Txetx: "Gure engaiamenduak soilik lortuko du COP21eko xede hutsak errealitate bihurtzea"
Txetx Etcheberry, Bizi! mugimenduko kidea
"Ez da bukatu, hastapena baizik ez da!"
Arazo klimatikoaren larrialdiak eta larritasunak, sekula baino gaurkotasun gehiago du. Arazoa konpontzeko, tokian berean eta nazioarte mailan mobilizatzeko behar gorria dago. Okerrena saihesteko, urte batzuk bakarrik gelditzen zaizkigu eta gure gizarteek dena dute irabazteko aldaketa klimatikoari begira aurkituko diren aterabideekin: sor ditzaketen lanpostuen aldetik, osasun publikoaren aldetik, bizitza-kalitatearen alorrean, ingurumenaren arloan, justizia sozialarenean, elkartasunarenean eta abar.
COP21ean eman zen akordioaren edukiari buruz gure ikusmoldea zeinahi izanik ere, gailur hori aitzin egon diren bi urteek ez dizkigute eskuak hutsik utzi, klima orekatzearen aldeko gatazkan
COP21ean eman zen akordioaren edukiari buruz gure ikusmoldea zeinahi izanik ere, gailur hori aitzin egon diren bi urteek ez dizkigute eskuak hutsik utzi, klima orekatzearen aldeko gatazkan. Erronka klimatikoaren larrialdia eta larritasuna sozializatuz joan da gero eta gehiago. 2014ko irailaren 21ean New Yorken iragan zen manifestaldia, Vietnamgo gerlaz geroztik Estatu Batuetan izan den handiena da. Nazioarteko Konfederazio Sindikala, bere hiru lehentasunetatik bat bezala finkatu du klimaren gaia. Francisco Aita Santuaren Laudato Si entziklika, bereziki engaiatua da klima eta ekologia gaietan, eta gisa bereko posizio hartzeak izan dira protestanteen eta musulmanen aldetik. Alternatiba prozesuak, tokiko iniziatiba sinple batetik abiatuz, Baionatik, Euskal Herritik, garapen harrigarria izan du, bi urtez 550 000 (bostehun ta berrogeita hamar mila) pertsona ukituz.
2014 eta 2015 urteek, pixkanaka sortarazi dute, kaos klimatikoa saihesteko eraginkorra izan daitekeen ekintza-estrategia. Estrategia hori hiru adarretan bil genezake : lehen adarra lirateke, Alternatibak eta hauek pixkanaka eraikitzen ari diren eredu aldaketa, bigarren adarra, klimaren suntsipenarekin ez kolaboratzea eta energia fosiletatik ateratzea, eta hirugarrenik, mobilizazioak, proiektu klimatizidei erresistentzia eta desobedientzia zibila.
Gaurko erronka, alternatiba horiek eskalaz aldatzea izanen da, oraindik gutiengo batenak baizik ez direlako eta haien arteko loturak sortzea, dituzten efektuak biderkatzeko, baita mugimendu herritarrekin, sindikatuekin eta herriekin edo tokiko instituzioekin dituzten loturak ere
1) Alternatiba prozesuak arrakasta harrigarria lortu du, klimaren gaia, aterabide eta alternatiben ikuspegitik jorratuz. Zein dira gaur berotegi efektuko gasen isurketak apaltzea ahalbidetzen diguten ekimen konkretuak, gure elikadura eta laborantza ereduan, kontsumo edo lurralde, ekoizpen eta energia-garraioaren antolaketa ereduetan? Hiritar bakoitzak, kolektibo edo antolakunde bakoitzak, hiri, herri edo lurralde bakoitzak nola azkartu ditzake alternatiba horiek egun eta hemen?
Alternatiba horiek, eredu aldaketaren logikan daude eta erantzun beharreko galdera demokratiko eta sozialak dira, aterabide teknikoak baino gehiago. Eskema orokor berean kokatu behar dira: neurritasuna, energian behar gutiago duten ereduak ukaitea eta berriztagarritasuna eta berrerabilgarritasuna. Adibide bat baizik ez emateko, gakoa ez da gaur egungo auto eta kamioi guziak ordezkatzea auto eta kamioi elektrikoekin, baizik eta gure ekoizpen eta bizi oldeak birtokiratzea, garraio kolektiboak garatzea eta garraio-molde goxoak garatzea (bizikleta, errepidekoa ez den garraioa), autokidetza eta hutsik dabiltzan kamioiak gutitzea eta azkenik, bideko garraioan gelditzen denarentzat, erregai aldetik askoz neurtuagoak diren ibilgailuak edo jatorri berriztagarria duten elektrizitatearekin dabiltzanak segurtatzea.
