"Zaintzak ardatz dituen egitura sozioekonomikorako proposamena "

2020/06/03
PerezOrozco.jpeg
Zeri buruz hitz egiten dugu zaintzez ari garenean? Pixoihal bat aldatzeaz ari gara, bere kabuz balio ez duen adineko pertsona bati jaten emateaz, arnasgailu bat jartzeaz, baina baita etxean sukarra hartzeaz ere. Gure ingurukoei zer moduz dauden galdetzeaz edo galdetzeko deitzeaz ere ari gara. Zure arropa edo etxea garbitzeaz ari gara, denborarik ez duen edo denborarik ez duela dioen exekutibo baten arropa edo etxea garbitzeaz. Gero jan ditzakezun elikagaiak lantzeaz. Supermerkatuan alde batetik bestera eskaintzen bila aritzeaz. Gasaren ordainketarako iristen ez zaizunean energia beharrak asetzeaz. Arropa ehundu edo konpontzeaz ari gara, edo etxean maskarak egiteaz, fabrikek ezin dutelako (Amaia Pérez Orozco, ekonomilari eta militante sozial eta feministak, Diputatuen Kongresuan eginiko agerraldiaren bideoa, audioa eta transkripzioa)

Hemen hitzaldiaren bideoa:

 

Hemen hitzaldiaren audioa:

 

Hemen hitzaldiaren transkripzioa euskaraz:

 

Arratsalde on, jaun-andreok.


Eskerrik asko hemen egoteko aukera emateagatik, are gehiago arratsaldeko ordu bata paseak direnean eta goiz osoko hitzaldien ondoren, beraz, asko eskertzen dizuet entzutea. Ni hona nator zaintzaz hitz egitera, zaintza-sistemaz, zaintzen ekonomiaz nahi baduzue. Baina hasi nahi nuen, galderara itzuliz: zeri buruz hitz egiten dugu zaintzez ari ginenean?

Izan ere, zaintzaz ari garenean, esaterako, pixoihal bat aldatzeaz ari gara, bere kabuz balio ez duen adineko pertsona bati jaten emateaz, arnasgailu bat jartzeaz, baina baita etxean sukarra hartzeaz ere. Baina, gure ingurukoei zer moduz dauden galdetzeaz edo galdetzeko deitzeaz ere ari gara. Zure arropa edo etxea garbitzeaz ari gara, denborarik ez duen edo denborarik ez duela dioen exekutibo baten arropa edo etxea garbitzeaz. Gero jan ditzakezun elikagaiak lantzeaz. Supermerkatuan alde batetik bestera eskaintzen bila aritzeaz. Gasaren ordainketarako iristen ez zaizunean energia beharrak asetzeaz. Arropa ehundu edo konpontzeaz ari gara, edo etxean maskarak egiteaz, fabrikek ezin dutelako.

Hau da, mendekotasun egoeran dauden pertsonen eta haurren arreta baina askoz ere zabalagoa den lan kopuru eta mota izugarriaz ari gara. Bizitzak bizitzak egunerokoan funtziona dezan ezinbestekoak diren lanak. Nolabait esatearren, pertsonen ongizate fisiko eta emozionalaren eguneroko berreraikitze prozesua da, beti amaitu gabea den prozesua. Izan ere, pertsona guztiak gara zaurgarriak eta guztiok behar ditugu zaintzak gure bizitzako egun guztietan, intentsitate mota desberdinetakoak. Eta zaurgarria den bizitza hau zaintzeko modu bakarra, elkarrekin da, izan ere, horren guztiaren interdependenteak baikara.

