Aski al dira ideiak mundua aldatzeko? Guda kulturala zer ez den
Razmig Keucheyan, Bordeleko unibertsitateko Soziologia irakaslea (artikulu hau Le Monde diplomatique-n argitaratu da)
Beste askok bezala, Najat Vallaud-Belkacemek ere errepikatu du 2018ko urtarrilean argitaratu den artikulu batean: Alderdi Sozialistak “guda kulturala” galdu egin du (esaldi hau hiru bider agertzen da). Halere, François Hollandek 2012ko hauteskunde presidentzialak irabazi zituenean, PS frantsesak boterearen bitarteko guztiak bere esku zituen: Eliseoa, Matignon, Asanblea Nazionala, baina baita Senatua eta 22 eskualdeetako 21 ere. Bazirudien ez zegoela oztoporik Vallaud-Belkacemek -zeina legealdi guztian gobernuan izan zen-, antsiz gogoratzen duen ezkerreko politika ezartzeko. Baina, antza, kontrako haizea indartsuegia zen. “Guda kulturala”, ezkerreko gobernuen kemena moteltzen duen jeinu misteriotsu hori, galduta zegoen.
2017ko abenduan Onet garbitasun enpresako langileek Pariseko eskualdean garaipen handi bat lortu zuten. Agian ez dakite, baina Oneteko grebalariak dira Gramsciren benetako oinordekoak
Edozein joeratako ezkerrean egun indarrean dauden ideiak badirudi politikoki une egokian datozela, baina arriskutsuak ari dira gertatzen. Horietako bat, “%99”aren argudioa. Emmanuel Saez eta Thomas Piketty ekonomistek egindako estatistikak oinarritzat hartuta, Occupy Wall Street mugimenduak 2011n ideia bat bota zuen, ezen gizateria bi taldetan banatuta dagoela: batak, aberatsenen “%1ak”, hazkundearen etekin gehienak bereganatzen ditu; gainerako “%99”ak, aldiz, desberdintasun gero eta handiagoak pairatzen ditu. Argudioa egokia izan zen aldi batean, eta zenbait herrialdetan mobilizazioak piztu zituen. Baina arazoa laster agerian geratu zen: “%99”aren multzoko kideak oso desberdinak dira. Zaila da irudikatzea jende horrek interes berdinak dituela edota inoiz talde politiko koherentea izatera iritsiko dela.
“Guda kulturala”ren argudioak ere antzeko gabezia bat du. Ez da faltsua izatez, baina estrategia politiko problematiko batera darama. Sarri topatzen da ezkerrean, esaterako PSn edo France Insoumise mugimenduan, baina baita eskuinean ere, batik bat “Eskuin berria”ren oinordeko izan nahi duten joeretan. Hori Antonio Gramsciren presazko irakurketa baten emaitza da. Ideia sinplea da: politika azkenean kulturan datza. Politika bat martxan jartzeak lehenik eskatzen du oinarrian dituen hiztegia eta “mundu ikuskera” ahal den jende gehienari inposatzea. Gobernuek ez badute beren programa aplikatzen ez da ausardia eta anbiziorik ez dutelako, ezta ere hautatu dituztenen interesak defenditu nahi ez dituztelako: politikan dagoen “sakoneko giroak” galarazten du aplikatzea. Beraz, atmosfera aldarazi beharko litzateke politika hori atzera ere egingarri dela pentsatzeko modukoa izan dadin.
“Guda kulturala”ren argudioak ere antzeko gabezia bat du. Ez da faltsua izatez, baina estrategia politiko problematiko batera darama. Sarri topatzen da ezkerrean. Hori Antonio Gramsciren presazko irakurketa baten emaitza da
Facebook eta Twitterren garaiotan ulergarria da argudio hori erakargarria izatea. Berarekin bat eginez gero politika aise egin daiteke etxetik, ordenagailuaren pantaila aurrean jarrita. Webgune batean komentario bat jartzea edota txio sumindu bat bihurtzen dira ekintza politikorik behinena. Edo gero eta gutxiago saltzen duten egunkarietako zutabeetan eskariak edo mendekuzko iritziak argitaratzea, testu horiek “interneterako itzulera” emango dutelako esperantzaz.
Noski, “guda kulturala”k badu bere garrantzia. Esaterako, Txinan oso aintzat hartzen da bere soft powerraren auzia. Kontzeptu hau landu zuen Joseph Nye politologo estatubatuarrak, zeinak hainbat gobernu demokratari aholkua eman dion, Jimmy Carterren garaitik hona. Nyeren arabera, XX. mendean herrialde baten boterea neurtzeko ez zaio hainbeste erreparatu behar bere hard power edo botere militarrari, baizik areago esfera publiko globalean eragiteko duen ahalmenari, berari buruzko irudi positiboa helarazteko gauza izateari.
