Larritasunaren neurria

2013/04/22
greba irudia.jpg
Berria, larunbata, apirilaren 20an. Herenegun Juan Maria Aburtok esana: «Greba orokorrerako deialdia ez da inorentzat ona, ezta deitzen dutenentzat ere». Esaldiak itxura batean eman dezakeen baino mami gehiago dauka.

Berria, larunbata, apirilaren 20a

Xabier Martin

Greba orokorra ez da ona, bistan da, langileen eta oro har gizartearen egoera gero eta degradatuagoa islatzen duelako. Ez da ona, sindikatuek —CCOOk eta UGTk ez beste guztiek— xake arriskutsua ematea erabaki dutelako, bost urteotako zortzigarren greba orokorra izango dena antolatzeak ekar diezaiekeen desgastea jakinda ere; horrek eman dezake egoeraren larritasunaren neurria, eta hori ez da «ona».

Greba orokorrera deitzea ez da ona patronalarentzat ere, Confebask negoziazio kolektiboan erakusten ari den jarrera itxia argiago ikusiko duelako gizarteak mobilizazio orokor baten argazki finkoan; «indarrean dagoen legedia» lehenetsita, uztailaren 7an jarri dute mira Miguel Anjel Lujua lehendakari duen erakundeak eta haren eratorriek; ez San Fermin egunean, PPren lan erreformak finkatzen duen hitzarmenen ultraaktibitatearen amaieran baizik.

Patronala tentazioan ez erortzea nahiko lukete langileek, urte askoan egindako «borrokaren fruituak» —ultraaktibitatea eta adostutakoa betetzeari uzteko enpresen ezintasuna, adibidez— ez galtzeko. Horregatik proposatzen dute sindikatuek erreformaren aurkako «blindajea». Baina Madrilek zerbitzatutako sagarrari kosk egiteko borondate irmoa azaldu du sarri patronalak.

Eta hori ere ez da ona lan harremanentzat, «lan gatazkak eta kaosa» bihurtzen dituelako sindikatuek ohartarazi dutenez. Hortxe greba orokorra esandakoa frogatzeko.

Halaber, esaldiak bota duenarentzat ez da ona greba deialdi hau. Aburto beraren eta haren gainetik Iñigo Urkullu lehendakariaren ezintasunak islatuko dituelako, iritsi berriei «bide okerrean» abiatu direla gogorarazteko. Patxi Lopezek Ajuria Enea oraindik ongi ezagutzen ez zuela probatutako botika hartuko du M30ean Urkulluk.

ELAk eta LABek erronka handia jarri diote beren buruei, edonola ere. Eztabaida erreibindikazioen esparrura ekartzea lortu behar dute M30eko atariko jokalekuan, askok grebaren desegokitasunaren estigmarekin zigortuko baitituzte. Aldi berean M30 egiteko arrazoiak inoiz baino hobeto azaldu beharko dituzte.