Zaintzei buruz hitz egiten dugunean, beste guztia gelditzen saiatu denean gelditu ezin izan den honi guztiari buruz hitz egiten dugu. Nolabait esatearren, sistemaren B aurpegiaz ari gara. Historikoki, izen ezberdinak jarri izan dizkiogu horri. Batzuetan etxeko lanez hitz egin dugu, beste batzuetan bizitzaren erreprodukzio lanez, baina erreferentzia beti historikoki emakumeei lotuta egon diren lanak dira, desberdintasun-baldintzetan banatuta, gaizki ordainduta edo ordaindu gabe... Bizitza kolektiboaren zaintza lehentasuna ez zen sistema baten testuinguruan bizitza mantendu duten lanak, alegia. Alde horretatik, gaur zaintza deitzen diogun hori, borroka historiko bati ere lotzen zaio, emakumeen eskubideen defentsaren aldeko borroka feministari. Baina ez hori bakarrik, hori kontuan izanik, desberdintasun sozialen aurkako borroka bat da, mundu ezberdin bat eraikitzeko borroka. Hortik esaten dugu bizitza erdigunean dagoela.

Gaur hemen, nire ahotsa entzuten duzue, baina ahots askoren metaketa da nirea. Esaten dudanaren atzean metaturiko borroka historiko bat dago. Ni hemen nago, besteak beste, titulu ofizial batzuk ditudalako, baina hemen egon litezke edo egon beharko lukete, askoz titulu gutxiago dituzten beste lagun batzuk, baina esperientzia eta bizi-jakinduria metatu izugarria dutenak. Ea gaur goizean nire ahotsean entzuten duzuen ahots kolektibo hori guztia. Ahots kolektibo honetatik, bi kolpetan gauzatzeko zaintza-politika baten proposamen zehatza ekarri nahiko nizueke. Bat, epe ertainera, Estatu zaintza-sistema bateranzko lehen urratsekin. Eta beste bat, epe laburrera, txoke plan bat.

Sakoneko proposamena zaintza-politika bat trantsizio-politika gisa pentsatzea da. Zertaz ari naiz zaintza-politika trantsizio-politika gisa esaten dudanean? Bada, helburu bikoitz bati erantzuteko gai izango den politika batez. Batetik, larrialdi egoera bati erantzungo diona. Zaintza lanari erantzuten dioten moldaketa ugari daude oso prekarioak direnak edo zuzenean kolapsatuak daudenak. Larrialdiei erantzun behar diegu, baina baita aldaketa sistemiko baten oinarriak finkatu ere. Izan ere, gaur egun, eta aspalditik esaten dugun bezala, Covid krisia baino lehen ere, mundua aldatzen ari da, mundua trantsizioan dago. Kolapso ekologikoa dimentsio anitzeko krisiarekin uztartzen da. Galdera ez da ea mundua aldatzea nahi dugun, mundua ezinbestean aldatuko baita. Galdera, mundua norantz aldatuko denaren arduradun egin nahi dugun ala ez da. Saiatuko naiz argudiatzen mundua norantz doan ardura hartu behar dugula.

Trantsizio-politika bat behar dugu helburu bikoitz horrekin, eta gai izango dena jada ditugun tresnak erabiltzeko, dagoeneko baditugun ongizate-estatukoak, sendotu eta harago joateko, baina baita berriak izango diren beste tresna batzuek sortzeko. Alde horretatik, esango dizkizuedan gauzek batzuek hurbilagoak izango dituzue, ulergarriagoak, eta beste batzuek ezezagunagoak egingo zaizkizue, asmatu egin behar baititugu.

Berritu egin behar dugu, trantsizio ekosoziala zuzendu behar dugu. Ekoizpen-eredu jasanezin batetik atera behar dugu, bidegabe banatuta eta ikusezinak diren B alde horretako zaintzek eusten duen sistematik irten. Sistema, jasanezina izateaz gain, oso hauskor agertu da, minutu bakar bat ere gelditzeko gai ez delako. Eta eredu horretatik irtenda, erreproduzigarria, jasangarria, bizitza kolektiboaren zaintza ardatz izango duen eredu batera igarotzea.

Eta, horretarako, epe ertainerako proposamena lurraldeetan errotuta dagoen estatu zaintza-sistema pentsatzen hastea da, zaintzak politika hirukoitz moduan pentsatzeko aukera emango digun sare instituzionala eraikitzeko gai izango dena: trantsizioa gidatzeko itsasargi-politika bat, zaintzetatik gainerako politika publikoaren aldaketara bultzatuko duen palanka-politika, eta zaintzarako eskubide unibertsal deitzen dioguna benetan gauza dezaketen politika espezifikoak.


