Txalorik jaso ez zuten emakume guztiei

2021/03/08
51003314556_895cecde70_o.jpg
Jone Bengoetxea: "Guretzat, ELArentzat, aurtengo Martxoaren 8an urteko protagonistak asko izan dira. Eta guztiak hartu nahi ditugu aintzat. Urtebete igarota, sindikatuan uste dugu ezinbestekoa dela borrokan jarraitzea, mobilizazioei eustea, kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoaren alde; hori izan da zaintza sektoreko greben helburua, joan den azaroaren 17an, urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an."

Jone Bengeoetxea, ELAko Berdintasun arduraduna. Berrian argitaratuta.

Jone Bengoetxea

Urtebete da COVID-19 gaitza gure bizietan bat-batean sartu zela. Urtebete da horrek ekarri zuen krisi sanitarioak agerian utzi zituela krisi sistemiko baten berezko aje eta hutsuneak, Bigarren Mundu Gerratik ikusi gabeko zerbait.

Urtebete da gure planetak eta naturak arnasa hartu ahal izan zutela beheraldi produktibo orokorrari esker. Batzuek uste genuen auzoen artean sortu ziren babes eta zaintza sareek komunitate bihurtzeko aukera ematen zutela.

Urtebete da derrigor konfinatuta egoteak erakutsi zigula gure bizimodua zein zaurgarria eta ziurtasunik gabea den.

Egoera hartan, bada, txalo jo genuen. Txalo, baliabide eta babes instituzional eskasak zituzten langile sanitarioei. Txalo, aspaldidanik murriztu eta murriztu ari ziren sektore bati; haatik, hor ziharduten langileek, beren bizia arriskuan jarriz, gure larrua salbatu zuten.

Emakume askok eta askok gu eta jendarte guztia zaintzea lehenetsi zuten, ez beren gorputza edo bizia. Hala ere, askok ez zuten txalorik jaso: ez supermerkatuko langileari, nahiz eta egunero behar ditugun produktuez hornitu eta horretarako aparteko orduak egin behar izan; ez lanean EPI gisa zabor-poltsa erabili behar zuen zahar-etxeko langileari, inguruan etengabe jendea hiltzen zela ikusten zuelarik; ez egoera administratibo irregularrean zegoelako deportatzeko mehatxua egiten zioten etxeko langileari; ez call-centerreko zuloan aurikularrak, mikroa eta ordenagailua partekatuz bata bestearen gainean lan egin behar zuten beharginei; ez Sephora kosmetika dendako grebalariari (hilean 900 euro jaso eta 1.000 euro balio duten kremak saltzen dituena); ez bereziki egoera zaurgarrian dauden pertsona eta kolektiboekin lan egiten duen gizarte hezitzaileari, erakundeek ez ikusiarena egiten duten artean; ez lan-karga jasanezina duen eta lan-gaixotasunen aitortza ukatzen zaion hoteletako garbitzaile edo Kellyari; ez Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileari, zeinak ikusi duen Sacyr eraikuntzako multinazionalak nola bihurtu duen negozio pandemian oinarrizko zerbitzu izan zena eta zerbitzu publiko beharko lukeena; ez ospitaleko garbitzaileari, lantalde sanitarioa bezain ezinbestekoa izanagatik ere; ez hezkuntza-komunitateko langileei, batik bat kolektibo prekarizatuei, esaterako jantoki eta garraioko langileei; ez eta kontraturik eta ABEE enplegua erregulatzeko espedienterik izan ez duten ostalaritzako zerbitzariei ere... Amaigabeko zerrenda dugu hau.

Aipatu ditugun oinarrizko lan hauez gainera inork aintzat hartzen ez dituenak daude, etxean egiten direnak, ordainik gabeak, ikusezinak, kasu gehienetan emakumeen esku daudenak eta gure herriaren BPGari ekarpena egiten diotenak, horren zenbaketa ofizialik aspaldi egiten ez den arren.

Hauek ez dute txalorik entzun; ez zaie keinu bat ere egin, edota lan arloan zein emozionalean erreparaziorik eman, negozioaren interes ekonomikoa kokatzen baita pertsonei zainduak izateko eta arreta duina jasotzeko zor zaien eskubideen aurretik. Galdetu, bestela, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan diharduten emakumeei, euren eskubideen alde eta zaintzen dituztenen alde borrokan daudelarik. Honezkero 240tik gora egun greban! Arabako lankideak bide bera hartzekotan dira... Borroka bizirik eta sasoian dago zahar-etxe eta zentro sanitarioetan!

Eta zer esango dugu etxeko eta zaintza langileei buruz! Sistemak ez ditu ikusi nahi, baina ezinbestekoak ziren pandemia aurretik, baita ondoren ere, biztanleriaren zati handiena zaintzerakoan. Gehienak emakume migratu eta arrazializatuak dira, eta hori ez da kasualitatea; lana sexuaren eta arrazaren arabera banatzen da.

Guretzat, ELArentzat, aurtengo Martxoaren 8an urteko protagonistak asko izan dira. Eta guztiak hartu nahi ditugu aintzat.

Urtebete igarota, sindikatuan uste dugu ezinbestekoa dela borrokan jarraitzea, mobilizazioei eustea, kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoaren alde; hori izan da zaintza sektoreko greben helburua, joan den azaroaren 17an, urtarrilaren 26an eta martxoaren 4an.

Honenbestez, grebak, mobilizazioak eta konfrontazioak, lan-eremuan zein jendartean, atzerakada neoliberala indarrean denean eta egoera orokorrari murrizketa eta aldaketa usaina darionean.

Bada, borroka honetan, etorriko direnetan bezala, sindikalismo feministan, etxean zein kalean lanean dihardugun emakumeok, borrokaren lehen lerroan gaude eta izango gara!

Txaloekin, nahiz txalorik gabe.