Zer lan behar ditugu nahi dugun gizartea eraikitzeko?
Dokumentuak 27: Zer lan behar ditugu nahi dugun gizartea eraikitzeko? (liburuxka eskuratzeko hemen klikatu)
Testu hauek Akal argitaletxeak 2013an argitaratu zituen “Qué hacemos con el trabajo” izenburua duen liburuan.
Gure denbora amaikorra dela kontuan izanda; gure bizitza, bakarra; gure Lurra ere (orain artean dakigunez, behintzat) bat bakarra..., merezi al du alferrikako objektuak eta zerbitzuak ekoizten eta kontsumitzen gastatzea? Baditugu hainbat adibide xume (baita nekez sinesteko modukoak ere, batzuk) eguneroko bizimoduan, eta baditugu askoz larriagoak ere; adibidez, armagintza. Izan ere, armak egin eta saldu egiten dizkiegu beste herrialde batzuei, eta, gero, beste arma batzuen bidez “baketu” nahi izaten ditugu herrialde horiek. Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalaren zerrendak dioskunez, egiten ditugun lanek ez dute laguntzen gure gizarte hau denok bizitzeko moduko leku bihurtzen, ikuspegi integratzaile batetik begiratuz gero.
Egiten ditugun lanek ez dute laguntzen gure gizarte hau denok bizitzeko moduko leku bihurtzen, ikuspegi integratzaile batetik begiratuz gero
Ez dezagun ahantzi, lehenik eta behin, oinarrizko premia batzuk asetzeko lanak ere egiten ditugula —premia horietako batzuk (etxebizitza, adibidez) neurriz eta legez kanpo garestituak, gure soldata garbien % 50etik gora jaten baitu, batez beste, gaur egun— eta, gainera, premia horiek asetzea bermatuta egon behar lukeela, herritarra lan-merkatuan egon edo ez egon. Ez dezagun ahantzi, genion, “ondo bizitzeko” behar diren pausoak ematea erantzukizun etikoa duela gure gizarteak, eta horretara bideratu behar ditugula gure ahaleginak.
Deitura ugari jar dakioke bizimodu horri (ongizatea, bizitzea merezi duen bizitza, denon ongia...), eta hitzarmen sozial baten ondorio izan behar du, non alde guztiek zehazten eta adosten duten zer eredu nahi duten, justizia-, berdintasun- eta jasangarritasun-irizpideak aintzat harturik betiere, baina zentzu sakonean, gure inguruko diskurtso eta politika antzu horien adierazpenek ez bezala. Gogoeta horren arabera zehaztu behar litzateke zer lan diren egokiak eredu horretarako, eta zer lan lehenetsi, banatu eta egin behar diren. Segur aski, gaur egungo ekonomia ofizialak bazterrera utzita dauzkan zenbait jarduera hautatu beharko genituzke.
Gure esku, herritarren esku, egon behar dute erabaki horiek, ez beren irabaziei bakarrik begiratzen dieten gutxi batzuen esku
Bestalde, ohartuko ginateke lanbide batzuk (notariotza, adibidez), oso ondo ordainduak eta gizarteak oso ongi ikusiak, ez direla premiazkoak gizartearentzat, nahiz eta ordu asko eta esfortzu handia eskatzen duten (edo ez). Horretaz ari garenez, hor ditugu ministerio, udal, diputazio eta gainerako erakundeetako aholkulariak ere, agintariek nahierara hautatuak. Bestalde, zertarako sortu metroan txartelak saltzeko lanpostu bat, makina bat jarriz gero gastu-pila bat aurrezten da eta (kontratazioa, gizarte-segurantza, oporrak, bajak...)? Faktore asko izan behar dira kontuan lan bat beharrezkoa, lehentasunezkoa, alferrikakoa edo ordezkagarria den erabaki aurretik.
Hainbeste sendagai kontsumitzen ez duen biztanleria osasuntsu batek ez du BPGa igoarazten, ezta bakeak ere, horrek ez baitakar diru-trukerik. Hortaz, komeni ote da adierazle hori erabiltzen jarraitzea gure bizi-maila neurtzeko?
Bakarren batek esango du badugula sistema bat funtsezko gai horiei buruz erabakiak hartzeko —“ordezkatze-demokrazia”—, edo, honaino iritsi garenez, ezin direla joko-arauak aldatu. Alabaina, ez da jasangarria, ez da onargarria xantaia sozial hau, hots, gure denbora, gure bizitza ematea... bizirik irautearen truke, are gutxiago sinetsarazi nahi izatea zuzenbide-estatu batean gaudela. Munduarentzat, Lurrarentzat ere ez da jasangarria, eta hala dioskute ekologisten azterketek. Baina gure gizarteak badu egoera hori hankaz gora jartzeko ahalmena, bidezkoak ez diren arauak aldarazteko eta beste batzuk sortzeko. Ez gara betidanik bizi izan erregimen ekonomiko honen pean; hortaz, beste era batera bizitzen saia gaitezke. Gure esku, herritarren esku, egon behar dute erabaki horiek, ez beren irabaziei bakarrik begiratzen dieten gutxi batzuen esku.
Lehenago ere iradoki dugunez, hautsi egin behar ditugu ideologia nagusiaren zenbait kontzeptu (dogma ere esango genuke), egoera beste begi batzuekin ikusteko. Ez BPGak, ez arrisku-primak ez dute neurtzen gizakion ongizatea. Ekonomiaren hazkundeak gauza askotan oinarritu daiteke; adibidez, armagintzan eta gerran (aitortzen ez bada ere), langileak beren buruaz beste egitera eramaten dituzten lan-baldintza gero eta okerragoetan, norbaitek nahita erretako parke natural batean urbanizazioak eraikitzean, etxekoandreen antsiolitiko-kontsumo izugarrian... Hainbeste sendagai kontsumitzen ez duen biztanleria osasuntsu batek ez du BPGa igoarazten, ezta bakeak ere, horrek ez baitakar diru-trukerik. Hortaz, komeni ote da adierazle hori erabiltzen jarraitzea gure bizi-maila neurtzeko? BPGak gora edo behera egingo du, baina bitartean, herritarren bizi-kondizioek txarrera egiten dute. Horretaz ez dira ohartzen herri baten aberastasuna neurtzen dutenak. Ezarri diguten balio-eskalak urrundu egiten gaitu geure berezko izaeratik, eta sinetsarazi nahi digute lan gehiago egin behar dela —edozertan, edonola— hobeto egoteko, hobeak izateko eta, hartara, krisitik irteteko.