Zaintzak, itsasargi-politika bat bezala.

Ardura hartu behar dugun trantsizio-une batean bagaude, galdera nagusi bat dugu: norantz joan nahi dugu? Pentsatzen hasi behar dugu zer bizimodu zaindu nahi dugun egunerokoan? Eta nola zaindu nahi dugu egunerokoan?

Hori itsasargi bat izan daiteke, trantsizio-horizonte hori pentsatzeko leku pribilegiatua, zaintzek bizitzatik bertatik hitz egiten dutelako. Sistema sozioekonomikoari behetik gora begiratzea da, bizitza zehatzetik egitura handietara eta bizitza zehatzera itzultzea. Eta horregatik optika pribilegiatua da, izan ere beste leku batzuetatik begiratzen dugunean, merkatuetatik esaterako, askoz ere denbora gehiago kostatzen baitzaigu ikustea. Zaintzen ikuspegitik begiratuta, krisiaz duela bi hamarkadatik hona ari gara.

2007-08ko finantza-krisia baino lehen, merkatu-adierazleak itxuraz ondo zihoazenean, krisiaz hitz egiten genuen bizitza zehatzetik begiratzen genionean, eta bereziki emakumeen bizitzatik. Zaintzen krisiaz hitz egiten genuen, aldaketa demografikoak ematen ari zirelako, aldaketak lan-merkatuan, hazkunde demografikoaren ereduan, genero-harremanetan, zaintzen berrantolaketa soziala behartzen zutenak. Esaten genuen agente batzuk ez zirela fitxa mugitzen ari, edo ez zirela behar adina mugitzen ari; besteak beste, erakunde publikoak. Mendekotasun Lege bat egon zen, Berdintasun Lege bat, Kontziliazio Lege bat, baina eskasa zen. Tiritak ziren. Sakoneko erantzukizunik ez zen bere gain hartzen. Enpresak ere ez ziren ardura hartzen ari. Alderantziz, zaintza-premia eta ardurarik gabeko gero eta langile gehiago eskuratzeko estutzen segitzen zuten.

Horrek guztiak esan nahi zuen etxeak zirela zaintzak bere gain hartzen jarraitzen zutenak. Eta ez ziren gizonak, beraiek ere ez baitzuten beren sakoneko logika ekonomikoa aldatu. Emakumeak ziren zaintzaz arduratzen zirenak, kontzilia ezina zena kontziliatzeko estrategiak garatuz eta egunerokoan geroz eta bizi-baldintza gogorragoak zituztenak, zaintzak beraien artean desberdintasun sozialaren baitan banatuz. Eta prozesu honetan emakume etorkinen etxeko enpleguak geroz eta pisu handiagoa hartu zuen. Zaintza-kate globalez hitz egiten genuen, krisi honen hedapen globalaz.

Eta gero iritsi zen finantzen lehertzea eta krisi politikak, austeritate biozida deitu ditugun politikak. Are presio handiagoa jarri zuten etxeetan, bizi-arrisku ugariren pribatizazioa ekarri zutelako, kapitalaren arriskuak sozializatzen ziren bitartean. Emakumeak ezinbestekoak ziren biziraupen-estrategiak hedatzen saiatu ziren, baina ez ziren nahikoak erreprodukzio sozialeko krisi deitzen hasi ginenari eusteko. Zaintzaren krisiak erreprodukzio sozialaren krisia ekarri zuen, eta bizitzaren prekarietatea gehiengo sozialaren bizi erdu berri gisa. Horretaz guztiaz hitz egiten genuen Covida iritsi zenean, eta are nabariagoa egin zuen bizitzaren krisi hori, zaintzen ikuspegi pribilegiatu horretatik aspaldi antzemandako krisi sakona.

Beraz, zaintzen ikuspegitik heldu behar diogu gaur egungo uneari, premiazko egiturazko berregokitzea eskatzen duena moentuari. Doikuntza, baina ez historikoki ezagutu dugun gakoetatik, egitura sozioekonomiko osoaren aldaketa baizik, bizitza kolektiboaren zerbitzura jartzeko.

