Paradoxa: kotxeak garbitzeko makinaeik ez omen dago Britainia Handiko gasolindegietan pertsonak merkeago direlako kotxeak garbitzeko. Teknologia berrien paradoxak.

- Ekonomia kolaboratiboa (eufemismoa): autoesplotazioa eta autonomo faltsuak. Orain riderrak ditugu buruan, baina etorkizunean ingeniariak izan daitezke, kontableak ere. Prekaritatea beste esparruetara ere iritsi daiteke.

- Agian Giza baliabideetako arduradunak ere algoritmoak izan daitezke. Makinek erabakitzen dute, adibidez, zein da kurrikulum onena, edo nork merezi duen soldata gehigarri bat. Baina algoritmoak ez dira zerbait objektiboa, norbaitek diseinatzen ditu, sesgoak dituzte. Nork kontrolatuko ditu algoritmoak?

- Nor izango da noren tresna? Makinak gizakien tresna, edo gizakiak izango dira makinen tresna?

Teknologia berrien erabilera izan daiteke txarra, edo beste modu batera erabil daiteke. Eta guretzat, etorkizuneko erronka moduan, hau klase borroka izango da. Teknologia jendearen zerbitzura jartzea edo jendearen kontra, klase borroka izango da. Enplegua desagerraraztea edo lanaldia murriztea, modu oso inportante batean jendea hobeto bizitzeko, hori hautu politiko bat da. Eta guk, erakunde bezala, antolatu egin beharko dugu horri aurre egiteko.

Ertzetan dauden pertsonak erdigunera ekarri behar ditugu. Eta agian erdaraz dakigun gizon zuriok beste batzuei tokia utzi beharko diegu borrokaren erdigunean lekua har dezaten. Baina horrek indar kolektiboa emango digu beste erronka batzuei erantzuteko. Ez gaitu ahulduko, indartu egingo gaitu.