Burujabetuz
Kuriosoa da, edo agian ez, baina burujabetzaz asko hitz egiten ari da Europan, noiz eta krisi ekonomiko, politiko, demokratiko sakonean sartuta gaudenean. Krisi kulturalaz edo balioen krisiaz ere hitz egiten da, eta batzuk zaharkitutzat zituzten independentzia prozesuak berpiztu egin dira. Zerikusirik ote dute krisiak eragindako egonezak eta herrialde berriak eraikitzeko gurariak?
Hasteko, burujabetzaz hitz egitean gauza askotaz hitz egiten ari gara. Hitz egiten dugu estatus politikoaz, hitz egiten dugu elikaduraz, hitz egiten dugu energiaz, hitz egiten dugu ekonomiaz, zaintzaz, bizitzaz. Zer punturaino gara burujabe? Zer punturaino nahi dugu izan burujabe? Zer punturaino izan gaitezke burujabe? Zertaz erabaki nahi dugu? Zer eraiki nahi dugu? Hain justu erabakitzeko grina indartu da, finantza erakunde eta multinazional batzuen txotxongilo garela agerian gelditu denean. Adibide gehiegi utzi dizkigu azken urteotan ikusi eta ikasi dugunak. Badu zerikusirik krisiak erabaki nahi izatearekin, nola ez.
Eskoziara begiratzea besterik ez dago: alternatibarik ez dela zioen burnizko dama da, hain justu, independentziaren alternatiba hauspotu duena: berak eraiki paradisu finantziarioak ekarri du krisia; neoliberalismo ingelesak urrundu ditu eskoziarrak. “Arre edo so” hordagoak garaipen pirrikoa eman dio Cameroni. Zer gertatu da erraz irabaztea espero zuen partida amesgaizto bihur dakion?
Badirudi independentzia definitzen hasteak esnatu egin dituela eskoziarrak. Amesten jarri dira begiak zabalik, ilusio eta itxaropen uholdeak harrapatu ditu, abertzale izan zein ez. Hareago, ezezkoak irabazi du beldurrak adineko abertzaleengan zirrikitu bat topatu duelako: zer gertatuko da gure pentsioarekin? Prozesu nazionala eta soziala eskutik doaz.
Berdina diote katalanek ere. Egun bizi duten independentzia prozesua ganorazko trenbide sare bat eskatzeko manifestazio batekin hasi omen zen, eta agerian utzi digute zeintzuk izango diren prozesuaren alde borrokatuko dutenak eta zeintzuk arituko diren oztopoak jartzen. Azken finean hobetzeko asko daukana arriskatuko da, baina ongi bizi denak nekez aldatu nahiko ditu gauzak. “Utz dezagun dena dagoen moduan” dio eskuinak.
Jendea, ordea, ez da konforme. Gauzak aldatu nahi ditu, eta badaki Espainia ez dela Britainia Handia. Badaki jendeak ezin duela Madrilen zain egon, badaki ezinezko aldebikotasunak ez dakarrela ezer, eta eraikitzen hasi dira bere kabuz. Eraikitzen independentzia, eraikitzen ekonomia, eraikitzen harreman gizatiarragoak auzo mailan, herri mailan. Indibidualismoa ikuspegi kolektiboaz gaindituz, bizitza ekonomiaren erdigunean jarriz. Ekonomia sozial eraldatzaileak bere xumetasunean, nahi dugun gizarte hori eraikitzen eta dastatzen laguntzen digu. Aldaketa kaletik etorriko da, eta ezinezkoa da hori mugimendu sozial eta sindikal autonomorik gabe, katalanek erakusten digute hori.
Eta Euskal Herrian? Hemen ere gure bidea eraikitzen joan beharko dugu, baina oraindik Eskozia eta Kataluniara begira gara, ikasten. Eskoziatik ikas dezakegu gizarte ereduak prozesu independentistan duen garrantzia, eta Kataluniak erakusten digu, oraino konturatu ez denari behintzat, ez dagoela ezer itxaroterik Madriletik.
Baina independentea den Greziak ere badu irakasgairik guretzat: menpeko izatetik libre izatera jauzia ezinezkoa dela soilik instituzioetatik egitea.
Atzerrira begiratuz ikasten dugunaz, geure bidea marraztu eta ibili beharko dugu, mobilizazio soziala sustatuz eta alternatibak eraikiz, inoren zain egon gabe.