Eta egiturazko berrantolaketa-plan hau toki askotatik pentsatu behar da, baina horien artean honako galdera honetan sakontzea dakar: zeintzuk dira sozialki beharrezkoak diren lanak? Hasi gara geure buruari galdetzen zeintzuk diren. Ospitaleetako lanaren garrantziaz jabetzen hasi gara, ez bakarrik medikuena, baita erizainena, sukaldariena, garbitzaileena, zahar egoitzetakoa… Horretan guztian sakondu behar dugu, izan ere, oraindik ikusten ez ditugun funtsezko lan asko baitaude.

Lotura gaizto bat ere ikusten hasi gara: zenbat eta funtsezkoagoak izan lanak eta zenbat eta balio sozial handiagoa izan, orduan eta balio txikiagoa dute merkatuan. Eta horregatik, zahar-egoitzetako emakume langileek hilean mila euro baino gutxiago kobratzen dute hamabi ordainsaritan, eta %40ko behin-behinekotasuna dute. Horregatik zeuden hainbeste langile greban zahar egoitzetan Covidaren krisi aurretik. Osasun-larrialdiagatik bertan behera utzi dituzte grebak, baina baldintza prekario hauen ondorioz kutsatze- eta heriotza-tasa izugarriak izan dituzte.

Beraz, galdera bat derrigorrezkoa da: zergatik balio sozial handiagoko lanari ematen zaio merkatu balio txikiagoa? Eta zergatik sektore horietan, zenbat eta balio sozial handiagoa feminizazio-indize handiagoa? Baita arrazalizazioa ere! Nola baloratzen dira eta nola banatzen dira funtsezko lanak? Eta nola egin nahi dugu etorkizunean?

Eta egiturazko berrantolatze programa honen baitan egin beharreko beste galdera nagusia da: zein logikak nahi dugu egitura sozioekonomiko osoa mugi araztea? Izan ere, ikusten ari gara irabazi asmoak mugitzeak zein arazo sortzen dituen eta zaintza negozio bihurtzeak eragiten duena. Zaintzek kostuaren gaixotasuna deitzen dugun hori jasaten dute. Errentagarri bihurtzeko kalitate oso desberdineko zaintzak ematen dira, zahar egoitzetan garbi ikusi den moduan, edo langileak zapaltzen dira. Eta horrek aurrez esandakoa ekartzen digu berriro mahai gainera.

Beraz, zaintzak ezin dira irabazi-asmoaren menpe egon, ezin dira mugitu arlo publiko pribatuaren logikaren pean. Zaintzak arlo publikoaren eta sozial-komunitarioaren logikaren arabera mugitu behar dira. Izan ere, ikusi dugu, egitura kolektibo nahikoren faltan, erantzun komunitario bat artikulatu dela. Eta publikoak ezin du ez komunitatearen erantzuna ito, ezta bere gainetik ardura kendu ere. Beharrezkoa da erakundeen eta komunitatearen arteko artikulazio desberdin bat pentsatzen hastea, ezberdina izango den eta etorkizunean funtziona dezakeen komuna dena logika bat. Arrazoi horiengatik guztiengatik, zaintza-behatoki bat, zaintza-politiken inkubagailu eta antzekoak izango dituen erakunde-sare bat pentsatu behar dugu. Hau da, zaintzak pentsatzeko modu hau egikaritu eta itsasargi-politika funtzioa egingo duten mekanismo instituzionalak.


Zaintzak palanka-politika gisa

Gainerako politika publikoa bultzatuko dituen politika bat. Izan ere, zaintzak gainerako guztiaren oinarria badira, oinarri horretatik bultzatu behar dugu gainerako guztiaren aldaketa. Zaintzak guztiaren oinarri ikusezina dira. Eta kontuz! Gaur egun, zaintzen bi zutabeak ordaindu gabeko lana eta etxeko enplegua dira.

