Zerga matraka

2013/10/25
Azterketak27.JPG
Aiala Elorrietaren artikulu hau Berria egunkariko Egitura gehigarrian azaldu zen 2013/10/20an. / Hamarkadaz hamarkada aplikatu diren neoliberalismo errezetek desberdintasun sozialen areagotzea ekarri digute, beste kalte askoren artean. Munduko herrialde guztietan, errenta osoen gainean lan errentei dagokien portzentajeak behera egin du nabarmen, kapital errenten mesederako.

Aiala ElorrietaAiala Arrieta, EHUko Ekonomia Aplikatua saila (Berria 2013/10/20)

70eko hamarkadan jo zuen gorena errenta osoen gainean lan errenten parte hartzeak mendebaldeko ekonomietan; AEBetan, Europako Batasunean, Alemanian, Frantzian eta Espainian, BPGaren %70 balioak gainditu zituen orduan. Ostera, 2012ko datuen arabera, %63,6ra jaitsia zen AEBetan, %66,5era EBn, eta %58,4 Espainiako Estatuan. Desjabetzaren bidezko metaketa esaten dio horri David Harveyk: Accumulation by dispossession.

Bada, Europa eta Euskadiren arteko jauzi nabarmena (%38,4 vs % 28,8) estali ahal izateko, urtero 5.300 milioi euro gehiago bildu beharko lukete gure ogasunek.

Desberdintasun sozialak murrizteaz ari garenean, akaso, gizarte gastua datorkigu burura lehendabizi. Baina ez genuke, inola ere, zerga politiken gaitasun birbanatzailea gutxietsi behar. Izan ere, errenta birbanaketaren alde egiteko politika ekonomiko indartsua da. Hego Euskal Herrian, jakina denez, Espainiako Estatuko sistema orokorretik bereizita, berezko lau zerga sistema ditugu indarrean: Nafarroan, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Lau herrialdeetan erreforma fiskalaren eztabaida mahai gainean dagoen auzia da. Tamalez, maila ekonomikoan eta sozialean izan dezakeen eraginaz gain, zerga politika giltzarria da alderdi politikoen artean eremu fiskaletik harago doazen aliantzak egiteko. Aurrekontu politikekin gertatzen den bezalaxe. Irudika dezakegu, beraz, zerga sistemaren eraldaketa proposamenek itxura bat edo beste hartzen dutela herrialdez herrialde, mapa politikoaren eta aliantzen arabera. PP-PNV-PSE hirukoaren ituna, progresibitatearen aldeko apustu gisa aurkezten den arren, ez dira gutxi aurkakoa dioten eragile sozial eta adituak.

Desberdintasun sozialak murrizteaz ari garenean, akaso, gizarte gastua datorkigu burura lehendabizi. Baina ez genuke, inola ere, zerga politiken gaitasun birbanatzailea gutxietsi behar.

Hasteko, erreforman aurreikusten duten urteroko zerga bilketaren igoera (500 milioi), hein handi batean (330 milioi), Espainiako Estatuak EAEri zorpetze maila handitzeko eman dion baimenari zor zaio. Hortaz, bilketaren hazkundea 170 milioi eurokoa litzateke. Ezer gutxi, Europako Batasuneko batez besteko presio fiskalera gerturatzeko. Zerga zamak herrialde jakin batean botere publikoek zergen bitartez biltzen duten BPGaren zatia irudikatzen du. Bada, Europa eta Euskadiren arteko jauzi nabarmena (%38,4 vs % 28,8) estali ahal izateko, urtero 5.300 milioi euro gehiago bildu beharko lukete gure ogasunek.

Azterketak 27Horretaz gain, zergen bilketa noren kontura egiten den kontuan hartu beharreko beste faktore bat da. Hitz gutxitan esateko, bai PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergak eta bai Sozietateen Gaineko Zergak kapital errentei ematen dieten abantaila tratua betikotu egingo luke hirukotearen itunak. Are gehiago, ez litzateke 2007ko erreforman progresibitate terminoetan eman zen atzerapausoa berreskuratuko ; ez zerga tasa marjinaletan, ezta hobari eta kenkariak aplikatu ostean sozietateek ordaindu ohi dituzten kuota efektiboetan ere. Berritasun gisa, %13ko gutxieneko tasa efektiboa barneratzen du erreformak Sozietateen Gaineko Zergan, eta lan errenten gainean aplikagarri den gutxieneko tasa, berriz, %23koa da.

Azken batean, aurrerapauso nabarmenik ez; zerga politika desberdintasun sozialak iraunarazteko tresna gisa erabiltzen jarraituko da, eta, gainera, ikusteko dago itunaren letra txikiek zer-nolako beste neurri ekonomikori irekiko dioten bidea.