Lan zentroetan euskararen ezagutza eta erabilpena areagotzeko proposamenak

2014/06/16
euskara.png
Langileen artean euskararekiko atxikimendua lantzeko ezinbestekoa da beraz langile bezala ere hizkuntza eskubideen jabe direla konturatzea. Jabekuntza honen ondorioz lortuko dugu gure ekintza sindikalean euskararen aldeko konpromisoa txertatu eta normalizazio neurri eta planen aldeko lana sartzea. ELAko militanteok ekarpen garrantzitsua egin dezakegu bide honetan eta gida honek horretarako lan tresna izan nahi du.

Dokumentu osoa irakurtzeko klikatu hemen

Euskararen egoera lan munduan eta arlo sozioekonomikoan kezkagarria izanik, ELAn argi daukagu lan alorraren euskalduntzerik gabe ez dagoela euskararen normalizaziorik ez eta benetako ofizialtasunik.

Lan munduan gaur egun geroz eta langile gehiago dira euskaldunak, baina lan harremanak euskalduntzeko hori ez da nahikoa. Normalizazioaz ari garenean euskararen erabilera bermatzeko baldintza egokiak sortzeaz ari gara eta euskara era horretara aurreikusten duten lan zentroak oso urriak dira, bai sektore pribatuan zein publikoan.

Bestelako politikak eskatzen ditugun garai hauetan aldarrikapen politikoa ezinbestekoa da hizkuntza politikan ere. Euskara babesteko eta hedatzeko estrategia baten beharra aldarrikatzen dugu, jendartean eta lan munduan dituen gabezia estrukturalak gainditze aldera. Hizkuntza politika berri bat behar dugu. Agenda politikoetan euskarari dagokion lehentasunezko tokia emateko garaia da, horretarako arlo honetan ematen ari diren murrizketak bertan behera utziz eta behar diren baliabideak bideratuz. Esparru sozio-ekonomikoan eta lan munduan euskarak aurrera egiteko neurri berriak, ezberdinak eta ausartak hartzea ezin bestekoa da.

Baina, geure esku dagoenari helduz, ezin aipatu gabe utzi sindikatuon erantzukizuna gai honetan. Sindikatuok asko daukagu egiteko eta esateko lan munduaren euskalduntzean, ELAk behintzat bai: gure afiliatu eta ordezkariengandik hasita, euskararen hedapenaren aldeko sentsibilizazio eta motibazio lana egin; negoziazio kolektiboan euskararen normalizazioa bultzatzeko neurriak aldarrikatu; arlo publikoan zerbitzu publikoak euskaraz bermatzeko baldintzak eta horretarako beharrezkoakdiren planak aldarrikatu...

Lan harremanetan garai gogorrak bizi ditugu. Eskubide sozial eta laboraletan atzera goaz. Krisiaren aitzakiarekin aberastasunaren banaketa bidegabeagoan oinarritutako eredua inposatu nahi digute. Euskararen normalizazioan ere atzera egiteko arriskuan gaude jendartean eta lantokietan. Testuinguru honetan gogoratu behar dugu lan munduan euskararen normalizazioaz ari garenean, hizkuntza eskubideen errespetuaz ari garela, esparru sozio-ekonomikoan ere badirela egikaritu daitezkeen funtsezko hizkuntza eskubideak.