Gogorarazi nahi dut denboraren erabilerari buruzko inkestak dauden leku guztietan hiru gauza egiaztatzen direla:

  • merkatutik kanpo lan gehiago dagoela merkatuaren barruan baino.

  • emakumeen lan karga globala gizonena baino handiagoa dela.

  • emakumeek egiten dituzten lan gehienak ez direla ordaintzen eta gizonezkoen lan denbora gehiena bai.

Gaur egun 600.000 etxeko langile baino gehiago daude Espainiako Estatuan. Eta lan ikusezinak direla esaten dugu, ez direlako ordaintzen edo gaizki ordaintzen direlako, eta ez dituztelako eskubide sozialak, edo bigarren mailakoak dituztelako. Hori erakusten du historikoki existitu den eta oraindik arrastoa uzten duen etxeko enpleguaren erregimen bereziak. Baita bizitza osoan lanean, baina ikusezin eta onarpenik gabe, aritzeagatik pentsiorik jasotzen ez duten emakumeen egoerak.

Beraz, zaintzak oinarri ikusezina dira, eta bidegabeki banatutako oinarria. Gaur egun, gehien zaintzen duenak, gutxien jasotzen du eta ahulezia sozioekonomikoko egoeran jartzen zaitu, eta, aitzitik, gehien zaintza gehien jasotzen dena da gutxien eskaintzen duena. Horregatik, fluxu asimetrikoen inguruan antolatzen diren zaintzak: emakumeetatik gizonetara, klase xumeetatik klase ertain eta altuetara, populazio immigratutik populazio autoktonora, hegoalde globaletik iparralde globalera …

Hori guztia aldatu behar dugu, eta, hemendik, gainerako politiketan aldaketara bultzatu. Eta, goiz osoan hemen egon ezin garenez, bi politikaren adibidea besterik ez dut jarriko:

  1. Politika ekonomikoen aldaketa bultzatu behar dugu. Izan ere, planteatzen dugun guztiak, zaintzak erantzukizun kolektibo gisa hartzeak, baliabideak eskatzen ditu, eta baliabide publikoak behar ditugu. Finantzaketa nahikoa behar dugu lehendik zegoen guztia martxan jartzeko, galdutakoa berreskuratzeko eta askoz gehiago zabaltzeko. Zeren bestela, finantzaketa publiko nahikorik ez badago, kostuak berriro ere oinarri ikusezin horren gainean kargatuko baitira, azken hamarkadan gertatu den bezala, gastu publikoan murriztu denean eta ordaindu gabeko lan-denbora handitu denean. Gauza bera gertatu da behar adina finantzatu gabeko mendekotasun-legearekin eta familia-ingurunean profesionalak ez zirenei zaintzagatik emandako prestazio ekonomikoa abian jarri zenean, laguntza elementu txiki bat beharko lukeena baliabiderik gabe eskubideak bermatu nahi izan zituen lege baten ardatz nagusi bihurtu zen.

    Hori gerta ez dadin, baliabide publikoak behar ditugu. Eta horretarako, besteak beste, zerga-erreforma progresibo bat ezinbestekoa da. Erreforma sakona, zuzenenko zergak zeharkakoen gainetik lehenetsiko dituena, kapital zergapetuko duena lan-errenten aurretik, errentaren gaineko zergetan progresibitatea bermatuko duena eta handituko duena, kapitalari zerge erregresibitatea ezabatuko duena, alderantziz, sozietateen gaineko zerga progresibo bihurtuko duena, ondarearen gaineko zerga berreskuratuko duena, fiskalitate ekologiko baterantz aurrera egingo duena. Hori guztia beharrezkoa da kostuak ikusezinak izan ez daitezen eta betikoek beren gain har ez ditzaten.