Alternatiba horiek lanpostu anitz sortzen dute (bizitegien isolatze termikoa; laborantza industriala, laborantza herrikoira birmoldatzea; banaketa eta birziklatzea; zirkuito laburrak eta birtokiratzea; energia berriztagarri iturriak…) eta harreman soziala ere bai, gure ingurumen eta osasunerako hobeak direnak. Azkenik, abertzale eta aurrerakoi gisa, gizartearen antolaketaren gure ikuspegitik hurbilago daude, ez hain zentralizatua eta uniformizatua, lurralde autonomoagoekin maila guzietan eta elkartasunezko, partekatze, nortasun kolektibo eta kultura herrikoi, parte-hartzaile eta ez-merkatari logiketan pentsatuak. [...]
Gaur egun, komenigarri da Pariseko akordioan dauden 1,5°Cko berotzearena bezalakoak diren edukirik gabeko helburuak erabiltzea, inoiz baino zilegitasun gehiago emateko mobilizazioei, borrokari, erresistentziari edo desobedientzia zibilari eta bortxa-gabeko ekintza determinatuei
Gaurko erronka, alternatiba horiek eskalaz aldatzea izanen da, oraindik gutiengo batenak baizik ez direlako eta haien arteko loturak sortzea, dituzten efektuak biderkatzeko, baita mugimendu herritarrekin, sindikatuekin eta herriekin edo tokiko instituzioekin dituzten loturak ere. Aipatzen dena da errealitatean eragin gehiago ukaitea eta “sistema egiteko” gaitasuna erakustea, klima desorekatzen duen sistema produktibista eta kapitalista honi alternatiba orokor baten aukera sinesgarria eta ikusgarria izan dadin.
2) Energia fosiletatik gibelerat egitearen mugimendua azkarki garatu da azken hiru urteetan, batez ere 350.org (hirurehun ta berrogoita hamar punttu org) eta Divest-Invest-ek bultzaturik. Haien helburua da instituzio publikoak (hiriak, eskualdeak, pentsio funts burujabeak…) edo pribatuak (inbertitze edo funts pentsioak, fundazioak, unibertsitateak, elizak, etab.) konbentzitzea energia fosiletan (petrolioa, gasa, ikatza) kokatuak dituzten aktiboak utz ditzaten. 2014ko irailean, energia fosiletatik gibelera egitea erabaki zuten 181 instituziok, orotara 50 miliar euro aktibo ordezkatzen zutenak. 2015eko irailean, bide horretan engaiatuak ziren 400 instituzio eta 2 600 (bi mila ta seiehun miliar aktibo). 2015eko abenduaren 2an, COP21a betean, 500 instituzio eta 3 200 miliar euro aktibo ziren.
Gisa bereko kanpainak eraman daitezke norbanakoekin, beren bankuak ikatzean inbertitzen badu, bankua uztera gomitatuz. Iparraldean, Bizi-k lan hori darama duela zenbait urte jada. Lotura egiten da alternatibekin, pertsonak banku etikoaren hautua egiten ahal baitu adibidez Fiare deituarena, edo existitzen diren elkartasunezko aurrezki funtsetan sar daiteke, energia berriztagarria ekoizten duten materialaren diruztatzeko edo laborantzako lurra zaintzeko edo erosteko, Iparraldean I-Ener eta Lurzaindiaren gisan.
Badira arrazoiak baikor izateko : klima mugimendua duela bizpahiru urte baino azkarragoa da eta azken urte honetan hainbat garaipen zehatz eta garrantzitsu lortu da.
3) COP21ak klimaren aldeko mobilizazio masiboen unea izan behar zuen. Azaroaren 13an 130 hil eta Pariseko biztanleriaren zati bat ikaratu zuten atentatu djihadisten ondotik, larrialdi egoerarekin eta manifestatzeko debekuekin, egoera errotik aldatu zen, Parisen bederen.
