Bizitzaren merkadeoa, pixoihalen regateoa eta zaintzaren debaluazioa
Denok hemen ulertu dezkaezue zein luzea den 235 eguneko greba bat. Tamalez, gure sektorean ez da lehenengo greba, eta ez da azkena izango. Gure sektoreak azken bi hamarkadetan jasan duen eraldaketa nabariaren ondorio zuzen bat da etengabean greban egon behar izatea.
Gaur aldarrikatzen ari garenaren adibide argiena zaintza lanarekin gertatzen dena da. Lan merkatuan edo lan merkatutik kanpo, zaintza lana beti eta betidanik emakumeok hartu dugu gure gain. Beti dohainik, beti prekario, beti sistema hau sostengatu duen iluneko lana egiten.
Nola ez ditugu erresidentzietako langileok hamarkadak greban emango, euskal herrian sortu den zahar-egoitzen sistema perbertso eta ankerra ikusita?
Eta hau diogunean ez dugu hausnarketa sakonegirik egin behar. Sistema hain simple bezain krudela da. Guztion diru publikoarekin, enpresa pribatuak kontratazen dira, gure nagusien bizitza eta gure lan baldintzak kudeatzeko. Hau da, bizitzaren merkadeoa egiten da. Pixoihalen regateoa, zaintzaren debaluazioa. Egoiliarren bizi kalitatea, enpresaren irabazien araberakoa da. Langileok jasaten ditugun esplotazio baldintzak, enpresarioen dibidendu banaketen araberakoak.
Ba al dago bizitza zaintzea baina garrantzitsuagorik? Sistemak argi dauka, bai! Garrantzitsuagoa da Maite Peña eta Marke Olanoren soldata igotzea. Garrantzitsuagoa da ere, patronal matxista eta esplotatzaileen patrikak diruz betetzea.
Sistema, lehen esan degun bezala simple eta krudela da, eta gure ardura da dagokion hitzak jartzea: Gure agintari politikoak matxista eta esplotatzaileak dira. Gure enpresak eta haiek ordezkatzen dituzten patronalak matxista eta esplotatzaileak dira. Eta kitto!
Baina horren aurrean milaka emakume feminista gaude, sindikalismo feminista eraldatzailea egiten saiatzen. Bidea luzea eta zaila izango da, baina guk eta sindikatu honek duen antolakuntza eta indarrari esker argi dugu ez dizkiogula gure buruari mugak jarriko. Sistema hau eraldatzea lortuko dugu!
235 greba egun, 235 borroka egun daramatzagu jada. Urte eta erdi baina gehiago borrokan, hiru urte negoziazioa hasi genuenentik. Dana dugu kontran, Diputazioa eta bere agintari gezurtiak, Eusko Jaurlaitza eta ezartzen dizkiguten zerbitzu minimoak, beraien dekretuak betetzen ez dituenak, diru bila datozten enpresari putreak, salduta dauden sindikatuak eta sindikatu eskirolak…
Asko dugu kontran, baina gehiago dugu alde.
Alde dugu, egunero sistema krudel honek ezartzen dizkigun baldintzetan lan egiteak ematen digun indarra. Guk, erresidentzietako langileok, erlojuz kontra, pertsonak zaintzen ditugu, egunero, 24 orduz, urteko 365 egunetan. Gehinetan ez diegu merezi duten zaintza ematen, eta ez da guk, langileok nahi ez dugulako, baizik eta zaintza sistema honetan irabaziak pertsonen gainetik gailentzen direlako.Injustizia honek ematen digu indarra, gure lan balgintzak hobetuko dituen borroka luze honetan tinko jarraitzeko. Honek ematen digu indarra, gure adinduei eskeintzen diegun zaintza hobetuko duen borrokan tinko jarraitzeko.
Alde dugu baita ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak azaltzen duen jarrerak, etsipenera eraman beharrean, ematen digun aurrera egiteko gogoa. Ikusi besterik ez dago nazioarteko emakumearen egunaren harira eginiko adierazpenak. Perla askoren artean,"berebiziko garrantzia du emakumezkoen garapen pertsonala, soziala eta profesionala zigortzen duten lan ereduak eta genero estereotipoak baztertzea, erantzukizun partekatuko kontziliazioa bultzatzeko eta soldata arrakala murrizteko neurri berriak sustatuz" bota zuten. Argi eta garbi, martxoaren 8rako, zuriketa more borobila egin dute. Eta argi dugu, berdintasunaren arloan ematen diren aurrerapausoak, ez direla euren eskutik etorriko, beste askoren artean, geure borroken ondorio izango direla. Noski, alde dugu baita ere, borroka luze honetan baldintzarik gabeko babesa eman digun sindikatuko, ELA sindikatuko kide izatea. Sindikatuko honetako afiliatuen solidaritatea bait da greba luze hau burutzeko aukera ematen diguna.
Eta azkenik, alde dugu, gatazka honetan arrazoia dugunaren uste osoa izatea. Duintasunaren alde borrokatzen ari gara eta arrazoia dugu. Sistema honek, emakume izateagatik eta zaintza lan merkatua egiteagatik gauzka egoera zail honetan. Baina, gure aldarrikapen oro da justua, eta irabaziko dugu.