Ondorioz, Txinako gobernuak netizen (net eta citizen hitzen sintesia) izenekoen jarduera antolatzen du; herritar hauek Interneten beren herrialdearen interesen alde jokatzen dute. Xi Jinping presidenteak 2017ko urrian Txinako Alderdi Komunistaren XIX. Kongresuan iradoki zuen legez, kontua da “Txinari buruzko errelatoa ondo kontatzea eta haren soft powerra eraikitzea”, Interneten “energia positiboa” hedatuz. Ados, baina gauza da netizen txinatar armada horien atzean munduko potentzia nagusietako bat dagoela. Txinak nazioarteko harremanetan duen kokapena ez da lehenik bere soft powerraren nahiz edozein “guda kultural”en emaitza, baizik bere botere ekonomikoaren ondorio, zeina agintariek botere militar bilakatzen duten.
Frustrazioan eror gaitezke uste badugu sistema aldarazteko nahikoa dela “ideien guda” irabaztea
“Guda kultural” terminoak arrakasta izan badu hipotesi bategatik da; hipotesi honen arabera, azken hamarraldietan eskuinak bere ideiak inposatu ditu, eta horrek nahasketa bat ezarri du -neoliberalismo ekonomiko eta moral kontserbadorearen artekoa-, non orain murgilduta gauden.
Gramsciren benetako oinordekoak
Baina, hasteko, eskuinak ez zuen benetan “guda kulturala” irabazi beharrik, izan ere, bere sorreratik bertatik datozen kategoriak, hala produkzio-bitartekoen jabetza pribatua nola merkatu-ekonomia, ez baitira funtsean zalantzan jarri 70etako hamarraldi erditik hona. Areago, 68ko maiatzaren osteko aldia ezkerraren “urrezko aroa” izan zelako eta bere ideiak hegemoniko zirelako irudipena ere atzera begirako ilusio baten fruitu da: Garai haietan Frantzian eskuinak agindu zuen, etenik gabe. Agintariek egin zituzten kontzesioak, birbanatze politikak eta emakumeei aitortutako eskubide batzuk, ez ziren hainbeste “ideien guda”ren ondorio izan, baizik areago Ekialdeko blokeak eragiten zuen presioarena eta gizarte-mugimendu indartsuena.
Gramscik sekula ez zuen “guda kulturala” klase-borrokaren nukleo bihurtu nahi izan. “Fronte kultural” bat artikulatzea dagoeneko badiren fronte ekonomiko eta politikoarekin: horixe da bere ideia nagusia
Haratago joanez gero, ez dago argi arrazismoa, zeinaren agerpen gordinagoa batzutan egungo jendartearen “eskuinerako joera” baten sintoma gisa aurkezten den, larriagoa denik, itxuraz aldatu bada ere. 60. eta 70.etako hamarraldietako jendarte frantsesean arrazismoa ez zen gaurkoa baino arinagoa. 70eko urteetatik hona kapitalismoak eraldatze handiak izan ditu: finantziarizazioa, Ekialdeko blokearen hondoratzea eta eskualde hau munduko ekonomian integratzea, Txinaren kapitalismoranzko bira, desindustrializazioa, langile mugimenduaren krisia, Europaren eraikuntza neoliberala... Krisi eta sistemaren berregituratze testuinguru honetan eskuina prest zegoen aukera aprobetxatzeko. Baita hala egin ere, eztabaida publikoan eremu politiko eta ekonomikoari buruzko ideia koherenteak hedatu baitzituen. Baina hegemonia liberal berria soilik azaleratu ahal izan zen indar progresistak objektiboki ahuldu zituzten aldaketa estrukturalen ondoren. Frustrazioan eror gaitezke uste badugu sistema aldarazteko nahikoa dela “ideien guda” irabaztea.
Gramsciren ustez sindikalista sarri “fronte kulturala”ren lehen lerroan egon ohi da. Antolatzen dituen borrokak medio, indar-erlazioen bilakaera eragiten du, beste mundu bat posible dela ikusaraziz
Eremu sozialaren ikuskera berbera datza “%99”aren argudioaren eta “guda kulturala”ren atzean: Jendartea entitate diferentziatu gisa ulertzen da, espazio fluido baten moduan, zeinarengan eragin daitekeen diskurtsoak zirkulazioan jarriz. Ikuskera honen adibide behinenak dira Ernesto Laclauren eta Chantal Moufferen teoriak, Podemos eta France Insoumise inspiratu zituztenak. Jean-Luc Mélénchonek gidatzen duen mugimenduaren inguruko jendeak urte hasieran Le Média izeneko telebista kate bat sortu zuen, eta formazio eskola bat bultzatu. Sustatzaileek diotenez mekanismo horiekin “guda kulturala” gidatu nahi dute, giroa beste politika batzutarako prestatu. Horrela France Insoumiseren erreferentzia, eguneratua, instituzio sozialdemokrata eta komunistak dira: langile-prentsa eta koadro gidarien eskola. Hauek ematen zuten mundu-ikuskera koherente bat hedatzeko aukera militanteen artean eta oinarri sozialean.