Alternatibarentzat, mobilizazio estrategiaren %90a COP21a aitzin pentsatu eta burutu zen eta ondorioz atentatuek eta larrialdi egoerak gutiago kaltetu dute. Mobilizazio herritarraren une azkarrak izan dira 110 alternatiben herrixkak eta 4 hilabete osoz antolatu den Alternatiba Itzulia.
Alternatiba Itzuliaren heltzean Parisen irailaren 26an eta Alternatiba Pariseren asteburu berean 60 000 pertsona bildu ziren Errepublikako plazan bi egunez. Egiazki, hau izan da klimaren aldeko mobilizaziorik handiena Frantzian 2015ean. Zifrak baino gehiago, momentu azkar horrek gogoak markaturik utzi ditu eta klima mugimendua osatzen duten hainbat alternatiba, borroka eta erresistentzia aitzina ekarri ditu.
Militante belaunaldi berri bat, biziki engaiatua eta biziki deliberatua, sortu eta formatu da Alternatiba prozesu horretan. COP21aren garaian mobilizazio indar handienetarik bat izan da. Ez ditu soilik bere ekimenak mantendu, mundu mailako Alternatiben herrixkaren gisan, baizik eta gobernuak debekatu zituen mobilizazio eta manifestaldiak ordezkatzeko, azaroaren 29an jende kate erraldoi bat eta Eiffel dorrean abenduaren 12an larunbatarekin elkarretaratze handi bat antolatu zituen besteak beste. Interbentzio erregistro berri bat garatu zuen batez ere Action non -Violente COP21 mugimenduaren sortzearekin. Desobedientzia zibileko ekintza ugari gertatu dira COP21a aitzin eta COP21ean, batzuetan ehunka jende mobilizatuz. COP21ari bukaera eman zion larrialdi egoera klimatikoa deklaratuz eta mundu osoko herri guziak justizia klimatikoaren alde mobilizatzera deituz.
Gaur egun, komenigarri da Pariseko akordioan dauden 1,5°Cko berotzearena bezalakoak diren edukirik gabeko helburuak erabiltzea, inoiz baino zilegitasun gehiago emateko mobilizazioei, borrokari, erresistentziari edo desobedientzia zibilari eta bortxa-gabeko ekintza determinatuei. Helburu horiek ahalbidetzen dute behar klimatiko egoera aldarrikatzea. Estatuek eta talde ekonomiko handiek ez badituzte helburu horiek errespetatzea ahalbidetzen duten politikak gauzatzen, ondorioz herritarrei eta herriei dagokie egitea :
- fracking-a, off shore den petrolio eta gasa, aireportu berriak, AHT bide berriak, etxalde industrial erraldoiak, merkataritza-zentro erraldoiak, laborantza lurren artifizialtzea, etab. bezalako klima suntsitzaileak diren azpiegitura eta proiektuei oposizioa biderkatuz.
-enpresa ekonomiko handietan eta bankuetan presioa eginez, beste praktika batzuk, beste ekoizpen molde batzuk, beste inbertsio mota batzuk (eta des-inbertsioak ere) eta birmoldatze sozial eta ekologikoaren arloan hautu argi eta bizkor batzuek aldarrikatuz.
-Estatuen gain presio eginez klima-energia trantsizioaren arloan lege anbiziotsu batzuen alde, erregai fosilei emanak zaizkien diru-laguntza publikoak gelditzeko eta horiek birbideratzeko enplegu-klimatikoen alde, energia arloan neurritasunaren eta elkartasunaren alde eta berriztagarrien garapenaren alde doazen politikei buruz. Estatu mailako eta Europa mailako berotegi efektuko gasen isurketen ttipitzearen engaiamenduen berrikuste bizkor eta anbiziotsu bat eskatuz.
-TIPP (Europa eta Amerikako Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Hitzarmena) edo CETA (Canadarekilakoa) bezalako akordioen geldiaraztea saiatuz, desarautze, deslokalizatze politikak geldituz, lanaren eta aberastasunaren partekatzearen alde borrokatuz, hots langabezia eta prekarietatea borrokatzeko eta era berean klima aldaketa saihesten duen molde bakarraren alde borrokatuz.
