Zorra ordaintzea: Okerreko lehentasuna
Lander Muñagorri Garmendia, Berria 2014/02/16
¿Por qué no debemos pagar la deuda? (Zergatik ez dugu zorra ordaindu behar?) liburua idatzi berri du, beste hainbat egilerekin batera, eta aste honetan Bilbon izan da Zorraren Auditoretza Herritarraren Plataformak gai horren inguruan antolatu dituen jardunaldietan. «Zorraren zati bat ez litzateke ordaindu ere egin beharko, bidegabea delako».
Zorraren zati baten izaera bidegabeaz mintzo da Fresnillo, besteak beste «giza eskubideak eta ekonomia soziala urratzen dituelako». Oparoaldi garaiari begiratzen dio, hartan erakunde publikoek egin zituzten «gehiegikeriez» gogoratzeko. «Orduko ondorioak nozitzen ari gara gaur egun». Zorra ordaintzea lehentasunezkoa da 2011. urtetik, Espainiako Gobernuak konstituzioan betebehar hori jarri zuenetik, hain zuzen. «Pentsio, hezkuntza eta osasunaren gainetik dago zorra ordaindu beharra», dio. Beraz, ordainketa hori legediaren barruan dagoen arren, haren ustez «ez da zilegi». Baina hitz horiekin batera zehazten du ez dela zor guztia bidegabea. Nola zehaztu, beraz, zer ordaindu behar den eta zer ez? Horretarako ez dauka erantzun zehatzik. «Gizarte bakoitzak zehaztu behar du zer den bidezko zorra». Alegia, gaia eztabaida publikora atera behar dela uste du, ondoren erabakitzeko. Plataformak ekonomiaren subiranotasunari buruz hitz egiten du; hau da, behetik goranzko prozesu bat izan beharko lukeela.
Zorra ordaintzea lehentasunezkoa da 2011. urtetik, Espainiako Gobernuak konstituzioan betebehar hori jarri zuenetik, hain zuzen. «Pentsio, hezkuntza eta osasunaren gainetik dago zorra ordaindu beharra»
Eta horretan dihardute. Fresnillok mahai gainean jarri du orain lantzen ari diren alorra. Lanketa zorraren ikuspegi makro batetik egin beharrean behetik hasita ari dira lanean. Udaletatik, hain zuzen ere. 2011. urtean sortu zen euren plataforma Herrialde Katalanetan, eta orduan hasi ziren zor publikoaren inguruko kontzientzia zabaltzen. Eta horretarako, herri administrazioak beharrezkotzat jotzen dituzte, eurek ere badituztelako bidezkoak ez diren eta ordaindu beharreko zorrak. «Espainiako Gobernua baliabideak aurreratzen ari zaizkie, baina plan horretan, bankuak ari dira kredituak ematen, erreskatatutako bankuak direnak». Eta arazoa hortik dator, Fresnillok azaldu duenez. Izan ere, finantza erakundeak «gehiegikeriak» egiten ari direla dio udalei ematen dizkien kredituetan %6ko interes tipoak eskaintzen, «bankuek dirua doan jasotzen dutenean». Horregatik, interes tipo horiek bidegabeak direla adierazi du, «ordaindu beharko ez liratekeenak».
Argumentu horiek eskuan Tarragona eta Badalonako udaletara jo zuten plataformako kideek, eta euren jarrerarekin bat egin dute bertan. «Adibide gisa jartzen ditut bi herri horiek, eredu moduan joka dezaketelako zorraren zati bidegabea ez ordaintzeko garaian». Eta ekinaldia zabaltzen ari da, gainera. Duela gutxi, Hego Euskal Herriko taldea sortu zen, Zorraren Auditoretza Herritarraren Plataforma. Eta eurak ere ildo horretan hasi da lehen urratsak egiten.
Kontuak kontu, Fresnillok argi utzi gura du euren helburu nagusia ez da zorra ez ordaintzea, «beste eredu ekonomiko bat eraikitzeko oinarriak jartzea baizik»
Testuinguru horretan jartzen du No Debemos, No Pagamos taldeak une honetan daukan lehentasuna ere: herritarren kontu ikuskaritzak egitea. Hau da, herri mailako aurrekontuak gizartearen eskura jartzeko eskaera egiten die udalei. «Ez ditugu aurrekontu orokorrak nahi, xeheak baizik. Jakin nahi baitugu zertara bideratzen den gure diru guztia». Eta ez hori bakarrik, ondoren berau nola aplikatu den ere jakin gura dute. Zertarako? Eztabaida zabaltzeko. «Pentsa daiteke, agian, horrek ez duela zerikusirik zor publikoarekin, baina guk behetik egin nahi dugu lan, masa kritiko bat sortuz udalen aurrekontuak nola kudeatzen diren jakinda. Horrek ondorio zuzena dauka zor publikoan, herri mailakoa baldin bada ere».
Lehen urratsak udal mailan egin ondoren, plataforma pauso handiagoak ematen ere hasi da. Besteak beste, Kataluniako Generalitateko zorra aztertzen hasi da, eta bidezkoa litzatekeen zorra zein izango zen zehazten ari da. Ildo berean, Zorraren Auditoretza Herritarraren Plataforma ere AHTak sortu duen zorra zertan den ikertzen ari da. «Egia da bidezkoa den edo ez erabakitzeko garaian gizartean iritzi kontrajarri ugari daudela, azpiegitura horrek ingurumenean egin dezakeen kaltearen inguruan», dio. Baina eztabaida hori beharrezkoa eta «osasuntsua» dela uste du.
Eredu ekonomiko berria
Kontuak kontu, Fresnillok argi utzi gura du euren helburu nagusia ez da zorra ez ordaintzea, «beste eredu ekonomiko bat eraikitzeko oinarriak jartzea baizik». Alegia, zorraren kontzeptua bide luze bateko mugarri bat da. Gainera, jakitun dira gaur egun tamaina horretako neurriak bultzatzeko ez direla gai, horretarako behar adinako indarrik ez daukatelako. «Oraingoz, informazioa helarazi nahi diogu gizarteari, ondoren eurek hautestontzien bidez erabakiak har ditzaten». Alegia, informazioa emateko garaian gardentasuna bultzatu nahi dute.
Eredu ekonomiko berriaren ildoan kokatzen du Fresnillok euren jarrera, jakitun zorra ez ordaintzeak zein ondorio eragin ditzakeen. «Finantza kolapso bat eragin dezake, eta kaos ekonomiko bat administrazio publikoarentzat. Baina presio horiei ausardiaz egin behar zaie aurre». Zorra ez ordaintzeko jarrerak, gainera, berarekin beste hainbat neurri ekarri beharko lituzkeela uste du. Besteak beste, bankuak nazionalizatu, kapitalaren kontrol zorrotza egin, ekoizpen eredu berri bat proposatu, eta zerga sistema progresiboago bat ezarri. Horrela eraiki nahi dute bide berria.