Halere, funtsezko pieza bat falta da: Zein klase sozial edo klase-koalizio izango da aldaketaren motorra? Nortzuri zuzentzen zaizkio batik bat Le Média eta formazio eskola? Komunisten oinarria langile-klasea eta klase aliatuak ziren, batez ere nekazariak eta klase ertainetako sektore azpiratuak. “Bloke sozial” horri zuzentzen zitzaion langile-prentsa eta koadro gidarien eskola. Baina zein da France Insoumiseren jomuga? “Mundu-ikuskera” batek indar politikoa izango badu klase-koalizio bat eskatzen du, beste klase batzuri aurre egingo diona. Ikusteke dago zeintzu diren etorkizun den “bloke sozial” horren ezaugarriak.
Bere interprete batzuk kontrakoa esanagatik ere, Gramscik sekula ez zuen “guda kulturala” klase-borrokaren nukleo bihurtu nahi izan. Bere garaiko marxismoaren bilakaeraz esaten zuen “bere garapenaren faserik berriena hain zuzen hegemoniaren momentua aldarrikatzean datza, estatu-ikuskeraren funtsezko elementu gisa, eta egitate kulturalaren, jarduera kulturalaren 'balorizazioa', fronte kultural baten beharra fronte ekonomiko eta politiko hutsekin batera”. “Fronte kultural” bat artikulatzea dagoeneko badiren fronte ekonomiko eta politikoarekin: horixe da bere ideia nagusia. Honek ez du inola ere esan nahi “fronte kulturala” besteen gainetik dagoenik. Ezta ere fronte hori ideien eremuan diharduten militanteentzako esparru itxi bihurtuko denik. Gramsciren ustez sindikalista sarri “fronte kulturala”ren lehen lerroan egon ohi da. Antolatzen dituen borrokak medio, indar-erlazioen bilakaera eragiten du, beste mundu bat posible dela ikusaraziz. Gramscik “kultura” deitzen dion hori ez da guk hitz horrekin aipatu ohi duguna. “Hegemonia kulturala”ren kontzeptuak ez du esan nahi intelektual edo buru kontestatarioek hedabide nagusietan etengabe jardutea, baizik alderdi batek duen gaitasuna bloke sozial zabalago bat taxutu eta gidatzeko, klase-kontzientzia piztuz. Badira horren adibideak, hala bere garaian, nola oraingoan.
2017ko abenduan Onet garbitasun enpresako langileek Pariseko eskualdean garaipen handi bat lortu zuten. Société Nationale des Chemins de Fer (SNCF) enpresaren azpikontrata honek geltokiak garbitzen ditu, eta langileek eskatzen zuten SNCFko mantentze lanetako hitzarmenaren eremuan sar zitzatela, joan-etorri luzeak egitera behartzen zituen mugikortasun klausula kentzea, otordu-bonua hobetzea eta “paperik gabeko” lankideen erregularizazioa. Berrogeita bost eguneko grebaren ondoren, eskatzen zutenaren zati handi bat lortu zuten. Halako borroka batek berez are inprobableagoa zirudien duela gutxi iritsitako migranteek gidatu zutelako, non eta azpikontrata batean, eta lana bertan behera uzteak eragin handirik ez duelako bizitza sozialean. Petrolio findegi bat blokeatzeak herrialdea geldiarazten du. Baina Seine-Saint-Deniseko geltoki periferiko bat ez garbitzeak...?
Haatik, eutsiz, grebalariek eta beren ordezkari sindikalek garaipena lortu zuten. 70.etako hamarralditik hona kapitalismoak izandako eraldaketa estrukturalek langile-klasea aldatu egin dute. Egia da hau ez dela desagertu; anitzagoa bihurtu da, ikuspuntu sozial, etniko eta espazialetik begiratuta. “Ideien guda” egitea klase herritar berri hauek politizatzea da, Oneteko langileen moduko borroken bidez. Hauen garaipenak erakusten du inprobablea dena posible izan daitekeela. Horixe da “fronte kulturala”, fronte ekonomiko eta sozialarekin artikulatua. Agian ez dakite, baina Oneteko grebalariak dira Gramsciren benetako oinordekoak.