Yayo Herrero: "Nola kontzientziatu trantsizio ekosozial justu baterako?"
Yayo Herrerok "Zer egin dezakegu, nola kontzientziatu gure inguruko jendea bidezko trantsizio ekosozial baterako?" galderari emandako erantzuna, ELAk Industria eta Eraikuntza Federazioarekin antolatutako jardunaldiaren barruan, trantsizio justu baterako gakoak hausnartzeko, sindikatuaren proposamena aurkezteko eta Federazioaren konpromisoak azaltzeko.
Hona hemen bere erantzunaren bideoa eta transkripzioa:
Hori da, hain zuzen, galdera gakoa.
Duela aste batzuk, Bartzelonan, Angela Davisek ere parte hartzen zuen ekitaldi batean egoteko zortea izan nuen. Estatu Batuetako arrazakeriaren aurkako borrokan erreferente garrantzitsuenetako bat da bera. Izugarrizko emakumea da, denbora asko darama aktibo. Itxaropena ote zuen galdetu zioten, baikorra ote zen. Berak erantzun zuen, hainbeste urte aktibismoan eman ondoren, berarentzat itxaropena diziplina bat dela. Erantzun bikaina iruditu zitzaidan. Nik ere horrela bizi dut. Baikorra edo ezkorra naizen galdetzen didatenean, ez dudala pentsatu ere egiten esaten dut. Nire inguruneari erreparatzen diot, zer dagoen ikusten dut, eta, jendea asko gustatzen zaidanez, lanean jarraitzen dut ni eta nire inguruko pertsonak, eta, ondorioz, ezagutzen ez ditudanak ere, duintasunez bizi ahal izan gaitezen.
Geure buruari galdetzen diogunean zer egin dezakegun, ez dut esaten politika instituzionala alferrikakoa denik. Asko axola zait politika publikoa, eta ez zait berdin nork gobernatzen duen. Esan nahi dudana da, gobernatzen dutenek beharrezkoa dena egin dezaten, batzuetan nolabaiteko desobedientzia instituzionala eginez, desobedientzia eta aldaketa horri kalean eutsiko dion jendea behar dela. Jende antolatua, gauza askotan ari daitekeena. Aldaketa nola gertatzen den galdetzen dugunean, orain dela urte batzuk nolakoa nintzen gogoratzen saiatzen naiz, ez bainintzen horrela jaio. Imajinatzen dut zuek ere uneren batean aktibatu zaretela, zerbaitek aktibatu zaituztela sindikatu aritzeko. Zerk bultzatu zintuzten sindikatu batean parte hartzera? Zerk bultzatu zintuzten ordezkari sindikal izatera? Aurrez egindako lan horrek aktibatu zintuzten. Zuek dagoeneko aktibo zaudete, eta espazio zoragarri bat duzue zuen ingurukoen artea hau zabaltzeko eta konbentzitzeko. Adibidez, aspaldi ondorioztatu nuen hobe dela beste batzuek norberaren familia konbentzitzea, sarritan horiek baitira konbentzimendu lan egiteko ingurunerik zailenak.
Nire bizitzako bi une dramatiko gogoratzen ditut: aita hil zitzaidanean, ni oso txikia nintzela, eta lan egiten nuen enpresan sinatu behar izan nuen enplegu-erregulazioko espedientea. Emozionalki bizi izan ditudan bi unerik gogorrenak izan ziren. Baina egia da, baita ere, ordezkari sindikal gisa egon nintzen denbora aukera bat izan zela langile mugimenduak beti egin duen konbentzimendu eta prestakuntza lan bat egiteko. Gramscik esaten zuen: "Prestatu, ikasi, antolatu eta borrokatu". Prestakuntza ez da soilik hezkuntza abstraktua, baizik eta bizi dugun mundua ulertzen laguntzea. Uste dut sindikatua eta enpresa leku bikainak direla eztabaidak irekitzeko eta konbentzitzen saiatzeko.
Oso herri txikian bizi naiz, eta PPk eta Voxek irabazi ohi dute. Hala ere, irailean, 15 laguneko talde bat astero elkarretaratzeak egiten hasi ginen Gazari elkartasuna adierazteko. Harrezkero, PPko alkateak Gazako lan taldeari harrera egitea lortu dugu, Gazari elkartasuna adierazteko jaialdi bat antolatu dugu 3.000 lagunen parte-hartzearekin eta tokiko saltoki guztiek Gazari elkartasuna adierazteko kartelak jartzea lortu dugu. Herri osoa sumintzea lortu dugu genozidio dinamika baten aurrean. Irailean hau lortuko genuela esango balidate, ez nuke sinistuko.
Jendeari buruz aurreiritzi antropologiko oso negatiboa dagoela uste dut. Orain dela gutxi esaten zidaten jendeak ez duela nahi... Gure gizartean indibidualismo handia dago, baina baita ezkutuko konfiantzazko harreman asko ere. Ez al gara fidatzen, bada, semea edo alaba haur-eskola batean uzten dugun lehen aldian, nork zainduko duen jakin gabe? Ez al gara osasun publikoko medikuaz fidatzen tratamendua ematen digunean? Ez al gara autobuseko gidariaz fidatzen salbu eraman gaitzan? Konfiantzazko harreman asko daudelako eusten zaio sistema honi.
Ez dago lasterbiderik! Edozein mugimendu emantzipatzaileren lana jendea konbentzitzea da. Mugimendu sufragistak emakumeentzako botoa lortu zuen, pertsona beltzen eskubideen alde borrokatzen duen arrazakeriaren aurkako mugimendua. Ez da hobekuntzarik lortu banan-banan eta ahoz aho lan hori egin gabe. Horregatik, aktibismo-espazioek bizigarriak izan behar dute. Aktibismo-espazio batean gure artean kanpokoekin baino gehiago borrokatzen bagara, ez da izango bertan egon nahi dugun espazio bat. Aktibismoa konfiantzarako eta babeserako gunea izatea behar dugu, ondo sentitzen garena. Oso babestuta sentitzen garen babes-ereduak eraikitzeko aukera dago, baita oso aurkako inguruneetan ere.
Greba baten ondoren, irabazten denean, garaipena ospatu behar da. ELAren greba eta lorpenen hedatzaile handienetako bat naiz. Joaten naizen lekuan, zainketen arloko emakume langileei buruz hitz egiten dut beti, haien lan-baldintzak hobetzea nola lortu duten. Orain, aipatu berri duzuen azken garaipen honen inguruan ere informazioa jasoko dut, kontuan izan eta zabaltzeko. Borroka arrakastatsu horiek guztiak ikus arazi behar dira. Adibidez, erresistentzia-kutxa gizateriaren asmakizunik onenetakoa da kapitalaren aurrean eusteko. Existituko ez balitz, asmatu egin beharko litzateke. Eta zuek erresistentzia-kutxa bat duzue! Hori egiteko konbentzimendu lan handia behar da.
Sentitzen dut asteburua izorratu badizut, baina arazoak ez dira desagertzen haiei ez begiratzeagatik. Edo badakigu putzu batean gaudela, edo ezinezkoa izango zaigu bertatik ateratzeko antolatzea.