Zein aldetan zaudete?

2014/02/04
STOP-Deshaucios.jpg
Askotan eragiten diet buruan galdera berdinei. Non gastatu behar genituzke indar haundienak eragile sozialek eta sozialki inplikatuta gauden norbanakoek? Erasoei erantzuten? Alternatibak eraiki eta proposatzen? Zein zaila egiten zaidan bi kontzeptu hoien arteko oreka bat aurkitzea.

Txapis OtegiTxapis Otegi, Murgilkidea (xomorrito.com)

Baina ez dakit errua nerea ez den. Izan ere askotan erasoen aurkako jarrera defentsiboa eta jarrera eraikitzailea kontrajarriak baleude bezala mugitzen naiz. Batak besteari denbora kenduko balio bezela. Eta agian batzuetan horrela izango da, baina orokorkeriatan erortzean, hainbat eta hainbat ekintza defentsibok eskeintzen duten alternatiba ezkutuan baztertuta uzten dituela geroz eta argiago daukat. Nik ere izango dut ardura zati bat hortan, baina ez ote da “goitik” behera saldu nahi diguten diskurtso loarazlearen beste atal bat?

“Zuek (sindikatu/elkarte/GKE…) ez duzue ezer berria proposatzen. Guk proposatutakoari ezezkoa ematen diozue behin eta berriz, baina alternatibarik eskeini gabe…”

“Kapitalismoaren aurkako diskurtsoa botatzea oso erraza da egunotan, baina alternatibak proposatzea ez da hain erraza eta inor ez dabil hortan”

Zenbat alditan entzun edo irakurri ote dut azken asteotan horren tankerako esaldirik! “Kapitalismoaren aurkako diskurtsoa botatzea oso erraza da egunotan, baina alternatibak proposatzea ez da hain erraza eta inor ez dabil hortan” Ez da literala baina ia. Jon Sarasuak Euskadi Irratian bota zuen esaldia. Ondoren Aretxabaletako Caritas-ekoek ordea baietz, haiek alternatibak proposatzen dituztela esateko. Horrelako mezuak geroz eta zabalduago daude hedabideetan, eta ni ere sinesten hasia negoela iruditzen zait.

Joan den astean Ordizian Kutxabankek egin nahi duen etxegabetze baten aurkako elkarretaratze batean parte hartu nuen. “Aurkako” erabili dut, horrela atera zait. Ez zait “Etxebizitza eskubidearen aldeko” atera. Elkarretaratzean nengoela ere gai honi biraka nenbilen. Erantzun-proposatu kontzeptuen arteko borrokan pakea jarri nahian.

Eta pankartan idatzia zegoena ikusi nuen: “Ez zaude bakarrik” Eta gero inguruko jendeari begiratu nion: kolore eta ideologia ia guztietako herritarrak

Eta pankartan idatzia zegoena ikusi nuen: “Ez zaude bakarrik” Eta gero inguruko jendeari begiratu nion: kolore eta ideologia ia guztietako herritarrak. Sindikatuetakoak, langileak, zaharrak, gazteak, etorkinak, bertakoak, elkarteetakoak, norbanakoak…

Eta bildutakoen artera begiratuz baita nere aita ere. Uste dut lehenbiziko aldia zela aita eta biok pankarta beraren atzean geundena.

Marielaren etxegabetzearen aurkako garraisiak izan ziren, nola ez. Kutxabank-en aurkakoak. Hori izan zen elkarretaratzeak eraikitzailetik ezer eduki ez zuen momentu bakarra. Lapurrak direla esan genien, bankeroen etxegabetzea soilik onartzen dugula eta ez herritarrona eta tankerako esaldiak.

Badirudi, edo hori sinistarazi nahi digute, herria taberna eta rugby zelaiko harmailetan eraikitzen dela; herri bazkari edo ospakizunetan ere bai. Baina pankarta atzean ez. Ezta greba orokorretan ere.

Baina bistan zen horren aurka alternatiba proposatzen ari ginela aldi berean. Komunitatea eraikitzen ari ginen, herria eraikitzen pankartaren atzean. Mariela eta honen egoera berdinean daudenei proposamen bat egiten. Bakarrik ez daudela esaten, gure babesa eskeintzen. Badirudi, edo hori sinistarazi nahi digute, herria taberna eta rugby zelaiko harmailetan eraikitzen dela; herri bazkari edo ospakizunetan ere bai. Baina pankarta atzean ez. Ezta greba orokorretan ere.

Ba alde nere burutik sinplekeria hoiek. Pankarta atzekoon proposamena eta herrigintzako jarrera argia zen ulertu nahi zuenarentzat. Alternatiba eraiki eta jostera herritarrak nola erakarri izango da gakoa agian. Bitartean gatazka sozialaren zer aldetan kokatu nahi dugunaren hautua egitea funtsezkoa iruditzen zait. Bai jarrera defentsiborako, baita alternatibak proposatu eta eraikitzeko ere.