-Estatuei, eskualdeei eta udalerriei trantsizioaren aldeko neurri indartsuak eskatuz, baita lurraldeari lotuak zazikien trantsizioaren aldeko ikerketa eta planoak ere, desinbertsioaren arloan ekintza zehatzak aldarrikatuz baita jada martxan dauden alternatiben aldeko sostengu politikak ere.
Ez da berantegi klimaren borroka irabazteko :
Badira arrazoiak baikor izateko : klima mugimendua duela bizpahiru urte baino azkarragoa da eta azken urte honetan hainbat garaipen zehatz eta garrantzitsu lortu da.
Estatu Batuetan, 2015eko azaroan, Keystone oliobide erraldoiaren proiektuaren aurkako gaitzeko kanpaina herrikoia eta desobedientzia zibileko ekimenak sortu ziren eta Obama presidenteak geldiarazi zuen proiektua.
Herbehereetan, 2015eko ekainean, epaitegi batek Estatuari agindu zion bere herriko berotegi gas isurketak gutienez %25ez (ehuneko 25ez) apaltzea 2020ko, 1990koei alderatuz. Ingurumenaren defentsaren aldeko antolakunde batek justiziaren aitzinera eraman zuen salaketaren ondorioa izan da. Pakistan herrialdean, 2015eko irailean, Lahore hiriburuko justizia Gorte Nagusiak, laborari batek eskaturik, « kontseilu klimatikoa » sortzea manatu du, Estatuak klimari buruz hartutako engaiamenduak gauza ditzan segurtatzeko.
Frantzian, presio-kanpaina batek eta desobedientzia zibil ekintzek -Bizi!k sustaturik besteak beste-, munduko banku handienetarik den Société Générale, gibelaraztea lortu dute Alpha Coal proiektu klimatizida Australian egitetik, honen xedea zelarik Galileako haranean sekulako ikatz meategien ustiatzeari bidea irekitzea. Geroztik, beste frantses bankuek proiektu horretan neholako inbertsiorik ez egiteko engaiamendua hartu dute.
Orain Euskal Herri mailakoa da erronka, bai iparraldekoa bai hegoaldekoa: nola gureganatuko dugu munduko Estatu guztiek eta Europar Batasunak bozkatu duten nazioarteko helburua, hots, hemendik 2100 urtera beroketa klimatikoa +1,5 gradupetik mantentzea. Nola egituratu behar dira aldaketa orokorrak eta nola gogoetatu eta abiatu oraindanik politikak, birmoldatze sozial eta ekologia alorretan? Nola planifikatu, neurritasuna, efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien garapenaren arloetan ? Nola birbideratu inbertsioak proiektu suntsigarrietatik, trantsiziora eta neurri eta enplegu klimatikoetara? Zein lurralde antolaketa, lan eta aberastasunen banaketa politika, bizitegien politika, garraioena, laborantzarena, zein kontsumo zirkuitu eredu, zein politika birziklatze alorrean, konponketa alorrean, hondakinen prebentzio eta kudeaketan?
Nola murgildu oraindanik ikuspegi orokor horietan ? Nola aitzinarazi horiek? Nolako tresnekin ? Zein alternatibarekin ? Zein borroka motarekin ? Zein oztoporekin ?
Urtez urte aspaldidanik hasirik, ELA sindikatua ez da COP 21aren zain egon galdera horiek guztiak agerian ezartzeko eta erantzun kopuru handia ekartzeko. Ondoko urteetan, lasterragotzen eta areagotzen ari den klimaren nahasmenduak, honen lehen ondorioek jada ukitzen gaituztelarik, erantzun horiek gaurkotasunezkoak eta saihestezinak bilakatuko ditu.
Populakuntza aktiboarentzako trantsizio justua, enplegu dezenteak eta kalitatezkoak sortzea, gizonen eta emakumeen eskubideen errespetua, elikadura segurtasuna eta osasun eskubidea Pariseko Akordioaren hitzaurrean baieztatu dira. Baina 1,5 gradu helburua bezalaxe, giza espeziearen aldeko funtsezko borroka honetan, gure engaiamendu erabakigarriak baizik ez du lortuko, oraingoz paperean idatziak dauden xede soilak besterik ez diren hitzak, errealitate bilakaraztea Euskal Herrian eta munduan.