  2. Zaintzetatik, lan politikan aldaketa bultzatu behar da. Langileak merkatuko lanerako erabateko prestasuna izatea eragozten dioten zaintza-erantzukizunik ez duten subjektu edota bete gabeko zaintza-premiarik ez duten pertsona moduan pentsatzen ez duen lan legedia behar dugu. Izan ere, hori ez da existitzen, edo koltxoi ikusezin bat baldin badago bakarrik existitzen da, soilik. Kontziliazio-eskubideetan arreta handia jarri behar dugu, eta lanaldi-murrizketan enfasi handia . Murrizketa drastikoa behar du. Zortzi orduko lanaldi bat etxean lanak doan egiten dituen emakume bat duen gizon batentzat pentsatua baitago. Eta hori ez da existitzen dena, ezta nahi duguna ere. Zer moduz lanaldia murriztea pentsatzen hasten bagara? Eta ez lehenik merkatuko lana banatu eta gainerako lanetarako geratzen zaigun denbora nola antolatu pentsatuz. Lehenik merkatutik kanpoko lanak, ordaindu gabekoak banatuz, eta ondoren merkatura joateko zenbat denbora geratzen zaigun ikusiz baizik. Horrek, berehalakotik hasita, 20 edo 25 orduko enplegua izan behar dugula jomugan esan nahi du, noski, soldata murriztu gabe.

Politika mota horiek zaintzetatik bultza daitezke, guztia mugitzeko palanka gisa pentsatzen baditugu. Hau horrela izan daiteke, zaintzen estatu sistema bidez behar besteko erakunde-sarea sortzen badugu eta zaintzak gainerako politika publikoak bultzatu eta jarraipena egiteko tresna moduan pentsatzen hasten bagara.


Politika espezifikoak

Zaintza eskubidea eskubide unibertsal gisa egikaritzen duten politika zehatzetaz ari gara. Arreta bermatuko duten politika espezifikoez ari gara, bereziki zaurgarritasuna handiagoa den bizitzako etapa eta egoeretan, mendekotasuna, haurtzaroa, aniztasun funtzionala … eta, aldi berean, lan-eskubideak bermatuko dituena, ezin baitzaio alde bati eskubiderik eman beste baten lan-eskubideen kontura.

Eta politika espezifikoetan pentsatzen hasteko, autonomia pertsonala sustatzeko sistema indartzea eta publifikatzea pentsatu behar da. Hau da, etxez etxeko laguntza-zerbitzuarekin batera, eguneko zentroen sare bat, zahartze aktibo ikuspegitik pentsaturiko politika berritzaileak, hala nola, elkarbizitza etxebizitzak, haurren hezkuntza- eta zaintza-sistema integratua, zaintza prekarioak profesionalizatzeko zentro bat eta baldintzarik gabeko eta enplegu egiturarekin loturarik gabeko prestazio sistema. Hori guztia logika publiko, sozial eta komunitarioaren baitan eta zaintzak irabazi-asmoaren aurrean babestearen ideiaren pean. Adibidez, etxeko enpleguan, ezin dute funtzionatu enplegu-agentzia pribatuek, ezta plataforma digitalek ere. Etxeko enpleguan bitartekaritza-agentzia publiko bat behar da.

Hau guztia estatu zaintza-sistema hori osatzen joan daiteke. Epe ertainera honi buruz pentsatzera gonbidatzen zaituztet, erantzunkidetasun integralaren ideian oinarritutako zaintza eskubide unibertsal horren berme gisa.

Eta hori abia arazteko, berehalakoan, talka-plan bat behar dugu, helburu bikoitz bati erantzungo diona. Alde batetik, konpromiso instituzionala duenaren mezu sendoa, indartsua, bidaltzeko eta , aldi berean, gaur egun dauden egoera larrienetariko batzuei, gutxienez, konponbidea emango diena, bestetik. Eta talka-plan hori bere baitan, ezinbestean, jaso beharko lituzkeen 4 ideia proposatzen dizkizuet. Birpentsatu eta findu daitezken ideiak, noski.

  1. Zaintzei buruzko elkarrizketa-sare horizontal bat abiaraztea, zaintzak ondasun komun moduan ulertuta. Sare deszentralizatua, demokratizatua eta gaur egun ez dauden ahots guztiak bertaratuko dituena. Lehenago aditzera eman dizkizuedan ahotsak, alegia. Zaintzei buruzko elkarrizketa sozialeko sare bat eta erakundeen arteko mahai bat, zaintzen estatu sistema hori pentsatzen hasteko.

  2. Lan modurik okerrenetarikoa den etxeko enplegurako talka-plan bat. Eskubideak erabat parekatzeko bide azkarra irekiko duen talka-plana, langile guztien bizi-baldintzak babesten dituen bitartean. Eta plan horrek gutxienez honako hauek jaso beharko lituzke:

  • Berehala berrestea Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena, etxeko langileentzako lan egokiari buruzkoa, eta 201. gomendioa, talka-plan hau hitzarmen honetara egokitzeko behar diren arau-aldaketak eginez.

  • Enplegatzaileak kontratuari uko egiteko aukera berehala indargabetzea. Aukera honek, sektorean honetan kaleratze libre egiten baitu.

  • Langabezia-prestazioa berehala onartzea.

  • Administrazio-egoera irregularrean dauden etxeko langile guztiak berehala eta baldintzarik gabe erregularizatzeko plana.

  1. Arlo publikoan ordaindutako zaintza-lanari dagokionez, beharrezkoa da, berehala:

  • Mendekotasun arretan, langile kopurua handitzea enplegu publiko edo sozial-publiko komunitario gisa, eta lan-baldintzak hobetzea. Funtsezko lanak badira, merezi bezala ordainduko behar dira, eta sektoreko behin-behinekotasunari buelta eman behar zaio.

  • Haurrei arreta emateko, haurrentzako zerbitzuen sare bat behar da, gaur egun dagoen haurreskolen eta lehen hezkuntzako eskolen sarean oinarrituta.

  1. Etxeetan egiten diren eta inoiz ikusten ez ditugun ordaindu gabeko zaintza-lanei dagokienez, beharrezkoa da, gutxienez, adingabeak zaintzeko baldintzarik gabeko prestazio bat berehala onartzea, %100 arteko lanaldi-murrizketa egiteko aukera emango duena eta langabezian dauden pertsonak ere barneratzen dituen, nahiz eta ofizialki langabetu gisa onartuta ez egon. Familia-ingurunean, besteko zerbitzu publikorik ez dutelako, profesionalak izan gabe adinekoen zaintzaz arduratzen ari diren pertsonei prestazio ekonomikoa eman behar diegu, Gizarte Segurantzako kotizazioak bermatuz. Eta denboraren erabilerari buruzko inkesta bat edo antzeko beste ikerketa mota bat ere behar dugu, konfinamenduan zehar etxe barruan zer gertatu dena ezagutzeko. Zaintza lanak nola berrantolatu diren eta denboraren erabilerak nolakoak izan diren jakiteko, baita deseskalada prozesua nola berrantolatzen ari den.


Hauek izan daitezke talka-plan hau osa dezaketen elementuak, eta, aldi berean, epe ertainean estatu zaintza-sistema batera begira jarriko gaituzten elementuak. Eta ez neurri lagungarri soil moduan, bizitzaren zaintza kolektiboa erdigunean jartzeko aldaketa sistemiko horren ardatz egituratzaile gisa, baizik. Honek guztiak, etxeko langileek egin eta ondoren mugimendu feministak martxoaren 8an jaso duen erreklamazio horri bide emateko aukera emango liguke: "gu gabe mundua ez da mugitzen". Eta hau ikusi eta aitortu egin behar da. Oso ondo dago txaloak jotzea, baina ezin gara txaloetan geratu. Lan-baldintzak eta aldaketa sistemiko sakonak ekarri behar dira. Eta oso ondo dago hori guztia aitortzea, baina ez dugu bakarrik movilizatzen jarraitu nahi. Pertsona guztiek eta eragile guztiek partekatutako erantzukizuna izatea nahi dugu. Eta oso ondo dago hori aitortzea eta banatzea, baina, batez ere, ez dugu mundu hau mugitzen jarraitu nahi. Beste mundu bat mugitu nahi dugu, bizitza kolektiboa zaintzea gure egitura sozioekonomikoaren ardatz egituratzailea izango den mundua, alegia.


Mila esker.